A Pazkoa 6: Espirituaren ordua

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 14, 15-21)
Azken Afariko Jesusen hitzek badute halako zera bat, mistika liluragarri bat edo. Askotan «zerutar mistika» gertatzen zaizkigu, horixe txarra, haizearen kantu, desioen dantza. Baina, ondo begiratuta, badute hitz horiek halako indar sakona, geure bizitzari barruko gihar guztiak tirabiran jartzen dizkiona. Espirituaz hitz egitea, geure barruan daramagun bokazioaz hitz egitea ote den! Materialismoz zauritu dugun geure ingurua, geure bizia eta ingurukoena alegia, Espirituzko izan­bidera ote dagoen deitua!
Begiratu beharko genuke geure barruan zer bizi dugun eta zer bizi nahi genukeen! Gure gizartera ere begiratu beharko genuke, espiritua kentzen diogunean zenbateraino zauritzen dugun ikusteko.  Geure harremanetara begiratzea ez letorkiguke batere gaizki, harremanak barrutik ez biziaraztean galdu egiten baitira. Erakundeak baztertzea, Eliza zapuztea, doktrinak mespretxatzea, portaera moral batzuk gutxiestea… hori gauza bat da; eta bestea, bizitzari «espiritua» kentzea. Batak eta besteak badute zer ikusia; baina ezin daitezke erabat parekatu.
Jesusek «bere Espiritua» agintzen die ikasleei eta, beraz, guri guztioi. Ikasleek Jesus «gorputzez» galduko dute, baina «Espirituz» beraiekin geldituko da. Jesusek bere bizi-arnasa utziko die, haiek ere Espiritu beretik arnasa har dezaten. Eta barrutik bizitzeak bizitza osoa aberasten du. Gizakia pobretu eta aberastu barrutik egiten baita. Barrutik pobrea denak, nahiz eta patrika beroa eduki, bizitza oso pobrea biziko du. Espirituak aberasten digu bizitza.
Zergatik aberastu? «Ni Aitarekin nago, zuek nirekin eta ni zuekin». Aberastu, beraz, Jainkoarekiko, Jesusekiko, harreman berria sortzen delako. Gure bakardadeak Jainkoa hartzen duelako bizilagun.
Gure bakardadea ez da bakarkeria, barrua aberasten digun presentzia baizik. Maite dugunarekin «egoteko» bakardadea da «espirituz» bizi denarena. Ondo dakigu gure bizi ezinak barrutik sortzen zaizkigula, afektibitatearen zauriek eraginda. Eta afektibitatea sendatu, maitearen «presentziak» bakarrik senda dezake. Eta presentzia hori sumatzeko, bizitzeko, gozatzeko eta sufritzeko, «Espiritua» ezinbestekoa dugu. Espirituak biziarazten digu Jesusen presentzia.
Nola zaindu, nola mantendu, nola mimatu «Espiritua» gure bizitza estresatu eta estuan? Hori da galdera. «Espirituari» bere denbora eskaini behar zaio. Afektibitateak «bere» denbora behar baitu. Espirituaz ohartu egin behar dugu. Espirituari antzematen ikasi egin behar da. Espirituari entzun eta aditzeko sen berezia behar da, sen hezia, sen hazia. Bestela, ez diogu Espirituaren lanari tankerarik hartuko. Ustegabean galduko zaigu, ezer ez duela egiten pentsatuz.
Barruko belarria fintzeko denbora behar da. Barruko sentimenduaren taupada sentitzeko sena piztu behar da. Espirituaren hizkera ikasteko Jesusen Berri Onaren sentidua behar da. Gainontzean, erakunde handiak eraikiko ditugu, doktrina zuzenak sortu eta mantenduko ditugu, portaera moralaz arduratuko gara, otoitzari emango diogu balioa…, baina «Espirituaren» sentidua ez edukitzekotan, beste horrek guztiak ez gaitu kristau egingo, ez eta gizaki oso garatu ere barrutik.
Materialismoak zauritzen duen gure gizartean «Espirituaren» orduak jo du. Espirituaren  beharra daukagu. Gure tristura, etsipen, lotura, ilunpe eta gainerako ezintasunek garbi erakutsi digute gure ustekeria askoren hutsa. Barruak «espiritua» eskatzen digu, barrua zaintzea, barrutik bizitzea, espiritualtasuna zaintzea. Irakurle horrek galdetuko zenuen, beharbada, zergatik idazten dudan batzuetan espiritua hizki txikiaz eta beste batzuetan hizki larriaz. Neuk ere ez dakit. Seguru asko giza espirituaren barruan Jesusen Espirituaren lana sumatu nahi dudalako izango da. Izan ere, denontzat da Espirituaren ordua!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.