A 24: Barkazio hartua, barkazio emana

Semea1(Igandeko Ebanjelioa: Mt 18, 21-35) Barkazioa! Ez da erraza gaur barkazioaz hitz egitea. Alde batetik, giza duintasunarentzat onartezina dela esaten da, kaltetuei barkazioa esijitzen zaienean. Bestetik, geure errudun-senarekin lotzen dugunean, barkazioa kaltegarritzat ikusten da, ez baitu errudun-sena sakondu besterik egiten. Sinestedunok ere errazago ulertzen dugu barkazioarena Jain­koarekiko harremanean, lagun hurkoarekikoan baino. Geu­re eskubideez hainbesteraino gaude mozkortuak, ze oinarrizkoa ahazten dugu: senidetasunak, geurea ahazteak, geure babes itxiak hausteak bakarrik sor dezakeela biziera askatua. Gauzak ongi, biak uztartu behar genituzke: Jainkoarengandik hartzen dugun barkazioa eta senideei eskaintzen diegun barkazioa. Bata gabe, apenas posible den bigarrena. Hala dio «Gure Aita» otoitzak eta hala dio gaurko ebanjelioko pasarte argiak.

Gaur eskuartean daukagun parabola hau, kristau-elkarteaz ari delarik kontatzen zaigu (joan zen igandekoaren jarraian dator). Eta kristau-elkartea esaten badugu, berdin esan dezakegu familia, parrokia, auzoa, lan-esparrua. Elkar-bizitzaren giroan esaten digu Jesusek dela inportantea barkatzen jakitea.

Elkarrekin bizi garela arazo pertsonalak edo taldekoak sortzen zaizkigunean, gogoan hartzen baditugu Jesusen hitzak, zer eskatzen digute? Barkatzea ez ote da inuzentearena egitea? Baboarena egitera behartuak ote gaude? Elkarrekin bizi nahi dugunean, elkarbizitza horrek neure bu­ruaz ahaztea eskatzen dit, neure «eskubideen» gainetik maitasuna jartzea. Elkarbizitza eskubideetan oinarritzen denean eta eskubideak dituenean iturburu, etorkizun motza izango du. Horrek ez du esan nahi, noski, elkarbizitzak eskubideak errespetatu behar ez dituenik. Elkarbizitzaren oinarria non jartzen den aipatzen ari naiz.

Elkarbizitza askotan eskubideen sokatira bihurtzen dugu, eta orduan elkarbizitzarenak egin du. Elkarbizitzak bere giharra sendo zaindu nahi badu, maitasunaren iturrira itzuli behar du atergabe. Gizarte-bizitzan justiziak zeregin nabarmenagoa izan dezake, baina elkarbizitzan justizia borrokagai egiten dugunean, etena sortzen da. Ikuspegi honek baditu bere arriskuak, badakit. Bihotz-zabalekoa izan behar omen da. Baina nori tokatzen zaio bihotz-zabala izatea? Ahulari, etenari beldur dionari, egoerak aztertzeko gaitasunik ez daukanari edo betikoei (emakumeei, ia beti galtzaile atera izan direlako; edo indargabeei, besteen jostailu erabilgarri direlako).

Honek guztiak, heldutasun afektiboa lortzeko heziera eskatzen du. Biak elkarrekin lotzen ikasi behar da: bihotz handiko barkazioa eta egoera zehatzak aztertzeko argitasuna. Adibideak jartzeko: pertsona batzuek ikasi behar dute barkazioa ez eskatzen, gatazkaz hitz egin eta bizi izandako istilua aurrez argitzen ez bada. Beste batzuek, berriz, arrazoi gutxiago bilatzen ikasi behar dute, eta bihozberatasuna eta maitasuna garatzen.

Etor gaitezen, baina, iturrira. Jainkoak nola jokatu du nirekin? Zergatik barkatu dit dena Jainkoak? Zergatik ez dio nire esker txarrari esker txarrez erantzun? Jainkoaren jokamoldea begiratzeak irizpide egokia emango digu lagun hurkoarekin behar bezala jokatzeko. Jainkoak nik merezi gabe barkatu badit, nik zergatik kobratu behar dut barkazioa ematea? Jainkoak nire zorraren handia kontuan hartu ez badu, nola neurtu behar dut egin didaten kaltea? Jainkoa ona izan baldin bada nirekin, zergatik ez dut nik ona izan behar ondokoekin?

Badira barkazioak bakarrik senda ditzakeen zauriak. Egia da, barkazioa eskatzeko presarik ez da izan behar. Presa izatekotan, barkazioa emateko izan beharko nuke. Barkazioa esijitu, ez dago esijitzerik; barkazioa bihotzetik sortzen ez bada, behartzea alferrik da. «Ez dut sekula barkatuko«, esaten dute batzuek. Ni ez naiz inor barkatu behar dutela esateko. Beharbada, barkaziora iristeko bideak landu eta gozatu beharko genituzke. Barkazioa prestatu egin behar da. Eta ez ahaztu gauza bat: barkazio hartua bakarrik izango da barkazio emana!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.