Abenduko 1. igandea: Esperantza, altxa burua!

(Abenduko 1. igandeko ebanjelioa: Lk 21,  25-28. 34-36)

Esperantzari eustea ez da erraza, oso da zaila. Lehen kristau-elkartearentzat ere garai oso gogor eta odoltsuak ziren ordukoak. Gaurko ebanjelio-atalak gertakari haiek denak Jesu Kristoren etorreraren argitan irakurri nahi ditu. Mundua ez baita beregan itxia dagoen historia. Betetasunaren ziriak puskatu eta zartatzen du ixtura hori, argi berri batera ateratzeko.

Hizkera apolatiptiko honek irizpide jakin batzuk eskaintzen ditu errealitatea egoki ulertu eta irakurtzeko:

– Gertakari ilun eta ikaratzaileen aurrean, Jesusen jarraitzaileak ez du beldurtu behar. Jende asko ikaratuko da, irtenbiderik gabe ikusiko baitute bizitza. Dena eroriko zaie, beren usteari ordura arte eutsi zion dena. «Gizakiak arnasarik gabe geldituko dira».

– Orduan, fededunak, bere ustea Jesu Kristorengan jarrita daukanak, beldurtu behar ez badu, zer egin behar du? «Jaiki, eta altxa burua» esaten digu Jesusek. Gertakari horiek guztiak, mundua zauritzen duen saminaldia, datorkigun askatasun betearen aurre-seinale dira. Ez da harrokeriaren kontua, esperantzak bularrean ematen digun adorearen kontua baizik.

– Beraz eta ondorioz, erne bizi, bizitzaren joanari bere onean eutsiz. Jesusen segitzaileak ez luke betetasunaren hurbiltasuna ahaztu behar, beste mila kezkaren azpian estalita. Gauzen eta bizitzaren egia berehala («badator») irakurriko dugu. «Egon beti esna».

Hau dena gaur ari da gertatzen. Ikusten ari garen erorialdi soziala eta eliztarra, benetako kataklismoa da. Tristetu? Martxa triste eta ilunean murgildu gu ere? Gauzei joaten edo etortzen utzi? Ez, noski. Munduak gaur erakusten duen injustizia horri gogor egin behar diogu, «horretan ez erortzeko indarra eskatuz». Giza istoriari argiak itzaltzea ez dugu ametitu behar. Pobreen garrasiz iristen zaigun deiak esna eta erne harrapatu behar gaitu. Diruaren, erosokeriaren, atsegin grinatuaren zorabiotik ihesi.

Eta askatasun betearen aireaz lurrindu behar ditugu inguruak. Gertatzen ari direnak, pobreentzako aire berri bihurtu behar ditugu, injustiziari borroka sutsua eginez. Kristauok galdetu beharko genuke, ea krisialdiak non eta nola harrapatzen gaituen, borrokan ala kikilduta, pobreen alde ala neureaz kezkatuta.

Eliz errealitateak ere badu galderarik: zertan nabil, nire sinesmena sakontzeko prozesuan ala gerra txikietan?, nire kezka kaskarretan ala begirada zabal baten argitan errealitatea irakurtzen?

Eta, batez ere eta denen gainetik, esperantza, «altxa burua». Garai zail hauek betetasunaren lehen kimu ditugu. Mundu berri baten deiak mantentzen gaitu esna eta lehian. Esperantza ederraren garaiak ditugu. «Altxa burua».

34. igandea: Egia, zorioneko egia

Liturgi urtea, beti bezala, Jesu Kristo diren guztien errege aitortuz burutzen dugu. Urte guztiko fede-esperien­tzia laburbiltzen duen festaburua dela esango nuke.

Mundura Belenen jaio eta bere bakez jabetu zitzaigunetik, Pazko-misterioaren bideetan zehar, Aitaren dohain eder eta asegarri bihurtu zaigu; bihotzeko «errege» egin zaigula, alegia.

Eta harrezkero pozik asko «errege» aitortzen dugu. Eta barruko poz hori da, bera bizi-iturri aitortzearen poza da, gaur kantatzen duguna.

Ikusi duzu «errege» kakotx artean ari naizela idazten; izan ere, halako ondoez bat sortzen dit barruan errege hi­tzak. Gaur egunean daukagun errege-eredua ez zaio Jesusi inondik inora egokitzen. Nola bada?

Pilatoren aurrean erabat desitxuratua ikusten dugun gizagaixo hori nola parekatu dena xarmaz eta handikeriaz inguratua ikusten dugun errege-irudiarekin? Ezin daiteke, guzak asko behartu gabe. Alde horretatik, Jesus erregearen irudiarekin deskribatzeak baditu bere eragozpenak, eta ez txikiak. «Nire erregetza ez da mundu honetakoa».

Hauek argituta, Jesus «errege» aitortzen dugunean, zer ari gara esaten? Galdera horri erantzuteko ez daukagu urrutira joan beharrik.

Aski dugu gaurko ebanjelioan Jesusek esaten duena jasotzea: «Errege naiz. Egiaren aitorle izatera etorri naiz». «Egiaren aitorle» izateko eginkizuna duen erregea da, eta egia aitortuz burutzen du bere erregetza. Ez dator egia inposatzera. Ez dator boterez eta zapalketaz bere erreinua ezartzera. Ez du inor ezertara derrigortzen. Aitortza baten zerbitzua du eginkizun eta moldea.

Egia ari gara esaten; baina zer da hemen aipatzen den egia?, zer egiaz ari da Jesus? Bere programaren egia akaso? Bere jokamoldearen proiektua? Ez.

Jesus eginkizun batekin etorri da mundura, Aitaren maitasun betea azaldu eta erakusteko eginkizunarekin. Eta Jesusek aitortzen duen egia, Aitaren maitasun neurrigabea da. Jainkoak gizakiak maite dituela, mugarik gabe maite dituela, beste ezeren gainetik maite dituela. Eta maitasun horrek ez duela ez neurririk, ez azkenik.

Horregatik, maitasunaren egia aitortu nahi duelako, Jesusek ez du erabiltzen gudalosterik; bere ikasle gizagajoak ditu lagun. Ez du indarrik erabiltzen, maitasuna ez baita indarrez erakusten. Ez du behartzen, maitasuna ez baita inposizioz erakusten.

Maitasunaren indar soilaz fidaturik, gurutzeko bururaino eramango du maitasuna. Eta justu hantxe emango du bere erreinuaren neurri gorena, maitasun bete eta azkenerainokoa bizi duen unean. Jesusen erreinua maitasun beteko erreinua da.

«Nire erreinua ez da mundu honetakoa». Era eta neurri horretako maitasunik ez da gure munduan. Mundu honetako errealitateek ezin dute erakutsi muga gabeko maitasuna.

Horrexegatik, errege deitura ere erabat jokoz kanpo geratzen da maitasun hau adierazteko. Ez da mundu honetakoa, ez; baina bai mundu honetarakoa.

Eta hori da edertasun betea: Jainkoak bere maitasunaren proiektua erregalatu digula Jesusengan. Eta maitasun hori doan eta dohain eman digula, askatasun  betean goza eta maita dezagun.

Errege da, bai, errege, inork baino gehiago maitatu gaituelako. Errege, bihotza maitasunaren xarmaz harrapatu digulako. Errege, zorion paregabe baten hartzaile egiten gaituelako. Errege, erakutsi digun maitasuna edertasunean apartekoa delako. Errege, bihotza liluratu digulako.

Eta, zer nahi duzu?, bihotza liluratzen dizutenean, ez da esplikazio handien beharrik izaten. Eta Jesusekin ere horixe gertatu zaigu, liluratu egin gaituela eta, inolako zalantzarik gabe, geure bihotzeko errege aitortzen dugula.

Zuk beste lilura batzuk dauzkazu? Ondo. Zuk nahiago duzu bihotza beste norbaiti edo zerbaiti eman? Ondo.

Guk, hala sinesten dugunok, gaur Jesusi esango diogu geure «errege» aitortzen dugula. Hala da eta!

33. igandea: Ipuin bat

Gure etorkizuna zer izango ote da? Munduaren etorkizuna, zer? Denok geure barruan daramagun galdera dela esango nuke, galdera sakona eta egin dezakegun serioena. Galdera honi eman beharreko erantzuna nik bila dezaket neure fedean; eta beste batek bila dezake beste nonbaiten; baina etorkizunak guztiok kezkatzen gaitu. Gure borroka, lan, sufrimendu eta nahiek izango ote dute azkenean inolako fruiturik? Gure gizadiaren historia mindua nola eta zertan burutuko ote da?

Galdera hauei erantzunak ematen hasita, eztabaida azkengabekoan sartuko ginateke, seguru asko. Zientziak ez baitezake ezer esan honetan. Zenbaitek berehalako ondorioa ateratzen du: «Zientziak argitzen ez badu, ez dago ezer mundu honen ondoren; niretzat, zientziak argi dezakeena bakarrik da egia».

Etorkizunik ezak, noski, halako ondoez sakona sortzen digu barruan: Etorkizunik ez izatekotan, zertarako izan dira gure sufrimenduak eta gure lanak eta? Zer sentidu dauka horrek guztiak?»

Oraindik ez da denbora asko, H. Nowenn idazleari ipuin bat irakurri diodala. Libreki kontatuta honelatsu dio: «Bi haur bikiak, erneberriak, beren amaren sabelean zeuden artean. Haur neskak (neska izan behar!) honela esaten dio bere anaiari: “Badakizu zer? Sumatzen dut, hemendik irtendakoan beste bizitza bat dagoela. Ez dela dena hemen amaitzen. Ez dakit zer, baina beste zerbait badago”. Haur mutikoak: “Nondik atera duzu horrelako erokeria? Bizitza hau hemen hasten da eta hemen bukatzen da, ez dago besterik”.

Isilune baten ostean, berriro ere neskak: “Beste zerbait esan behar dizut: uste dut, hemendik irtendakoan ama bat ikusiko dugula aurrez aurre. Hemen barruan sumatu besterik egiten ez dugun ama ezagutuko dugula”. Mutikoak haserre: “Zureak egin du. Gure bizitzak daukan gozotasun guztia, hemen daukaguna da. Ilunpetan gaude, baina gutxienez berotasuna eta janaria ematen zaizkigu. Goza ezazu hemengoa, ez dago amarik eta”.

Isilune luzea oraingoan. Baina neska ez zegoen isiltzeko: “Gehiago ere esan behar dizut: azken boladan sentitzen ditugun estualdi eta taupada eta ondoezek, beste bizitza horretara joateko unea erakusten digutela; samin hauek bizitza berriaren atarikoak dira”. Mutikoa bere onetik atera zen: “Ez dauka inolako sentidurik esaten duzunak. Zeure irudimenaren fritua da dena. Goza dezagun hemengoa, ez dago eta beste ezer”.

Ipuina da, baina adierazgarria. Amaren sabel ilunetik atera ginenok badakigu beste bizitza bat badagoela. Sabelaren ilunpetan, ordea, ez dago jakiterik. Geroko esperientziak bakarrik ikusten du, aurrez inork ikusi ezin duena. Amaren sabeleko bizitza atarikoa da, beste bizitza argi eta libre baten atarikoa.

Halatsu esan dezakegu geure bizitzaz ere. Mundu honetako bizialdi hau, beste bizitza argi eta libre baten atarikoa da. Ama bat ikusiko dugu. Hemen sumatu besterik egiten ez dugun Jainko Ama, aurrez aurre ikusiko dugu eta beraren besoetan gozatuko dugu. Orain bizi ditugun ezinak eta estualdiak eta saminak, beste bizitza berrira jaio­tzeko ordu ederraren adierazgarri besterik ez dira.

«Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira igaroko». Ondo egiten du kristauak mundu honetako bere borrokan, gizadia hobetzeko borroka larri eta azkengabeko honetan, beste bizitza baten esperantzari indarrean eutsiz.

Egiten duen lanaren eta borrokaren fritua hemen ikusten dena bakarrik balitz, ez dakit mereziko lukeen! Baina hemengo borroka hau merezi du geroko bizitza beteak. Geure barruak, munduaren historiak, geure sufrimenduak eta heriotzak, beste zerbaiten susmoa eta gogoa sortzen digute era askotara.

Bada etorkizuna. Bada ilunbearen ondoren argia. Zilbor-hestea etetean, bada Ama! Bai horixe!

32. igandea: Bizia eman

Gizarte edukizale honetan asko ematen dela ezin daiteke ukatu. Badakit denetarikoak izago direla gizartearen barnean, baina asko ematen da behartsuentzat. Krisiak zauritzen gaituen honetan ere, eta datuak hor daude, diru asko biltzen da behartsunentzat. Aski da Caritas-en ekintzak eta gehitu duen laguntza begiratzea.  Beharraren aurrean jende askori beratzen zaio bihotza. Gure oparotasunari bihotz apur bat geratzen zaio oraindik ere.

Baina kontua ematea al da? Emate horrek zer gordetzen du bere barruan? Zergatik ematen da? Zertarako ematen da? Galdera hauen aurrean, seguru asko, izango litzateke zer zehazturik eta izango litzateke bihotz-zabaltasunari egin beharreko ñabardurarik. Sakonean, gizarte honek eta mundu osoak erakusten duen injustizia ez baita limosna-kontua. Kontua ez da, sobratzen zaigunetik ematea. Kontua ez da behartsuekiko detaile bat edo beste erakustea. Behar zehatzei laguntzea ongi dago, oso ongi; baina mundu hau justiziaren ildora ekarri nahi baldin bada, planteaketa sakonagoak egin beharra daukagu.

Kontzientzia txarra daukagu, eta limosna batzuk emanez gozatu nahi dugu. Barrua zornatua daukagu eta pixka bat emanez sendatu nahi dugu geure gaiztakeriaren zauria. Eta eman ematen badugu ere, ez dugu ematen eman behar genukeena. Egia da, zerbait emanez, barrua lasaixeago sentitzen dugula. Eta lasaitasun horren eskutik, jarrai dezakegu gastatzen, erosten, saltzen, kontsumitzen. Jarrai dezakegu gizartearen erri­t­moan itxura lantzen: jantziak, etxeak, kotxea… Guk ez baitaukagu besteak baino beheragotik ibiltzeko obligaziorik.

Eta horrekin zer lortzen da? Munduko etena, aberatsen eta pobreen arteko etena, areagotzea, handitzea. Pobreak gero eta pobreagoak dira. Hirugarren Mundua laugarren mailara jaitsiaraziko dugu. Eta mundu hau gero eta erasokorragoa, gero eta minduagoa, izango da. Gero eta etorkin gehiago ikusiko dugu geure herrietan. Gero eta inmigrante gehiago itoko da pobreziatik mundu aberatserako bidean. Eta haien ondoan, gero eta jende gehiago geure etxekoa beharrean eta ezinean. Gero eta borroka gehiago bazterretan. Eta egorea honek gero eta beldur gehiago sartu digu barrura. Zer etorkizun eraikitzen ari gara? Zer ikusi behar ote dugu?

Irtenbidea? Bakarra: Ebanjelioko alargunarena. Bizia elkarbanatzea, konpartitzea. Besteen beharra bizitzen hastea. Eta bizia konpartitu ahala, jakingo dugu zer eta zenbat eman behar dugun. Bizia banatzen duenak ez baitauka inolako eragozpenik ondasunak elkarbanatzeko ere. Bihotza eman ahala, mundu honetako pobrezia berehala konpon daiteke. Bestela sakondu besterik egiten ez dugun etena, bizkor asko senda daiteke.

Ebanjelioko alargunak ez zeukan asko. Ez zeukan behar zuen adina ere. Eta, hala ere, eman egin du. Asko ez du eman; zeukan guztia eman du. Berak badaki beharra zer den eta horregatik eman du behar zuena ere. Eta pobre honek bere pobreziaren dohaina banatu duenean, beste pobreak poztu egin ditu. Eta injustiziak behera egin du. Hau da Jesusek txalotzen eta goresten duen jarrera eta jokaera. Gure gizarteak badu zer ikasia. Denok eta bakoitzak badugu zer ikasia.

Nolanahi ere, horrela jokatzeak ez digu ilusio handirik egiten, ezta? Begira: Jesusek Erreinuko zoriona agintzen dio maitasunezko jokamolde honi. Denok zorion bila omen gabiltza hara eta hona. Hortxe dago zoriona: besteen pobrezia konpartitzean. Daukan guztia pobreen zerbitzura jarri eta zoriona sentitzen ez duenik ez da azalduko, hori seguru. Baina gizartean bestelakoak dauzkagu. Gizartean itxurak ere asko balio du. Gizartean edukitzea da kontua. Zoriontsu izatekotan bidea bakarra da, bizia ematea.

31. igandea: Maitasuna bakarra da

Maitasunaz mintzo garenean –eta askotan mintzo gara–, esango genuke maitasun-mota asko daudela: senar-emazteena, platonikoa, sexuala, karitatezkoa, adiskidetasunezkoa… Eta horien arteko diferentziak aipatu eta ikustaraztera jotzen da askotan. Eta, segun zeinentzat, maitasun batzuk «onak» izango lirateke eta beste batzuk «gaiztoak»; «bekatuzkoak» ere bai.

Maitasuna bizitzeko era desberdinak direla ez dago ukatzerik. Baina hori bezainbat ukaezina da maitasuna bakarra dela. Maitasun bakar horrek bide desberdinak egingo ditu, baina, maitasuna den bitartean, maitasun bakar eta beraz ari gara.

Begiratu beharko da, maitasuna esaten dugunean, zer ari garen esaten. Hainbeste kantutan kantatzen den «maitasuna» maitasuna ote den edo beste zerbait. Edo ez ote ditugun geure interes asko gordetzen eta erbailtzen maitasun hitzaren babesean. Egoismo eta intereskeria asko ez ote den maitasuntzat hartu eta bizitzen.

Eta, jakina!, egoismoa ez da maitasuna, intereskeria maitasuna ez den bezalaxe. Ez Jainkoari dagozkion harremanetan, ez lagun hurkoari dagozkionetan. Bietan erabil baitaiteke oker maitasun hitza.

Jainkoarekiko harremana, erlijio-harremana, zenbat aldiz ez dugu erabili izan gure irudia babesteko. Zenbat aldiz Jainkoaren eta erlijioaren izenean, sarraski izugarriak burutu izan diren! «Jainkoak bedeinka dezala Amerika» eta egurra ematen hasi berehala. Hori ikusi dugu eta, zoritxarrez, ikusiko dugu.

Lagun hurkoarekiko harremanetan ere ez da intereskeriarik falta askotan. Beste pertsona nire atsegina lortzeko erabiltzen dudanean, edo nire maitasun-egintzak neure kontzientzia txarra garbitzeko erabiltzen ditudanean, edo maitasun hitza ahoa betean erabili eta pobreak alde batera uzten ditudanean, horietan denetan intereskeria itsua erabiltzen ari gara.

Baina, egoismoa eta intereskeria beti nahastuko dira gure maitasun-bizitzan, ala? Bai, noski. Inork ez dugu maitasuna bere garbienean eta ederrenean bizi. Baina kontua ez da orain garbikerietan jardutea. Kontua da, maitasun-bidea nondik nora ari garen egiten, zein den gure maitasun-prozesua.

Izan ere, maitatzen ere ikasi egiten da, maitasuna ere hezi egin behar da. Eta heziera hori eragitea da inportantea. Umetatik hasita, nerabezarotik pasaz, gazte-esperientziak biziz, heldutasunera bidean, maitasunaren bizikizunak pauso asko ematen ditu.

Intereskeria eta frustrazio askoren bidez ikasten da maitasuna garbitzen eta maitasunari, urrats bakoitzean, helburu berriak jartzen.

Baina, bide horretan eta orain fededun bezala planteatuz, Jainkoarekiko maitasuna eta lagun hurkoarekikoa elkarren irizpide eta neurri bihurtzen dira. Jainkoaren maitasunak lagun hurkoa maitatzera eramaten nau eta lagun hurkoaren maitasuna Jainkoarekiko harremanetik edaten dut.

Eta puntu honetan, askotan egin izan ditugun zatiketak ezabatu beharra daukagu. Jainkoa asko maite dugula esan, mezetara joan eta otoitz egiten dugulako edo moral-bide jakin batzuk gordetzen ditugulako, eta ustezko maitasun hori gizarteko pobreen ardura bihurtzen ez bada, maitasun hori ez da Jesusek eskatzen duena.

Jesusek eskatzen duen Jainkoarekiko maitasuna erabatekoa da, «bihotz-bihotzez, gogo-gogoz, adimen osoz eta indar guztiaz» bizitzen dena. Ikus dezakegu, beraz, Jainkoari omen diogun maitasunak zenbateko egia daraman bere barnean. Askotan eliz barruko hitz hutsa besterik ez da izaten. Beste batzuetan, berriz, pertsonaren osotasuna eta edertasun betea erakusten du.

Pertsona Jainkoaren maitasunak hartzen duenean, berehala antzematen zaio, ez ordea elizako errezu eta jardunetan; handik irtendakoan baizik, pobreen arduran, beharrean daudenekiko hurbiltasunean, bere zerbitzu apalean. Jainkoaren maitasunak lagun hurko premiadunen bidera eramaten du, han bere maitasun ederrena bizitzeko.

Hori gutxik egiten dutela? Zuretzat eta niretzat hor dago aukera. Jainkoaren dohainak maitale izateko erregalua egin digu, eta hori onartu eta maitasuna era betean bizitzea da kontua.

Orduan garbi ikusten da, maitasuna bakarra dela.