31. igandea: Maitasuna bakarra da

Maitasunaz mintzo garenean –eta askotan mintzo gara–, esango genuke maitasun-mota asko daudela: senar-emazteena, platonikoa, sexuala, karitatezkoa, adiskidetasunezkoa… Eta horien arteko diferentziak aipatu eta ikustaraztera jotzen da askotan. Eta, segun zeinentzat, maitasun batzuk «onak» izango lirateke eta beste batzuk «gaiztoak»; «bekatuzkoak» ere bai.

Maitasuna bizitzeko era desberdinak direla ez dago ukatzerik. Baina hori bezainbat ukaezina da maitasuna bakarra dela. Maitasun bakar horrek bide desberdinak egingo ditu, baina, maitasuna den bitartean, maitasun bakar eta beraz ari gara.

Begiratu beharko da, maitasuna esaten dugunean, zer ari garen esaten. Hainbeste kantutan kantatzen den «maitasuna» maitasuna ote den edo beste zerbait. Edo ez ote ditugun geure interes asko gordetzen eta erbailtzen maitasun hitzaren babesean. Egoismo eta intereskeria asko ez ote den maitasuntzat hartu eta bizitzen.

Eta, jakina!, egoismoa ez da maitasuna, intereskeria maitasuna ez den bezalaxe. Ez Jainkoari dagozkion harremanetan, ez lagun hurkoari dagozkionetan. Bietan erabil baitaiteke oker maitasun hitza.

Jainkoarekiko harremana, erlijio-harremana, zenbat aldiz ez dugu erabili izan gure irudia babesteko. Zenbat aldiz Jainkoaren eta erlijioaren izenean, sarraski izugarriak burutu izan diren! «Jainkoak bedeinka dezala Amerika» eta egurra ematen hasi berehala. Hori ikusi dugu eta, zoritxarrez, ikusiko dugu.

Lagun hurkoarekiko harremanetan ere ez da intereskeriarik falta askotan. Beste pertsona nire atsegina lortzeko erabiltzen dudanean, edo nire maitasun-egintzak neure kontzientzia txarra garbitzeko erabiltzen ditudanean, edo maitasun hitza ahoa betean erabili eta pobreak alde batera uzten ditudanean, horietan denetan intereskeria itsua erabiltzen ari gara.

Baina, egoismoa eta intereskeria beti nahastuko dira gure maitasun-bizitzan, ala? Bai, noski. Inork ez dugu maitasuna bere garbienean eta ederrenean bizi. Baina kontua ez da orain garbikerietan jardutea. Kontua da, maitasun-bidea nondik nora ari garen egiten, zein den gure maitasun-prozesua.

Izan ere, maitatzen ere ikasi egiten da, maitasuna ere hezi egin behar da. Eta heziera hori eragitea da inportantea. Umetatik hasita, nerabezarotik pasaz, gazte-esperientziak biziz, heldutasunera bidean, maitasunaren bizikizunak pauso asko ematen ditu.

Intereskeria eta frustrazio askoren bidez ikasten da maitasuna garbitzen eta maitasunari, urrats bakoitzean, helburu berriak jartzen.

Baina, bide horretan eta orain fededun bezala planteatuz, Jainkoarekiko maitasuna eta lagun hurkoarekikoa elkarren irizpide eta neurri bihurtzen dira. Jainkoaren maitasunak lagun hurkoa maitatzera eramaten nau eta lagun hurkoaren maitasuna Jainkoarekiko harremanetik edaten dut.

Eta puntu honetan, askotan egin izan ditugun zatiketak ezabatu beharra daukagu. Jainkoa asko maite dugula esan, mezetara joan eta otoitz egiten dugulako edo moral-bide jakin batzuk gordetzen ditugulako, eta ustezko maitasun hori gizarteko pobreen ardura bihurtzen ez bada, maitasun hori ez da Jesusek eskatzen duena.

Jesusek eskatzen duen Jainkoarekiko maitasuna erabatekoa da, «bihotz-bihotzez, gogo-gogoz, adimen osoz eta indar guztiaz» bizitzen dena. Ikus dezakegu, beraz, Jainkoari omen diogun maitasunak zenbateko egia daraman bere barnean. Askotan eliz barruko hitz hutsa besterik ez da izaten. Beste batzuetan, berriz, pertsonaren osotasuna eta edertasun betea erakusten du.

Pertsona Jainkoaren maitasunak hartzen duenean, berehala antzematen zaio, ez ordea elizako errezu eta jardunetan; handik irtendakoan baizik, pobreen arduran, beharrean daudenekiko hurbiltasunean, bere zerbitzu apalean. Jainkoaren maitasunak lagun hurko premiadunen bidera eramaten du, han bere maitasun ederrena bizitzeko.

Hori gutxik egiten dutela? Zuretzat eta niretzat hor dago aukera. Jainkoaren dohainak maitale izateko erregalua egin digu, eta hori onartu eta maitasuna era betean bizitzea da kontua.

Orduan garbi ikusten da, maitasuna bakarra dela.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.