3. igandea: Hitzontzi huts-ontzi

Espiritua(Igandeko ebanjelioa: Lk 1, 1-4; 4, 14-21)

Esaera zaharra da, batzuei mihi-dantzan joaten zaizkiela indarrak. Esan eta esan, jardun eta jardun; baina gero hitz horien edukia edo balioa ez da sekula inon azaltzen. Hitz hutsen ho­tsa gertatzen da mihi-dantza guztia. «Hitzontzi huts-ontzi» esango luke euskara jatorreko esaera zaharrak. Hitzak apenas ezertarako balio digun, esaten den une labur hartarako ezpada. Eta jardunaren jardunez, lortu dugu hitzari bere mamia eta sinesgarritasuna kentzea.

Eta hitz hutsetan galtzeko arrisku hori, inork edukitzekotan, kristauok daukagu. Inork ez bezalako hitzak dauzkagu. Ebanjeliotik ikasi ditugu. Eta, gainera, gizakiaren barruari zuzen hitz egiten dion hitza daukagu. Bihotzera dihoan hitza. Askatasunez eta maitasunez beterik datorren hitza. Horretan ez dut inolako zalantzarik egiten: hitzik eleganteenak eta beteenak eta pozgarrienak guk dauzkagula. Baina, jakina, hori pozgarria izanik, erantzukizun handikoa ere bada. Izan ere, esaten dugun hitza bizitzan mamitzen eta bete­tzen ez badugu, hitz hori balio-hustua uzten dugu.

Geure hitzek salbatzen edo galtzen gaituzte. Esaten duguna betetzeko kapaz ez bagara, esaten dugunak galdu egiten gaitu. Eta alderantziz: esaten duguna betetzen baldin badugu, hitzaren eta egintzaren koherentziak salbatzen gaitu. Baina hitzaren eta egintzaren arteko koherentzia hori ez da aski kristauarentzat. Bada irizpide seguruagoa, Jesus bera. Kristauak eta Elizak Jesusen galbahetik pasa behar du beti esaten eta egiten duena. Kristauari eta Elizari kanpotik egiten zaizkien kritikek izango dute beren balioa; baina ez handirik Jesusen epaiarekin konparatuta.

Horregatik, arduraz erreparatu behar genieke ebanjelioko gaurko hitzei: «Jaunaren Espiritua niregan dago, berak gan­tzutu nau, behartsuei Berri Ona emateko». Jesusek, bere programa zehazten duen Nazareteko pasadizo honetan, irizpide argi askoa jarri digu: pobrea. Jesusen jokaera eta eginbide guztiaren irizpide izan ziren pobreak, eta hala izaten jarraitzen dute Jesusen jarraitzaile izan nahi duten guztientzat ere. Pobreekiko jarrera askatzaileak emango edo kenduko dio gure hitzari balioa.

Elizaren historian beti gertatu izan da: pobreekiko jarrera zintzo hori ahazten duen neurrian, Eliza bestelako arazoetan sartzen da, gehienetan barruko arazo txikietan. Ebanjelioak eman dion enkargu askatzailea alde batera uzten duenean, liturgia, bokazioak, antolaketa, kasuistika morala eta antzeko arazoak gailen­tzen zaizkio. Bere funtsa galtzen du Elizak. Eta itzulerako bidea ere argi azaltzen da. Itzulerako bidea, konbertsio-bidea, bere nortasunera bueltatzeko bidea, beti pobreen norabidean doa. Pobreekiko harreman hurbilekoan aurkitzen du Elizak eta fededunak bere egia eta bere izateko arrazoia.

Hori bai, Ebanjelioak gure segurantza guztiak hankaz gora jartzen dizkigu. Geure mozorro guztiak eranzten dizkigu. Eta alde horretatik ez zaigu batere erosoa gertatzen Jesusek eman digun irizpidea. Atergabe itzuli beharra daukagu geure «iturrietara».

Bestela, gure jarduerak ez du inolako zentzurik. Gure hitza eta egintza pobreentzako Berri On gertatzen ez bada, zeri edo nori jarraitzen diogu? Ebanjelioko Jesusi behin­tzat ez! Pobreak dira gure erronka nagusia. Gizarte honetan pobreentzako mundu zuzenago eta etseginagoa sortu eta sustatu behar dugu. El Salvadorreko kaltetuei ezin diezaiekegu gure laguntza eta hurbiltasuna ukatu.

Ezin gintezke bestelako arazoen sastraka artean galdu. Arazo nagusi pobreak ditugu: Afrikan gosez hil­tzen ari direnak, gure kale-bazterretan drogak botata uzten dituenak, sidadunak, kaleko umeak… Bestela, hitz ederrak esango ditugu, hitzaldi dotoreak jalkiko ditugu; baina gure hitzak ez du ezertarako balioko. Hi­tzontzi hutsak izango gara. «Hitzontzi huts-ontzi». Horixe!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.