18. igandea: San Ignazio eta diszernimentua

San Ignazio-1(San Ignazio eguneko ebanjelioa: Lk 9,18-26)

Igande honetan Loiolako Ignazio santuaren eguna ospatzen dugu gure artean. Ignazio santu adierazgarria eta argi handikoa dugu. Bere bizitzaz eta bihotz-berritzeaz egin zuen bide pertsonalaz aparte, Gogo-jardunen altxor handia utzi zigun eta, gizaldiak igaro arren, oraindik ere bere funtsean baliagarri eta baliozko izaten jarraitzen dute. Egia da, berrirakurketa bat egin behar zaiela garaien arabera, baina handia da haien balioa. Argitasun berezia erakutsi zuen Ignaziok gizakion barne-bideak ulertu eta gidatzen.
Gaurko egunerako mezu asko eta onak ditu Gogo-jardunen eskaintzak; baina bat aipatu nahi nuke, bizi ditugun egun nahasi hauetan irizpide izan dezakeguna. Diszernimentuaren irizpidea da. Euskeraz bereizkuntza deitu beharko genuke beharbada. Gaurko ebanjelioak egiten duen galderak bide horretan jartzen gaitu: Zertarako du gizakiak  mundu osoa irabaztea, bizitzen ez badaki? Kontua azkenean, kontu inportantea, bizitzea da, bizitzen jakitea. Biziaren galdera beti begi-ninian eramatea izango litzateke bereizkuntzaren printzipioa.
Askotan, gehiegitan, bizitza gainera erortzen zaigu, harri bat gainera eroriko balitzaigu bezala. Eta bizitzako gertakizunek harutz-honuntz dantzan erabiltzen gaituzte. Zerbait pozgarria suertatu zaizu eta ondo zaude; zerbait iluna gertatu zaizu eta gaizki zaude. Ez dakizu ez poza ez ilunaldia zeure barnean argitzen. Eta bizitzak, bere indarrez, harat-honat garamatza, sentidu handirik gabe, egia esateko. Hego haizearen panpinak!
Bereizkuntza egiteak erne bizitzea eskatzen du. Erne, zerk nora zaramatzan ikusteko. Erne, gertatu zaizunak zer esaten dizun ulertzeko. Erne, zeure bizipenen zauriak sendatzeko. Erne, zeure bizi-eskarmentuen pisuz etsipenean ez erori eta itxaropenari eusteko. Erne, une bateko haizealdiak zeure onetik ez ateratzeko. Erne, hitz batean, bizitzeko eta bizitzen laguntzeko.
Bereizkuntza egiteko eta erne bizitzeko, beti bila bizitzea eskatzen zaigu. Beti galderatik zintzilik. Ez edozein galdera; zure bihotzeko Jaunaren nahiaren galdera. Zer nahi du zure Jaunak? «Ni nor naizela diozue?». Nor da Jesus niretzat, zuretzat? Eta zinez Mesias baldin bada, zer nahi du nik egitea? Zertan eta nola zerbitza dezaket haren nahia? Jesusen Erreinua bilatzeak nolako indarrez eramaten nau pobreenen zokora? Gure bilaketak eta gure galderak pobreen aurpegiak marrazten dizkigu begian.
Hori horrela da, Jesusen bidea delako segitzailearen irizpide. Ez daukagu beste eredurik, Jesus baino. «Nirekin etorri nahi duenak…». Ez dugu bidea gutxi gorabeheran aukeratzen, une bakoitzeko gogora. Jesus da gure bidea, haren jarrera gurea.
Eta bereizkuntzak, diszernimentuak, ardura libreko bihotza eskatzen du. Barne-indiferentzia esango lioke Ignaziok. Ardura librea deitzen diot, Jainkoak nahi duenerako bihotz librea behar baita. Ez da gauza guztien aurrean axola gabe prantatzea, baizik Jainkoak eskatzen dizuna zer den jakiteko bihotz librea izatea. Eta bihotz libreak ikasten du Jainkoaren nahiari antzematen, «ikusten» du hark zer eskatzen dion. Eta, horren arabera, bi aukera onen artean, Jainkoak nahi duena bihurtzen zaio ardura.
Gogoeta honetan azaldu ditugu bereizkuntzak behar dituen baldintza batzuk. Baina sakonean inportantea printzipio hau abian jarri eta horretan ariketak egitea da. Pertsona mailan eta eliz elkartean ere bai. Zer eskatzen dit Jainkoak? Eta zer nahi du Jainkoak eliz elkarteaz? Ez da gotzain baten edo apaiz baten uneko erabakiak kontuan izatea. Jainkoaren nahia jokatzen ari garela ohartu behar dugu eta hori bilatu barru osoaren ahaleginez. Askotan gizartetik edo azaleko eskakizunetatik definitzen ditugu Elizaren beharrak eta eginbeharrak. Baina guretzat ezinbestekoa da Jainkoak zer nahi duen hura egitea.
Loiolako Ignazio handiak bereizkuntzaren lege hau zehaztu zuenean, bazekien zertan ari zen. Bazekien gizakiok beti gaudela erabaki beharren aurrean, beti gaudela bidea aukeratu beharrean, beti gaudela leialtasuna arriskatzen. Esan izan da, gauza onak egitea dela fededunaren helburua. Bistan da ezetz! Jainkoak nahi duena egitea da fededunaren helburua. Horretarako diszernimentua.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.