29. igandea: Handitasunaren dinamika

Santiago eta Joanen jarrera ez zaigu gustatzen eta, hala ere, gure jarrerek haienaren antz handia izan ohi dute normalean. Botere-zaleak gara, aginte-zaleak. Ia oharkabean, boterea bilatzen dugu, lehen postuengatik borrokatzen gara.

Eliz elkartean ere, behar baino gehiagotan, agintea boterea erakusteko erabiltzen da, «herriak zapaltzen eta azpian hartzen dituzten» jauntxoen antzera. Ez da beti horrela gertatzen, baina gertatu gertatzen da.

Beharbada, erraza da, errazegia, eliz erakunde handiaren kritika egitea; baina, hobe dugu, seguru asko, geure begiko haga begiratzea. Jesusen hitzak erabakiorrak dira Elizan agintea nola erabili behar den jakiteko. Historian zehar, gehiegitan hitz horien arnasa ez dugu bizi izan.

Baina, begira dezagun bakoitzak zer egitera jotzen dugun agintea eskura daukagunean. Nahiz txikia izan daukagun agintea, erakutsi nahi izaten dugu nork agintzen duen familian edo lanean. Gehiegikeriak egiten ondo asko asmatzen dugu, geure burua inportantea dela erakusteko.

Handinahikeriak gure espiritu-bideari ere erasaten dio, edo erasan diezaioke. On itxura eman nahi izaten dugu. Bertuteetan goi-mailako azaldu. Inork ez du guk adina otoitz egiten. Behartsuen aldeko apustuan ere inork ez du guk adina jokatu eta arriskatu. Jainkoarekiko atxikimenduan, beraz, inor gutxi gurekin konparatzeko. Eta, noski, hori erakutsi egin nahi izaten dugu, ahal dela.

Jesus, ordea, beste bidetik dabil. Bera gizakia zerbitzatzera etorri da, ez zerbitzatua izatera. Eta ikasleari ere bide bera proposatzen dio. Ikaslearen nahia Jesusi jarraitzea da.

Eta segizio-molde horren deia baztertzean, ikaslea ere handinahikerien borroka eta lehia kaskarrean erortzen da, Jainkoaren erreinua zerbitzatzea bere interes eta botere-gose gordeekin nahastuz. Eta ez daukate batak bestearekin zer ikusirik zerbitzuak eta botere-goseak.

Irizpidea argia eta garbia da: prest al gaude Jesusen kaliza edateko, harekin apaltasuna bizitzeko, benetako eragintasuna bizia ematen duen solidaritatzea dela ikasteko? Irizpide horren galbahean pasatu behar ditugu atergabe gure jokaerak eta sentierak, barruko eragin ezkutuko eta okerren atzaparretan ez kateatzeko.

Horrek zer esan nahi du, agintea ez dela erabili behar? Bai, agintea erabili behar da, erantzukizunari ihes egin gabe. Gezurrezko apaltasun-jarrerak ez du balio, agintea ez erabiltzeko aitzakiatzat. Agintea erabili behar da, baina Ebanjelioaren moldera, Jesusek erabiltzen zuen modura. Eta ez geure irudia haziarazteko edo puzteko.

Zer esan nahi du agintea Ebanjelioaren moldera erabiltzeak? Eguneroko gorabehera txikietan agintea erabili behar da, zerbitzu-jarreraz: besteak jasoz eta besteei igotzeko aukera emanez; besteei entzunez; erantzukizunak erdibanatuz; besteek egin nahi ez dutena eginez; kritikak era onean jasoz; pertsonen berezko balioa kontuan hartuz, egiten dutenaren edo bete behar dutenaren aurretik; arrakastaren aurretik balio etikoak ipiniz… Bide luzea eta aukera asko.

Hori eguneroko bizitzan. Baina etor daitezke une bereziak ere, une askoz kritikoagoak. Esate baterako, prestijioa galtzeko prest egotea, besteen ongia jokoan jartzen denean; frakasoari sentidua ematen ikastea; norberaren ezintasuna otoitz bi­hurtzea; taldeko behartsuenen alde jartzea; gezurrezko bakearen gainetik egia aitortu eta bilatzea…

Garbi gelditzen da jarrera eta jokaera hauen azpian zer sekretu dagoen: zerbitzatzen duen maitasuna da sekretua.

Eta zerbitzu horren hartzaileak pertsona guztiak dira, inolako bereizkuntzarik egin gabe. Eta bereizkuntza egitekotan, beti pobreak eta baztertuak hobetsiz.

Hori guztia galtzailearen dinamika dela? Ez horixe! Galtzailearen dinamika ez, Ebanjelioak eskaintzen duen handitasunaren dinamika baizik!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.