A 2. igandea: Nor da Jesus?

Jesus(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 29-34)
Eguberri, Epifania, Bataioa… Jesus ezagutzeko iturri onak izan ditugu. Nazareteko gizon egin den horrengan, Jainkoaren presentzia sumatu ahal izan dugu. Batez ere, Bataioaren bidez mesianismoaren ibilbidea azaldu digunean. Eta Jesusi begira, gauza asko dakizkigu jakin; eta esan ere, asko esan genezake. Baina, nor da Jesus? Jesus ez baita laborategian analizatu eta xehetu daitekeen  zerbait. Jesus ez da, ikas daitezkeen datoez patrikaratu daitekeen zerbait.
Gaur bertan askotxorentzat Jesus, ezagutzen duten zerbait da. Sasoi batean “fededun” izan ziren. “Fededunari” zegozkion elizkizunak eta esperientziak egin zituzten, eta ustez badakite Jesusek zer ematen duen eta zer eman dezakeen. Badakite fedearen mundu ezagun horrek zer eskaintzen eta eskuratzen duen. Eta ez dute sentitzen sakontasun gehiagotan sartzeko premiarik. Fedearen mundu hori kontrolatua daukate. Eta, dena hitz batean esateko, horretatik ez dute ezertxo ere espero.
Beste batzuk, berriz, Jesus ezagutu dute eta beren bizitza guztia ezaguera horren inguruan bizi dute: elizkoiak dira, errezatzen dute, jokaera moldeatu baten arrastoan dabiltza… Eta hauek ere, beren jokaera birtuoso horren bidez, Jesus kontrolatua daukate. Dena harengandik espero dute, ez Hark ematen dielako, berek merezi dutelako baizik, hain baitira onak eta ematen zaien guztia merezi dute, zor zaie. Hauek beren bizitzako gauzak bideratzeko barne-adore gehiegirik ez baitute, Jesus patrikan daramate behar guztiak konpontzeko. Mukiak kentzeko musuzapia.
Baina, nor da Jesus? Jesus ez da ezagutu eta kontrola daitekeen zerbait. Ezin daiteke kontrola, ez ezagueraz ez birtutez. Jesus norbait da, nor bat. Eta nor oro, pertsona oro, abentura da, hitza barkatzen badidazu. Eta abentura esatean ez dut esan nahi, beti auskalo batean biziarazten gaituen norbait denik. Abentura hitz horrekin, harremana aipatu nahi nuen. Eta pertsonen arteko harremana, maitasunezkoa denean, kontrolaezina izan ohi da, ustekabeak sortzen dituen harremana, beti berria, sailkatuezina. Eta Jesus horrelakoxea da. Nor bizi eta bizigarria.
Gure izaera razionalistak zientzietarako balioko du, seguru asko. Izadia menperatzeko eta izadi-legeak bideratzeko balioko du, seguru asko. Baina, giza-bizitzarako ez du asko balio. Bizitzari sentidua emateko, sufrimendua argitzeko, harremanak berritu eta edertzeko, adiskidetasunerako, bakoitzaren historia batasunean josteko… horretan guztian ez dauka giza-razionaltasunak zer esanik eta zer eginik. Giza-mailako esperientziak ez dira kontrolatzekoak, zorionez! Eta horrek esan nahi du, giza-esperientzia abentura dela, beti ustekabekoa dela. Jeus ere horrela da!
Bai. Jesus nor den jakiteko, berarekin egon eta izatearen esperientzia egin beharra dago. Harengan mesias, salbatzailea, Jainkoa, ezagutzeko, usteonez harengana hurbildu beharra dago. Harreman maitasunezkoa da, afektiboa. Harreman pertsonala da. Abentura den aldetik, beldurra ere ematen du, ez baitakizu zer gerta daitekeen. Erreinuaren sustrai-sustraiko esperientzia egiteak bizitza osoa hankaz gora jartzen du. Eta gero eta ustekabekoago gertatzen da dena. Baina, horretan guztian Jesus ezagutzen duzu.
Jesus ezagutzen duzu edo, hobeto esanda, Jesus ezagutzen zoaz. Maite duzuna ez baitago betirako ezagutzerik. Elkar aurkitze eta elkar egite bete eta bizia sortzen da. Eta elkarrekin izan eta egitearen abentura bizi denean, ezagutza sakonenean sartzen zara. Jesusekin horrelaxe dira gauzak. Ederrak eta libreak. «Ez nuen ezagutzen… Ikusi dut». Ba al dakizu nor den Jesus?

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.