A uretra 14: Atseden hartzearen alde

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 11, 25-30) Uztaila etorri da, eta opor-usaina indarrean da bazterretan. Larritasun estuan abiatu da zenbait bere oporretara. Atseden hartzera omen. Baina, kuriosoa da, atseden hartzera atsedenez abiatu ordez, atseden har­tzera abiada nekagarriz goaz eta atseden hartzera nekatuagoak iristen gara. Behin nahi dugun hartara iri­tsitakoan hasten da nonbait atseden hartzeko garaia! Zergatik ez goaz atsedenez atseden hartzera?

Atsedenera bidean garamatzan estuasun hori ez ote da gero ere atseden hartzea eragozten diguna. Neke fisikoari botatzen dizkiogu gure itolarriaren erru guztiak; baina ez dakit ba neke fisikoarena bakarrik ote den! Gure nekea sakonagotik ote datorren nago. Eta, beraz, gure atsedenak ere alor sakonagoak ez ote lituzkeen hartu beharko!

Nekatuta gabiltza. Nola hartu atseden? Hori da kontua. Bizitzari ihes egitea, esaten dute batzuek, omen dela atsedenik onena. Baina gure bizitza bera da nekatuta daukaguna eta nekatuta daukaguna alde batera uzten badugu, zer atseden da hori eta zeren atseden? Gure bizitza nekatuak behar du atseden. Atseden har­tzeko, bizitza utzi ez, baizik bizi-moldeari adarretatik heltzea da onena. Zergatik nekatzen zaigu bizitza? Zer egiten dugu gaizki gabiltzan itolarrian ibiltzeko? Zer ez daukagu bere onean, barrua horrenbeste neka­tzeko? Galdera horiei erantzutea izan daiteke atseden hartzeko modu onena.

Arazoak ahaztu eta dibertitu, esaten dute beste batzuek. Lehengora gentozke berriro. Oporrak amaitutakoan berriro ere arazoetara itzuli eta lehengo neke berarekin? Hori ez da atseden hartzea. Arazo horien arrazoiak eta itolarriak aztertu beharko ditugu; eta beharbada arazoei beste era batera begiratzen hasi beharko dugu.

Atsedena egoki hartzekotan, pertsonaren barruari begiratu beharra dago. Pertsonak barrutik bizi ditu bere neke eta pozak, bere negar eta gozotasunak, bere ezin eta gogoak. Eta barru horri eman behar zaio behar duen atsedena. Zertan nekatzen zaigu barrua? Maitatu nahi eta ezinean, maitatuak izan nahi eta nahiari irtenbidea eman ezinean, gure harreman zailetan, adinak sortzen dizkigun ezintasunetan, garai bateko ilusioak birkokatu ezinean, lanari eta sufrimenduari sentidua aurkitu ezinean… Horietan nekatzen zaigu barrua, eta horien zuztarrera jo behar dugu, benetako atsedena gozatzekotan.

Egia da, bizi-sentidua da barrua gehien baretzen diguna. Egiten duguna zergatik eta zertarako egiten dugun jakitea. Sufritzen dugunean, maitatzeagatik sufritzea. Lan egiten dugunean, barruko aurrera-ametsez lan egitea. Bestela, antsietatearen ondoezak irensten digu guztia. Sentidua landu, esango genuke, opor-garairako ariketa seinalatzean. Irakurketa on bat. Gogo-jardunak edo antzeko barneraldia. Berbaldi eta harreman-berritze sakona. Kultur gozamen aberasgarria.

Egia da, gorputzak ere behar izaten duela, eta behar duela, atsedenaldia. Hondartza bateko egonaldia edo pasealdia. Mendi-ibilaldi lasai eta aire-berritzailea. Presarik eza eta lasaitasuna. Baina, gorputzari atseden gehien eragiten diona, barrua bere onean edukitzea dela esango nuke. Eta, irakurle jator, fededuna baldin bazaitut, gaurko ebanjelioak dioena: «Zatozte niregana, nekatuok, nahigabetuok; eta nik arinduko zaituztet». Sakon-sakonean ez ote du Jesusek beregan biltzen gizakion bokazio sakonen eta beteena! Udako oporraldia hasi da. Lehen txadako jendea joan da hortik zehar. Laster etorriko da gure txanda ere. Ez da joateagatik joatea. Zertara goazen, zer egitera, nola egitera, zeren bila… Hori galdetu eta argitu beharko genuke, atseden hartzearen alde.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.