20. igandea: Kate librea

Gurutzea izotzetan(Igandeko ebanjelioa: Lk 12, 49-53)

Norbaitek esan zuen, Ebanjelioko Jaunak «bakea ematen duela, baina ez duela bakean uzten». Esaldi honek ongi ulertaraz diezaguke beharbada, gaurko ebanjelio-atalak adierazten digun errealitatea.
Bizitzak berak bezalaxe, gure kristau-izateak ere aukera sakonak egitera behartzen gaitu. Bizitza bera edo, hobeto esanda, biziera bera, atergabe egiten duzun aukera da, edo aukera askoren bilduma. Egia esanez bizitzea, une bakoi­tzeko interes estuen gainetik, aukera da. Lantokian onradutasunez jokatzea, aukera da. Zure harremanekiko zintzotasuna, aukera da. Nork bere kontzientziaren arabera atergabe egiten duen aukera.
Eta gure eguneroko bizierak aurrean jartzen dizkizun aukera horiek bezalaxe, nire fede bizierak ere beste aukera batzuk jartzen dizkit aurrean. Betidanik bizi izan dudan fede soziologikoan segi edo fedea berritu, aukera da. Nire bizitzari txukun xamar eutsi, nabarmenkeria handirik gabe, edo fedearen arriskuan leporaino sartu, aukera da. Ona izatearen arauak betez konformatu edo Jainkoaren ekimenari bihotza ireki, aukera da. Nik neure kontzientziaren arabera atergabe egin behar dudan aukera.
Jesus «sua jartzera etorri da mundura», «etena sortzera». Mantsoagatik bilatzen ditugu aitzakiak, Jesusen hitzok gizakontrakoak  direla esanez, eskatzen zaigun aukera erabakigarria ez egiteko. Baina ez daukagu inolako zalantzarik, Jesusek eskatzen digun aukerak pertsona osoa hartzen duela, pertsona bere osotasunean. Jesusek eskatzen duen aukera sakoneko hori ez zaigu oso gratifikatzailea gertatzen. Maitasuna sua da, su kiskaltzailea. Eta Jesusek ematen eta eskatzen duen maitasuna ere su kiskaltzailea da.
Su kiskaltzailea izateak zer esan nahi du? Jesusen Maitasunak ez duela erdipurdikako jarrerarik ametitzen. Ez bai eta ez ez, ez hara eta ez hona: zabarkeriaren kolore gabeko jarrera txepelak ez duela maitasunaren neurria ematen. Maitasuna tartean sartzen denean, erabateko eta erabeteko entrega eskatzen zaigu. Giza maitasunean hala gertatzen da, ezkontzan esate baterako. Hala gertatu zen Israel herriaren eta Jainkoaren artean Ituna egiterakoan. Eta Jesusekin ere halaxe gertatzen da.
Zerk eragozten digu maitasunaren erabatekotasun hori onartzea gure bizitzan? Zergatik bihurtu nahi da maitasuna harreman neurtu eta mugatu? Hainbesteraino kateatzen ote gaitu, geuretik ateratzea galarazten digun geurekoikeriak? Maitasunean neuretik irtenez, neure nortasuna galtzeko beldurra ote daukat? Gauza jakina da, gure gizartean erabaki denak aldi baterako erabaki bihurtu nahi ditugula. Beti eta betiko hitzek izua sortzen digute. Gure gizarteak ez du erabateko erabakirik onartu nahi. Ezkontza bera ere, betirako izatetik eta betirako agintzetik, sentimendu mailan ahal den arteko erabaki bihurtu dugu.
Baina, denok dakigu maitasunak betikotasuna daramala bere barnean. Maitasunak harreman liluragarrietan lotzen gaitu. Ez une bateko harreman liluragarrietan. Baizik betikotasunaren asmoa daramaten harreman liluratuetan. Eta Ebanjelioaren mailan gertatzen denak ere, bere sakonean, maitasunaren lilura darama. Eta maitasuna delako, sua da, betikotasunaren erabakia darama beregan. Norbaitek liluratu nau eta ni baino indartsuago gertatu zait. Bihotzaren jabe egin zait.
Eta, ondorioz, etena sortzen da. Beste guztiarekiko etena. Baina ez zerbait uzteagatik edo norbaiti ihes egiteagatik; norbait bihotzaren jabe egin zaizulako baizik. Maitasunaren jokoa da hau. Eta maitasunaren aukera. Maitasunean aukeratua izan zarelako, zuk ere zeure aukera egin duzu maitasunean. Eta orain badakizu nola bizi, zer maitatu, zeri eman balioa, zer onartu eta zer utzi. Bizitzak bezalaxe, Ebanjelioko Jesusek ere aukera baten aurrean jartzen baitzaitu. Harreman liluragarrien lotura libre eta gozoa da hau! Kate librea!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.