25. igandea: Umeen ordez makinak

Gaurko ebanjelio-zatiak umeen akordura ekarri nau. «Haurtxo hauetako bat hartzen duena». Ikasturte berrirako bidean ikusi ditugu egunotan. Beren motxila handiak hartu eta oporminez eskoletara joan dira. Eta haiek eskolarako bidean ikusteak betiko galderak sorrarazten dizkit barnean: Zer ari gara egiten umeekin?, zertarako prestatu nahi ditugu?, zer ulertzen dugu ‘heziketa’ esaten dugunean? Azkenaldi honetan asko hitz egin da hezkuntzaren garestiaz; baina gutxitxo (aski sekula hitz egiterik balego!), heziketaren edukiez eta moldeez. Trebeak gara bigarren mailakoa lehenengora jasotzen!

Galdera horien azpian, sakonean gizarte-ereduaren arazoa dago. Umeak zertarako prestatu, hura mesedetzen duen gizartea egiten dugu. Eta areago: gizarte-eredua ez ezik, giza proiektua bera dago ezbaian. Azalekoak utzi eta sakon eta luze hitz egin beharko genuke zer nolako gizakia bideratu nahi dugun eta zein den gure ikastetxeetan garatu nahi dugun etorkizuna. Liburuena inportantea da, prezioena ere bai, hizkuntzarena ere bai; baina ume hauekin burutu nahi dugun giza eredua dezentez inportanteagoa da.

Eredu asko izan daitezkeela esango zait, eta bakoitzak ikusi behar duela zer azpimarratu nahi duen. Baina ez dakit ba bakoitzarena ez ote garen gehiegiz orokortzen ari geure ikuspegiz eta bizieraz. Ez dakit bakoitzarena ez ote den ‘jendearen’ unibertsalean urtzen!

Erantzukizun-kontua da: gurasoen erantzukizuna, irakasleena, hezitzaileena… Baina bada hor eztabaidatu beharrekorik! Eztabaidatu zer? Nire iritziz hauxe: gizarteko guztia pertsonaren beharretara egokitu ordez ez ote garen gizakia enpresaren beharretara tolestatzen ari. Gaurko produkzio-kateak zer behar du, hartarako prestatu umetatik jendea!

Zenbat aldetatik ez ote da entzuten hitz gakoa, «lehiakortasuna». Ekonomi eraginak zuzentzen du gizartearen ibilbidea. Eta heziketa ere neurri handi batean bai! Gaur nekez onartuko litzateke (gurasoengandik hasita), ezertarako ez baina pertsona bezala hazteko balio duen ikasgairik eskaintzea! Haurrek ikasi behar duten guztiaren aurrean, ‘zertarako?’ galdera ateratzen zaigu. Gero gizartean kokatzeko eta ekonomi munduan ongi murgiltzeko balio diezaiokeela ikusten bada, bale!, eta bestela, utzi! Baina, pertsona lehiakortasuna baino askoz gehiago izan. Hortxe dago koska!

Asko dira pertsonaren instrumentalizazioa salatzen ari direnak. Pertsonaren garapenaz gehien kezkatzen diren psikologoek alderdi askotatik oihukatzen dute heziera oso baten beharra. Erabilgarritasuna gehiegiz lan­tzeak ez du atarramendu onik. Pertsonak, bere osoan hazteko, alderdi asko landu behar ditu, eta denak ez dira dirua irabaztekoak.

Baina pertsona mutilatuak egin nahi ez baditugu, serio eta sakon aztertu beharko genuke pertsonaren behar nagusiak zeintzuk diren. Kontuan hartzen al dira, makinak erabiltzen jakiteaz gain, pertsonak badituela (umeak ere bai) bere amets sakonak: edertasun-ametsak, justizi nahiak, maitasun-taupadak…?

Pertsonaren barrua zabal irekiko duten bideak landu behar dira. Bizitzaren balio sakonak sumatzeko kapaz den heziera burutu behar da. Apaltasunaren argitan, misterioa sumatzeko kapaz diren pertsona osatuak egin behar ditugu. Eta, batez ere, beren askatasuna bideratzen eta gozatzen jakingo duten pertsonak. Beren barrua irakurtzen jakingo dutenak. Besteen beharrak ikusten eta besteen eskua estutzen dakiten pertsonak.

Jesusek ez zien ordenagailuak manejatzen erakutsi haurrei; baina Espirituzko ukitu gozoa eman zien. Haurren izanbideari zerumuga berriak ireki zizkion. Eta bihotz handi baten besarkada eskaini zien. Haurrek ikas bezate ikasi beharreko guztia, baina ikas bezate pertsona izaten. Ez ditzagun egin umeen ordez makinak!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.