3. igandea. Zuztarreko aldaketa

Jesus(Igandeko ebanjelioa: Mt 4, 12-23)
Sekula ez dut ulertu, nolatan elkartu ohi den Eliza joera kontserbadoreekin, joera atzerazaleekin. Antzinatik datorren ikuskera izan behar du, dirudienez: kristaua, pertsona erlijiosoa, betikoari lotua ikusi izan da. Gizaldiak joan gizaldiak etorri, jende askotxori aldaketaren kontrako indarra gertatu izan zaio erlijioa. Aldaketa sozial handien trenaren gidari joan behar zukeena, azken bagoian beldurti! Zergatik ote? Bere oinarrizko doktrinak aldatuko ote dizkioten beldurrez akaso? Edo, Eliza une bakoitzeko aginteari gehiegiz lotua dagoelako ote? Jesus Jaunak munduan estrainatu zuen aldaketa, eta oraindik ere eginkizun duguna, ahaztu ote du gure Elizak eta gure eliztarrak?
Baina Ebanjelioa, mundua zuztarretik aldatuko duen eragin izatea nahi baldin badugu, oinarrizko galdera bati baietzez erantzun beharra daukagu: prest al gaude aldaketarako, Sistemaren lasaikerian eserita gelditu beharrean? Zuztarreko aldaketa dakar Ebanjelioak, eta zuztarreko aldaketa eskatzen du. Eta, jakina!, bere burua aldaketarako prest ez daukanak nahiago du betikoaren jarrera erosoan segi. Ezer aldatuko ez balitz, hobe! Hartara, ezerk ez du bere lozorro gozotik aterako!
Gaurko Ebanjelio-zatiak bestelako kontuak dakartza. Pedro eta Andres, Santiago eta Joan, arrantzu-lanetan zebiltzan, beren gurasoak eta arbasoak ibili ziren bezalaxe. Betikoak egiten, alegia. Bizi, esistittu! Ezkondu, familia sortu, bizitzari zuku pixka bat atera, etorkizuna argitu, eta gero hil! Biziera hura sekula aldatu behar zitzaienik pentsatze hutsa ere! Baina, Jesus hurbiltzen zaienean, kitto!: «Zatozte, eta giza arrantzale egingo zaituztet». Aldaketa hori guztia ez dela ezerezetik sortzen? Seguru asko ez. Lehendik ere izango zen halako aldatu-nahiren bat gazte haien barnean. Zerbait berriaren bila ibiliko ziren, agidanean. Baina…
Baina… aldaketa hainbesterakoa izan zitekeenik ere! Dena utzi eta Jesusekin doaz. Zer gertatu da? Argia piztu zaie, gaurko Ebanjelioak esaten duen bezala. Zerbait argizkoa ikusi dute. Beren barruak zerbait berezia sumatu du. Eta egia da: argi hura ez dator orduko toki estimatuenetatik. Galileako paraje gutxietsitik dator argia. Orduko eskema erlijiosoetan oso ondo ikusia ez zen paraje pagano xamar hartatik. Jesusek aldaketa dakar, eta ez nolanahikoa. «Bihotz-berri zaitezte, Jainkoaren erreinua hurbil baita».
Jesus dei pertsonal eta dei berritzaile hau egiten hasi zenetik, fededun bakoitzak sumatu du Ebanjelioak eragiten duen aldaketa erabatekoa. Jesusek ez ditu gauzak eta pertsonak bere horretan uzten. Dena hankaz gora jartzen du pertsonaren barnean. Dei egiten duenean, ez da giro! Eta pertsonaren barne-egiturak aldatuz, gizartea goitik behera aldatu nahi du. Gizarte honen jokaerak eta ikuskerak erabat berritu nahi lituzke. Eta horretarako aldatzen ditu eta erakartzen ditu pertsonak. Jesusen aldaketarako deia bere barnean onartzen ez duenak, ez du balio Ebanjelioko erreinua zerbitzeko. Ez du balio, alegia, gizartea Ebanjelioaren arabera aldatzeko. Bere burua aldatzeko prest ez dagoena, oso pertsona erlijiosoa izango da akaso, baina ez da batere harritzekoa kontserbadore eta atzerazale izatea!
Jesusek zuztarreko aldaketa eskatzen du eta gertarazten du. Prest al gaude fededunok aldaketarako? Zerk eragozten digu aldaketa? Zergatik kontserbadore? Zergatik atzerazale? Zergatik betikoaren babesle? Zergatik ez gabiltza gure gizarte honen indar eragileen artean? Aurreko puntan figurazio baboetan ez ibili nahia gauza bat da; eta bestea, oso ezberdina, herri honen aldaketa eragile ez izatea. Bataren aitzakiz ez ote dugu bestea estali? Gaurko Ebanjelio-zatia irakurri eta geuretzeko kapaz baldin bagara, ederki ulertuko dugu zer eskatzen digun Jesusek: zuztarreko aldaketa!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.