7. igandea: Jainkoaren mailakoak

Argitasun handia(Igandeko Ebanjelioa: Mt 5, 38-48)
Joan zen igandekoari lotuta dator gaurkoa. Gehiago eskatzen digun Jesusen agintea eta itzala aipatu genituen orduan. Gaurko ebanjelioan, baina, orduko gehiago hura gehiegi bi­hurtu ote den! Jesusek esaten eta eskatzen diguna gure neurrietatik kanpo dagoela, ez dago dudarik. «Izan zaitezte guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala». Inoiz zorabioa aipatu izan dugu eta, noizbait hitz hauen aurrean jator jartzen bazara, ulertuko duzu zer den zorabioa! Jainkoaren mailan jartzen gaitu Jesusen Hitzak.
Ebanjelioak halako amets handiegietara eraman dezakeela salatu izan dute batzuek. Arrazoiz, uste dut, zeren eta hitz hauen aurrean batek gal baitezake bere giza oreka sanoa eta desioaren amets neuritikoetan hegatu zintezke. Ezertarako ez da ona geure mugen sena galtzea eta erlijio-alorrean gaitz handiak eragiten ditu. Honekin guztiarekin ez dugu beldurra eragin nahi. Ez da beldurtzeko. Aurrekoan esaten genuenez, Hitz ederreko gizona da Jesus. Eta Jesusek ez du sekula bilatzen gu beldurtzea edo kikiltzea. Zer egin?
Hartu ezazu gaurko ebanjelioa eskuetan eta eseri zaitez patxadan. Irakurri lasai, barneratuz. Benetan eroa izan behar da hitz hauek sinesteko! Nork asma zezakeen, Jainkoak berak izan ezik, guk Jainkoak bezala maitatu behar dugunik! Eta maitasun-maila hori proposatzean, ez da teorien gozotan urtzen Jesus. Eguneroko maitasun-ariketaz ari da: zuzenkontrako gogorkeriaz, haserre dauden senideen borrokaz, odoletarainoko lehia politikoaz…
Norbaitek esango balu oraintxe bertan, Jesusen proposamen hau ez dela arrazoizkoa, nik ez nioke kontra egingo. Baina, arrazoizkoa al da Jainkoak gu maitatzea?, arrazoizkoa al da Jainkoak zintzoak eta gaiztoak maitatzea? Ondo pentsatuz gero, Jainkoak bazuen arrazoirik aski, ni bazterrera uzteko, ni neure indarren arabera uzteko. Beraz, buru pixka batekin pentsatzen jarrita eta gure munduaren ibilera gatazkatsua ikusita eta neure errealitatea ezagututa, normala ez ote litzateke izango Jesusen mezua alde batera baztertzea, ezinezkotzat jota?
Baina, bada zerbait Hitz horretan eta nire barruan, maitasunari errenditzea beste irtenbiderik ez daukadala esaten didana; doako maitasunak daukala azken hitza esaten didana. Eskatzen zaiguna perfekzioa da, Jainkoaren mailako ontasuna. Gaztetan, giro erlijiosoan hezia izanez gero behintzat, izan ohi da perfekzio-garai bat, idealaren indarrak hegan eramaten zaituena. Santu izan nahi: lagun hurkoa, misioak, bertuteak…, beti gehiago.
Gero, baina, errealitatearen pisua sentitzen du batek, eta ulertzen duzu zure megalomania horiek ez dutela irtenbiderik zure eguneroko errealitatean. Errealitateak bere egia erakusten dizu. Perfekzioa gero eta urrutiago sumatzen du batek. Eta orduan zer? Ebanjelioa alde batera utzi? Beste mila zeregin sortzen da, egin behar dituzunak egin bai, baina etsipenez eta frustrazioz egiten dituzu. Ez zaizu barrutik inolako indarrik sortzen.
Edo beste aukera hau: ikusi, Jainkoak bere mailarako ez dituela heroiak aukeratu; pobreak baizik, maitatu ezinez dabiltzanak, ahulak, beren ezina aitortuz esker ona atergabe bizi eta aletzen dutenak. Ikus daitekeenez, kontua ez da sentimendu on batzuk sortzea eta batek perfekzioz maita dezakeela uste izatea. Egin beharko genukeena hau da: bizitzan gatazkak sortzen zaizkigunean eta, ondorioz, axolarik eza edo maitasunik eza gailentzen zaigunean, edo erremina edo gogorkeria, zeure bihotzera sartu. Artean maita dezakezu. Ez utzi bihotza ixten!
Jainkoaren erara maitatzea, barrutik iturri bat pizten dela ikusiz, ikusgarri ona da. Jainkoak bakarrik maita dezake, Jainkoak maite duen bezala! Derrigorrezkoa maitasun horretan sinestea da!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.