5. igandea: Gazi-gozo-geza-giza

Itsa olatuak1(Igandeko ebanjelioa: Mt 5, 13-16)
Fedeari bizitza gozatzea eskatuko litzaioke, eta hori eskatzen diogu. Giza bizitzari sentiduaren gozotasuna eman diezaiola, alegia. Giza bizitza gozatzeko balio ez duen sinesmena, zertarako beharko genuke? Fededun izan omen den askori hori omen da gertatu zaiona: fedeak ez diola bere giza bizitzarako ezer pozgarririk eta gozagarririk eskaintzen; eta horregatik utzi omen dute. Gazitasuna galdu duen gatza, gezatu den gatza, gozatzeko balio ez duen gatza, bota egiten da elferrikako gauzen memoria galduan. Kristau-fedeari hori ari zaio gertatzen gure gizarte geza honetan.
«Zuek zarete lurraren gatza». Horixe dugu eginkizun eta bokazio, gizartea gazitu eta gozatzea. Gizarteari bizi-sentidua txertatzea. Gizatasunaren gorabeherak argitu eta pozteko aukerak eskaintzea. Jesusen Berri Onaren zorion-bidez zorion-aukerak eskaintzea gizon-emakume guztiei, bestelako zorion-aukerarik ez dutenei bereziki. Eta nahi dena esango da, baina gaur jende asko dago bazterretan zorion-eske, askatasun-eske, bizitzeko pozaren eske, egiten dutenaren eta sufritzen dutenaren sentidua nork emango eske eta zain.
Eta fededunok ez gara gaurko gizartean bizi-ilusioa sortzeko kapaz. Askotan geure bizitzarako lain gatz ere ez daukagu. Eta geure bizitza gozatzeko balio ez diguna zer-nolako sinesgarritasunez eskain diezaiekegu besteei? Geure eliz elkartearen barruan bizitasuna eta nobedadea sortzeko gai ez bagara, zer eraman dezakegu kanpora? Gatza gezatu egin zaigu eta ezin giza bideak gozatu, horixe!
Baina, bada beste gauza bat kontuan hartu beharrekoa. Gatzak bere gazitasuna eta gozotasuna indarrean edukita ere, era bakar batean goza dezake janaria, urtuz. Urtuz, bai; ez bestela. Gatzak ez ditu bazterrak gozatuko, kanpotik aholku onak emanez. Eta gaur Elizari gertatzen ari zaion gauzarik txarrena, ez dela giza bizitzaren barruan urtzen. Ez daukala gizartearen arazoekin konplizitaterik. Kanpotik begiratzen diola gizarteari. Eta, era horretan, nekez gozatuko du gaurko gizartea.
Gaurko gerra-giroa, gaurko mundua zauritzen duen injustizia ikaragarrria, pobreen zoria gero eta pobreagotzen duen joka­molde liberal amorratua, gizartearen barruan kasta zokoratuak pilatzen dituen biziera gezurti eta pestosoa… hori guztia konplizitatez salatzen ez duen Elizak bota ditzake nahi dituen diskurtso eta hitz-jardun guztiak; baina ez du gizartea gozatuko. Bere doktrina soziala ederra izango du, irakaspen zoragarriak banatuko ditu han-hemen… Ez alferrik!
Eta arazo pertsonaletara etorriz, pertsonen biziera sufritua gozatu behar ez badu, zertarako da Eliza? Doktrinak mantentzeko? Homosexualen lotsakizuna, sidadunen begirada itsua, etorkizunik ez duten zaharren isiltasun hila, ezkontza eskuetan lehertu zaien bananduen egoera etsia, tratu txarrez duintasunaren ezpalak galtzen ari diren emakumeen bakardadea, kartzeletan torturaz pertsona kakaztua senti­tzen dutenen ezintasuna… egoera horiek gozatzeko gatzik ez badu, zertarako ditu Elizak bere doktrina guztiak? Doktrina guztien gatza gezitua leukake, giza zori tristea gozatzen ez badaki.
«Zuek zarete lurraren gatza» esan digu Jesusek. Badakigu! Giza bizitzan urtuz gozatzen du gazitasuna mantentzen duen gatzak.
Bestela, berriz, gure gatza gezatu dela erakutsiko du. Eta gezatu den ga­tzak etorkizunik eta konponbiderik ez du. Bota eta kitto! Jesusen Berri Onak, ordea, badu gizartea gozatzeko bokazioa. Gure bihotza irekiko ahal diogu eta gazitasuna indarrean duen gatz gozagarriaren eraginera itzuliko ahal gara! Gazi-gozo-geza-giza!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.