8. igandea: Segurtasun bila

Txantxangorri(Igandeko Ebanjelioa: Mt 6, 24-34)
Gure ardurak kezka bihurtzen zaizkigunean, bizitza erabat hondatzen zaigu, estutasunak hartzen digu barrua. Ardurak denok bizi ditugu eta bizi behar ditugu, pertsona helduak bagara; baina ardurak kezka ez bihurtzea ongi zaindu behar genuke. Gure kezka ekonomikoak (behar duguna ez edukitzeak edo gehiago eduki nahiak, adibidez) zenbateraino larritzen gaitu? Gure bizitzaren segurtasuna zertan oinarritzen dugu: egoera kontrolatzean edo Jainkoarengan uste on izatean?
Esango dugu: horiek, ordea, normalak ez ezik eduki beharreko kezkak dira. Mundu honetan bizi behar dugu eta bizitzak berekin duen kezka geure gain hartu beharra daukagu. Nola bizi gaitezke landako txoriak bezala, alai eta kezka gabe? Giza sikologiaren ikuspegitik, gainera, Jesusen proposamenak ematen du heldutasun-eza erakusten duela. Esanez bezala: benga!, bizi gaitezen datorren bezala, ez daukagu biharkoaz zer kezkaturik, izango da zerbait! Heldutasun-eskasia handia erakutsiko genuke.
Gainera, inprobisazio arin hori onartezina ikusiko genuke gure gaurko munduan. Etorkizuna neurri batean bermatu beharra daukagu. Pertsonaren behar nagusiak aurrez bideratu behar dira: hezkuntza, familia, osasuna, lana… Egia da, hori ere esan behar da, nolabaiteko harridura eta inbidia ematen digula Jesusek esaten duen bezala bizi ahal izateak. Asisko Frantziskok egin zuena egitea: dena utzi eta libre, behar dena eskale bezala bilduz eta etorkizuna Jainkoaren eskuetan utzita.
Baina, guk geure ikuspegi zimurrez, Frantziskoren bizimodua ere desitxuratu egin dugu, poesia gozo baten aparretan, ikuspegi bigun eta amultsuan, dena ezinezko idealizazio amestian bilduz. Frantziskoren bizimoduak oinarrian duen jarrera sendo eta erabaki finkoa ez zaigu gustatzen. Jesusi berari ere begira diezaiokegu. Bere Aita Jainkoari begiratzen dionean, nolako xumetasunez, nolako haur-bihotzez hitz egiten duen! Hainbesteraino babestua sentitzen da bere Aitaren besoetan!
Baina gu helduak gara! Guk garbi dauzkagu erabakiak! Eta gure bihotz kezkatuak ez du ezertxo ere ulertzen gaurko ebanjelio-zatian. Zertaz ari da Jesus? Zer esaten du: banketxean ez dugula diru-babesik eduki behar? Ez. Hori baino gauza inportanteagoa esaten du: gure oina ez dugula finkatu behar gure segurtasun-sistemetan. Gure oinak zoru bakarra duela, Jainkoarengan dugun konfiantza!
Ez dakit, irakurle zintzo horrek inoiz probatu duzun zure bizitzaren brida Jainkoari uztea zer den, zure guztia haren eskuetan lagatzea, zure bizitza kontrolatu beharrik ez izatearen bakea. Inoiz estualdian gertatzen da hori, irtenbiderik gabeko egoera batean zaudenean eta Jainkoarengana jotzen duzunean. Horrelakoetan ez zaigu guk uste genuen irtenbidea ematen, baina Jainkoaregan konfiantza jarri izanak barrua aldatzen dizu, zeure problemarentzat behar zenuen irtenbideaz ahazteraino. Jainkoak eutsi dizu ezinean.
Hau dena gure eguneroko bizitzako esperientzia txikietara ekarri behar dugu, ondo izateko. Egun osoa zeure planak egiten ari al zara, ekonomiaz, lanaz edo zeure espirituaz? Antsietate hori ez ote da ihesbide bat? Zeri egin nahi diozu ihes? Antsietate horrek ez dizu eguneroko gozamen txikiak bizitzen uzten.
Etxebizitza hobea erosteko dirua aurreratzen ari zara beharbada, edo zure lankideen mailako oporrak antolatzeko asmotan? Hori ez da txarra, esango duzu; baina ez ote zara ari zeure bizitza kate batean lotzen? Hau dena airean jartzeko ez daukagu indarrik, badakit. Baina ez al dezakegu zerbaitekin proba egin? Orain arte hain ezinbesteko ikusten zenuen eta zure askatasuna kateatzen dizun zerbait, igual utz dezakezu. Oraintxe bertan bihotza estutzen dizun zerbait hartzazu gogoan. Zergatik ez duzu Jainkoaren eskuetan uzten? Zergatik ez probatu Jainkoarengan atseden hartzea zer den, beti segurtasun bila ibili gabe?

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.