22 C: Norgehiagoka

Bildotsak(Igandeko ebanjelioa: Lk 14, 1.7-14)

Benetan ridikulua da gizakia, bere barruko egia eta gizartearen begirada nahasten dituenean! Bere izatea, gizartearen aurrean izan nahi duenarekin nahasten duena, benetan barregarri gertatzen da! Gizartearen begiradak badakigu zer estimatzen duen eta zer ikusten eta aitortzen duen balio nagusitzat: besteen gainetik egotea, besteek baino gehiago irabaztea, besteek baino izen ospetsuagoa lortzea, besteen aurretik azaltzea… Eta badira, azaleko estimazio horietatik harutza joaten asmatzen ez dutenak. Ez dakite besterik egiten, bizi­tza norgehiagoka huts bihurtu dute!
Barregarria gertatzen da horrelakoa, bai! Hor dabil, gehiago beharraren hegoetan borrokan, izerdi eta pats, arnasestuka, izan beharraren eguneroko jira-bira amaigabekoan zorabiatuta! Ez daki zer den bere barruan, ez daki goza­tzen, ez daki gelditzen, ez daki maitatzen, ez daki bere barruko beharrei erreparatzen, ez daki giza mailan hazten. Lege bat bakarra ezagutzen du eta beraren arabera dabil: indartsua ateratzen da aurrera eta ahulak bide bazterrean gelditzen dira! Eta bere indarra erakutsi eta azaltzea maite du. Barregarria!
Barregarria aurrena, gezurretan bizi delako. Pertsonaren balioa ez duelako ematen posizioak edo ospeak edo edukitzeak. Gizakiaren balioa egi mailan jokatzen da. Eta hori da lehendabizi landu beharrekoa, barrua. Barruaren beharrak eta eskakizunak betetzen saiatzea, barrutik izatea, barrutik giza maila helduagoa lortzea… horrek ematen du norberaren egia! Eta neure barruan naizena naiz, ez gehiago eta ez gutxiago! Kanpoko handikeria guztiak, barruko hilobiari jarritako lorasortak dira!
Barregarria bigarrenik, indartsu-txango guztiei beren ahulaldia etortzen zaielako. Berandu gabe moteltzen dira gezurrezko indarrak. Indartsu azaldu eta jokatu duenak, zer egin dezake ahulaldian? Ridikulua! Bere indarraldian norgehiagoka ibili da, eta bere ingurua etsaiez josia utzi du. Eta ahulaldia datorkionean, zeri heldu behar dio, zertan bilatu behar du laguntza? Barregarri gelditzen da!
Baina, jakina!, egiaren apaltasunera iristeak bere lanak ditu, ez pentsa! Apal izateko, aurrena, handia izan behar da barrutik. Oso sendo eta ongi oinarritua aurkitu behar barrutik, kanpotik apal, zerbitzari eta neurri­tsu azaltzeko! Handi itxura asko, barruko miserien tapaki izan ohi dira! Barruan handi denari ez dio axola kanpotik ahul edo txiki agertuta ere! Asko daukanak ez dauka kanpaiak jotzen ibili beharrik. Gutxi daukanak erakutsi nahi izaten du bere gutxia askotzat.
Apal izateko, bigarrenik, geroari begiratzen jakin behar da. Harroak, oraingo itxurak luzitzeko, geroa bahi­tzen du. Eta apalak geroa landu nahi izaten du. Zer gertatzen zaio gaurko ebanjelioko harroari?: aurrera joaten da, eta gero atzera etorri behar! Barregarri geratzen da! Hasieran harro prantatu delako, gero ridikulua egiten du! Harroak epe motzera jokatzen du beti. Apalak, berriz, geroari begiratzen dio. Ez kalkuluz, izaeraz baizik. Apalak geroa eskuratzen du bere apaltasunean!
Gauza jakina da, eta esan dugu gainera, gaurko gizartean norgehiagoka eta aharijokoa nagusitu zaizkigula. Eta beharbada horregatik daukagu, gure gizartea ustela ote den errezeloa. Irudiari begiratzen zaio asko, itxurari. Eta ez dakit ez ote ditugun balio gehiegi jokatu itxuraren alde. Eta hori, heziketan eta giza alor guztietan, oso larria izan daiteke. Fededunak behintzat jakin behar luke bere bizitzaren oinarriak bereizten. Jakin behar luke, gizatasuna garatzen duten egiazko balioak zeintzuk diren. Jakin behar luke, bere fedeak nolako jokamoldea eskatzen eta eskaintzen dion. Horrelakoa ez litzateke jokamolde huts eta faltsoan zorabiatuko. Norgehiagoka, globo zulatu bat bezalaxe husten da. Eta gero, zer gelditzen zaio?!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.