A 15: Ereile nekatuok

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 13, 1-23)
Haziaren atarramentua ez dago kontrolatzerik. Ereileak erein dezake eta gero haziari berezko jardunean laga behar zaio, berak berez ematen duena eman dezan. Ez dago erritmoak aldatzerik. Ez dago zenbatekoa behartzerik. Ez dago, azken batean, haziaren ibilbidea aldatzerik. Lehen landaretxoa ateratzeaz bat has zintezke hostoetatik tiraka, azkarrago haz dadin. Ez alferrik!, landarea hondatzea besterik ez duzu lortuko. Haziari bere legea errespetatu behar zaio.
Jesusek bere asmoaren zoria haziarenarekin konparatu zuen. Jesusek gizakiontzat ekarri duen proiektuak haziaren lege berak ditu. Eta lege horretara errenditzen ez denak ez du ulertuko sekula nola jokatzen duten eta nola gertatzen diren Jainkoaren asmoak. Eta horretatik letorke ebanjelizatzaile askoren nekea. Eguneroko jardunak sortzen duen nekeaz gain, eta hori baino okerragoa, gauza kontrolatu nahi eta ezinaren nekea izan daiteke.
Guri dagokiguna, Berri Ona zabaldu nahi duen fededunaz ari naiz, ereitea da. Hazia botatzea. Ugari bota. Nonahi bota. Leku edo lur desberdinetan suertatuko da hazia. Baina beti ematen du bere fruitua. Emaitzak oso desberdinak izan daitezke, eta hala izan ohi dira; baina haziak beti ematen du bere fruitua. Ereileak ezin dezake erein baino beste askorik egin. Erein eta pazientzia izan. Erein eta haziaren berezko jarduerari itxoin. Utzi gauak eta egunak igarotzen, eta zain egon. Zain egon, edo zain jardun. Pazientziazko jarrera, egotea baino aritzea baita.
Lurrari ere lagun diezaioke ereileak, egia da. Orain bezalako lehortea parean tokatzen denean, ura eman diezaioke. Baina, ureztatzean ere, alferrik da ura eman eta eman jardutea. Ura ere bere neurrian, bestela hazia gal daiteke. Ikusten dena zera da: haziaren beraren erritmoa ezin daitekeela behartu. Haziak duen egin beharrekoa ezin dezakeela ereileak ordezkatu. Laguntza guztiak eman bai, baina beti haziaren atarramentua errespetatuz.
Gaur oso zaila da ebanjelizatzailearen lana. Ez da haziaren fruitu handirik azaltzen. Badirudi lehorteak erre dizkigula bazter guztiak. Gainera, Jesusen mezuaren hazi txikiak eman dezakeen fruitua ez da izaten guk nahi genukeen motakoa eta neurrikoa.
Eta, komunikabideetan aireratzen direnei kaso egin ezkero, bistakoa da oso zaila dela Ebanjelioko haziaren fruituez jabetzea. Gehiago esango genuke: gaurko komunikazio-burrundara builosoaren erasanez, ematen du ez duela Ebanjelioak inolako fruiturik ematen, ez handirik eta ez txikirik. Fedearenak egin duela, alegia!
Baina, ez du egin. Hazi orok ematen du fruitua, eta Ebanjelioarenak ere bai. Ereileok ikasi beharko dugu haziari bere erritmoan uzten. Ohitu beharko dugu fruitua ez kontrolatzen. Ohitu beharko dugu azaleko itxura baino sakonago begiratzen. Eta argi ikusten da, oraindik ere emaitza handia dakarrela Berri Onak: poza, barruko askatasun estimagarria, behartsuekiko maitasuna, munduko eta inguruko pobreekiko hurbiltasuna, justiziaren aldeko borroka, harremanetarako bihotz handia, kartzelatuekiko bisitak, baztertuei luzatzeko esku irekia, bakartienganako konpania-eskaintza…
Egia da, gaur ereileok oso nekatuta aurkitzeko arriskua daukagu. Baina gaurko ebanjelio-zatia arretaz irakurri eta hausnartzen badugu, ez daukagu zertan etsirik. Haziaren indarra, berezko indarra, guk uste baino askoz handiagoa da. Eta horek itxaropena sortzen du, aurrera egiteko adorea, ereite-lehian jarraitzeko arnasa. Haziak merezi du ereile nekatuon ahalegina!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.