21 C: Ate estua

PAzko-Harria kenduta(Igandeko ebanjelioa: Lk 13, 22-30)

Gizakiok asko maite dugu geroko zoriaz ezbaian jardutea. «Asko al dira salbatzen direnak?». Eztabaida horretan, batzuek, kontserbadoreenek, esango dizute zaila dela salbatzea, beti esan izan den bezala, eta asko direla kondenatzen direnak.
Beste batzuek, «aurreratuek», esango dizute hori ez dela horrela. Ez dela posible eta bidezkoa inor kondenatzea. Jainkoak, Aita izanik, ezin dezakeela inondik inora inor kondenatu, nahiz eta gizakia gaizki portatu izan. Eta, seguru asko, bi jarrera ertzeko horien tartean, jarrera gehiago ere izango da, jarrera zehaztuagorik.
Nolanahi ere, zenbat kostatzen zaigun ulertzea, Jesus ez dagoela gaurko ebanjelio-pasartean, geroko salbazioari begira, betirako salbazio edo kondenazioari begira. Jesusek orainari begiratzen dio batik bat: zenbatek bizi dute gaur Erreinuaren esperientzia? Zenbat gizon edo emakumek irekitzen dio bere barrua Jesusek dakarren Berri Onari? Zenbati iristen zaio Erreinua? Nork jasotzen du Erreinua onartzearen poza? Hau da galdera erabakiorra.
Jesusek Erreinua eskaini, denei eskaintzen die. Ez dio inori ukatu dohain hori. Baina hori bezain egia da, Erreinua ez zaiela iristen bataiatu guztiei edo igandero mezetara dihoazen guztiei edo Jainkoaren aginduak ondo betetzen dituztela esaten duten guztiei edo Elizaren pentsamoldea onartzen eta babesten dutela aitor­tzen duten guztiei. Denok ulertzen dugu, badagoela hor zerbait: ez da berdin mandamentuak betetzea eta Ebanjelioaren erregalu pozgarria jasotzea; ez da berdin zintzoa izatea eta Ebanjelioaren alaitasuna eta askatasuna bizitzea; ez da berdin elizara joatea eta Jesusek ematen duen bizi betea dastatzea. Ez da gauza bera!
Eta hortik galdera sortzen da, galdera dramatikoa: zergatik elizkoi askok ez du ulertzen Erreinua? Zergatik «zintzo» askok ez du ulertzen Erreinua? Zergatik ez zaio Erreinuari antzematen gure elizetan ere?
Eta erantzuna bilatzen hasita, garbi dago, ulertzen ez badute ez dela ulerkaitza delako edo buruz ondo jantzia egon behar delako edo ideiak aldatu direlako edo… Bihotzaren jarreran jokatzen da Erreinuaren argia. Gaur askotxok ulertzen ez badu, Ebanjelioan agertzen den arazo berberagatik da: eskubidea daukatela uste dutelako, beren portaera eta elizkoitasuna Erreinua erosteko txartel bezala bizi dituztelako. Beren zintzotasunari Erreinua zor zaiola uste dutelako.
Egia esate aldera, eskubide-txartel gehiegi erabili izan dugu eta erabiltzen dugu gure kristau-bizieran. Batek pentsa dezake, jaio den tokian jaiotzeagatik bere fedearen konpromisoa bete samartu duela; beste batek pentsa dezake, txikitan ikasitako agindu eta arauak betez gero, gehiena egina dagoela; besteak pentsa dezake, ideia jakin batzuen alde edo kontra azaltzea (abortoaren kontra, erlijioa eskoletan irakastearen alde…), fedearen muina ukitu duela. Eta horrelakoak asko, gehiegi!
Baina, kontua besterik da! Fedeak eta kristau izateak, lotura afektiboa eskatzen dute, oinarriko aukera. Eta hori da nonbait, Jesusek «ate estua» deitzen duena. Horretatik sartu behar. Azalekoak utzi azalean, eta sakoneko lotura, barru-barruko aukera, bihotz barruko konpromisoa. Horrek jartzen gaitu Erreinuaren sintonian. Horrek ematen digu Erreinuari antzemateko sena. Fedea neuretu egin behar, pertsonalizatu, biziratu, afekta­tzen didan sentipen bihurtu. Beste guztiak Erreinutik kanpo gelditzeko txartelak dira.
Eta kuriosoa da: lotura pertsonalaren ate estu hori, askatasunezko ate zabal gertatzen da. Erreinuak zerumuga berriak irekitzen dizkizu. Eta Erreinuaren sintonia hurbilekoan, betiko biziaren ziurtasuna sartzen zaizu bihotzean. Eta orduan badakizu salbatua zaudela, Erreinuak ukitu zaituelako. Zorioneko ate estua!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.