25 C: Zorioneko dirua!

Dirua(Igandeko ebanjelioa: Lk 16, 1-13)

«Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan». Igande hauetako ebanjelio-zatiek bide bat bera dute: Jainkoaren aukera egitera gonbidatzen gaituzte. Eta aukera hori atzera-ezina da fededunarentzat. Aukera hori, gainera, eguneroko ibilbidean gauzatu behar da. Justiziak erakusten baitu maitasunaren egia. Eta maitasunezko justiziak gure jokabideak aztertzera gakartza: zer aukera dauzkagu zehaztuak diruari dagokionez eta behartsuekiko solidaritateari dagokionez?
Zorioneko dirua! Ala hobeto esango ote nuke?, zorionaren dirua! Zenbat buruhauste sortzen digun! Askotan diruarekiko jarrerak eta jokaerak ematen du gure amets handien neurria eta gure eskaskeriaren neurria. Bateren batek dagoeneko esan dio bere kolkoari, kristauok diruaren kontra gaudela, ez dakigula eguneroko bizitzaren bizi-beharra neurtzen, edo pauperismoaren aldekoak garela, edo… Egia esateko, Jesusek ez du hitz eder askorik esaten ondasunei buruz, hori horrela da. Ondasunek ezer gu­txitarako balio dute Jesusen ikuspegitik, eta horiekin egin daitekeen onena behartsuei banatzea da.
Beraz, diruaren kontra dago Jesus? Ez! Dirua berez gaiztoa dela esaten ari da? Ez. Jesus, dirua kondenatzen ari den fundamentalista itsua ote da? Ez! Jesus ez da ari printzipioen mailan. Jesusek egiten duena, eguneroko jokamoldeei begiratzea da. Eta nork uka dezake diruaren grinak Jainkoarenganako bidea itxi eta ebaki egiten digula egunero? Eta nork esan dezake, Jesusek ez daukala ikuskera honetan arrazoi!?
Galdera bat edo beste egin nahi dizut, irakurle adiskidea. Zuk zeure bizitzaren segurantza zertan jartzen duzu: Jainkoarengan ala dirutan? Zuk nahiago al duzu, zeure diruarekin behartsuen premia konpontzea, bankuan irabaziak ugaltzea baino? Nork uka dezake bere dirua zuzenkontrakoa dela, gure gizartean behartsuak dauzkagun bitartean? Batzuk aberasteko, alegia, beste batzuek pobretu beharra daukatela? Hori ez duzu ikusten? Eta gero diruari zoriona eskatzen diogu?!
Eta Ebanjelioan gauza bat dago argi, galdera hauen guztien aurrean: diruarekin egin dezakegun gauzarik onena, geure zoriona erostea dela!
Ironiazko esaldiak erabili ohi ditugu diruaz ari garenean: «Diruak ez omen du zoriona ematen, baina lagundu bai, zoriontsu izaten», eta horrelakoak. Denok geure jokaerak zuritu eta garbitu nahi bagenitu bezala. Baina zorionaren apustua irabazi nahi duenak, ondo asko daki bere barnean, baloreen mailak ongi zehaztu beharra daukala. Eta ezin diezaiokeela gorengo maila diruari eman. Zorionaren apustua esan dut. Gaurko ebanjelio-zatian ageri den administratzaileari begiratu beharko genioke. Bere dirua zoriona erosten erabiltzen du, etorkizuna ontzen. Horixe da arrazoizkoa. Gaurko diruarekin irabaz dezagun zoriona, gaurko eta biharko zoriona.
Eta zoriona eskuratu nahi duenak, solidaritatearen aldeko apustua egin behar du garbi, Ebanjelioak eskaintzen duen zoriona baldin bada bilatzen duena behintzat. Eta ez dago, nire ustez, teoria handien sastraka artean galdu beharrik. Aski da gure eguneroko bizitzaren aukerei begiratzea. Zertan eta zertarako erabiltzen dut nire dirua? Zenbaterainoko diru-grinak erretzen nau barrutik? Eta jator erantzun diezaiodan zorionarekiko galderari, diruak zoriona ugaltzen al didan, alegia.
Bere bizitzan aukera handiak egin nahi dituenak, bere proba egin beharra dauka. Dirua geure kapritxoen arabera jalkitzeak zer ematen duen ikusita daukagu gutxi-asko. Geure dirua behartsuen alde erabiltzeak zer ematen duen proba dezagun. Jokaera horren zorion-emaitza segurua da, Ebanjelioaren arabera. Eta behar­tsuen aldeko solidaritatea eskatzean ez dut limosna bat eskatzen, oinarrizko justizia baino. Eta justiziazko solidaritate horrek, zorioneko dirua zorionaren diru bihurtuko liguke! Hori seguru!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.