A 23: Bestea senidea da

Pobreak2(Igandeko Ebanjelioa: Mt 18, 15-20) Gaurko ebanjelio-zatiak elkarte-bizitzarako jarrera nagusiak aipatzen dizkigu. Jakina da elkarte-bizitzak beti izan dituela zailtasunak, eta gaur ere baditu. Ez baita elkarrekin egotea bakarrik. Askoz gehiago da, elkartasunaren, komunioaren, kontua da. Jesusek ez zigun elkarrekin egoteko eskatu, elkarrentzat izateko baizik. Eta horrek baditu bere baldintzak.

Jakin badakigu, harreman-arazoak konpondu nahi ditugunean, badirela oinarrizko jarrera batzuk, saihestu ezin daitezkeenak. Etika ikuspegi hutsetik begiratuta ere, elkar-bizitzak bere legeak ditu. Elkarrekin bizitzea bere onean burutu nahi baldin bada, esate baterako, ezin daiteke aurrekoa etsaitzat hartu. Gaur egun aski ohikoa dugu aurrean beti etsairen bat izatea. Beste era batera pentsatzen duena etsaia da. Gehiago irabazten duena, etsaia da. Niri itzala egiten didana, etsaia da.

Eta etsaiaren ikuspegitik ezaguna da zer gertatzen den, guda sortzen dela eta bizitza osoa borroka bihur daitekeela. Frenteak sortzen dira, bandoak, ideologiak, taldekeriak, sektak; eta denetan etsaiaren ikuspegia dago sustraian. Etsaiaren aurrean geure burua babestu egin behar edo, bestela, bestea txikitu eta ezabatu egin behar. Eta honelako kasuak ez dira gutxi egungo gizartean.

Elkar-bizitzari dagozkion jarreran jartzekotan, ikuspegia aldatu beharra dago. Etsaiaren ordez, gutxienez pertsona ikusten hasi beharko dugu. Pertsona, pertsonari dagozkion duintasun eta eskubide guztiekin. Eta, gutxienera jota, pertsona horren duintasuna errespetatzea eskatu beharko da. Errespetu hori babesteko legeak eta zigorrak eta zehaztu ditzakegu; baina, azkenean, ez diote etsai-indarrari muga jarri besterik egiten. Gero, gutxien uste denean, mugak lehertzen dira eta gertatzen diren gauzak gertatzen dira.

Horrez gain, gutxienekoaz ari baikinen, Jesusen maila dago, Berri Onaren maila. Jesusentzat ez da nahikoa pertsona ikustea; Jesusek, gainera, senidea ikustarazi nahi digu pertsona horrengan. Odol bereko senidea, Jainkoaren odoleko senidea. Jesusek, Nekaldi-Piztueran, harreman berri batean sartu gaitu Aitarekin. Eta harrezkero Jainkoa guztion Aita dugu eta, beraz, guztiok elkarren senide gara. Eta senide bezala hurbildu behar dugu elkarrengana.

Hortik ulertzen da gaurko ebanjelioak proposatzen digun senidetasunezko zentzaketa. Gaizki jokatu duena ez da etsaia, senidea baizik. Eta, beraz, gaizki portatu dena ezin daiteke desegin, etsaiarekin egingo litzatekeen bezala. Gaizki portatu dena senidea denez, errekuperatu egin behar da. Eta errekuperazio hori da fededunak bizi behar duen ahalegina. Behin, bitan, hirutan… behar den denetan eman behar zaio senideari aldatzeko aukera.

Ikuspegi senidetasunezko honetatik etor gaitezen geure elkarteetara. Lehen mailan, familia da gure elkartea. Nola gozatu harremanak? Nola sendatu zauriak? Nola barkatu elkarri? Beste pertsona hori senidea duzu eta senideari dagokion maitasuna eskaintzen diozu. Bigarren elkartea, parrokia izan daiteke. Parrokia ez da ezezagunen bildulekua. Senideen elkartea da. Parrokiako kide bakoitza senidea dut, Jainkoak hura eta ni senidetu gaituelako. Beraz, familiako kide bat neure zati dudan bezala, halaxe eliz elkarteko kide bakoitza ere. Eliz elkarte handiaren barruan, talde txikiago baten kide banintz ere, ez dugu ahaztu behar gure talde guztien ama eliz elkarte handia dela.

Begira nora iritsi garen etikazko jarrera hartatik hasita. Etsaia urruti geratu da. Pertsona duintasunean jasoa geratu da. Izan ere, pertsona senide bihurtu baizait. Jesusek ez gaitu juntatu elkarren ondoan egoteko, elkarren senide izateko baizik. Maitatuak eta maitale, senide!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.