Bederatziurrena 1: Esperantza zauritua

Bizitza ez da hari batekoa; bizitzak bere alderdi argiak ditu, baina baita bere alderdi ilunak ere. Eta alderdi ilun horien aurrean, askotan norabideak lausotu eta galdu egiten zaizkigu. Iluntasun horixe gertatzen da gure esperantza zalantzan jartzen duena. Beldurra bizi dugu sarri, eta beldurrak galarazten digu itxaropena.

Gure bizitzan denok dauzkagu geure asmoak eta proiektuak, baina beldurrak ere bai: gaixotasunari beldurra, zahartzaroari, maite ditugunekin izan ditzakegun gatazka eta etenei, frakasoari, bakardadeari… eta heriotzari.

Beldur sakon horien ondoan, bestelako arazoak ere aipatu be­har­ko genituzke: estuasun ekonomikoak, krisialdian lanik gabe gelditzea, geure bizi-proiektuaren zalantzak, geure kontzientzian daramatzagun pisuak…

Eta gure garaiotan gehien nabarmentzen ari dena ez da beldur-zerrenda hori. Txarrena da ez dela ikusten arazo eta beldur horiei aurre egiteko adorerik. Behelaino itxi batek bezala harrapatu gaitu pertsonak barrutik eta borrokarako animorik gabe, bizitzeko gogorik gabe, lanerako pulamenturik gabe, geuregan inolako konfiantzarik gabe… horrela motel uzten gaitu giro lainotsu honek.

Adituek esaten dute gure Europa zahar honetan etorkizuna mehatxu bezala sumaten duela jendeak eta ez aukera bezala. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, esan zitzaigun etorkizuna promesa handi bat zela, baina ez da horrela gertatu. Modernitateak frustrazio handian utzi gaitu.

Frustrazio horietako bat, garapenarena izan da. Esan zitzaigun zientziak eta teknikak gure arazo guztiak argituko zizkigutela eta etorkizun argitsua bermatuko zigutela. Eta egia da aurrerapen ikusgarriak lortu ditugula, ongizate harigarria. Baina, galdetzen dut: ho­beak al gara, libreagoak, gure arbasoak baino zoriontsuagoak? Ez dakit ba!

Modernitatearen beste promesa handia mundu zuzenago eta berdintsuagoa lortuko genuela izan zen. Injustiziak eta zapalketak bu­katuko zirela, pobreen eta aberatsen arteko zuloa gutxituko zela. Eta lorpenak izan dira, ez txikiak. Baina, hor daude bista-bistan mundu zabaleko injustiziak eta gordinkeriak. Ez gaude prest gure aberastasuna pixka bat murrizteko, pobreak hain pobre izan ez daitezen. Gu­re esperantzak bizi duen gaixotasuna frustrazioa da.

Hor daude, esperantzari zauria gaiztotzen, barrua zalantzan jar­tzen diguten beldurrak. Mehatxu nuklearra. Ero bat aski da mundua hankaz gora jartzeko. Geure burua desegiteko indarrak dauzkagu, eta kontrolatu ezinak. Hor dago mehatxu ekologikoa ere, galanta. Geure lurra txikitzen eta ahitzen ari gara. Ustiaketa negargarri baten esku beltza gara.

Eta jarrai genezake zerrenda hau handitzen eta luzatzen. Baina ez da beharrezkoa. Denok, era batera edo bestera, neurri batean edo bestean, garbi daukagu gizakia zerbait handia eta duina dela, baina, aldi berean, oso ahula eta hauskorra dela. Handiak gara, baina oso txikiak ere bai. Asko dezakegu, baina edozerk tristetzen gaitu. Itxura bistoso baten azpian, trapu zahar asko daramagu.

Bakoitzak gaur geure bihotzera sartu behar dugu, eta begiratu: zein da daukadan zauria?, zerk mintzen nau?, zerk beldurtzen?, zer falta dut?, zerk nauka bizi ezinik? Inportantea izan daiteke geure barruko errealitateaz jabetzea gure itxaropenaren gaixotasuna zein den jabetzeko.

Adiskide, badakizu zer egingo dugun? Gure esperantza zauritua besoetan hartu eta guk ere, Ebanjelioko Jairok bezala, esan diezaiokegu Jesusi: «Alaba hil zorian daukat; zatoz eskuak ezartzera, senda dadin» (Mk 5, 23).