A 25: Bestelako justizia

Emakumea(Igandeko ebanjelioa: Mt 20, 1-6a) Justiziaz ari garenean, auskalo zertaz ari garen! «Bakoitzari berea ematea» edo «bakoitzaren eskubideak errespetatzea» edo «bakoitzari zor zaiona itzultzea». Eta definizio hauen eskutik, era askotako adibideetan zehaztu ditzakegu esanahiak. Nork erabaki, ordea, zer den bakoitzarena edo zeintzuk diren eskubideak edo zer zor zaion bakoitzari? Bada zuzenbidea eta badira zuzenbide-arauak harreman horiek bideratzen dituztenak. Justizia, azken batean, ez du pertsonaren balioak neurtzen, legeak baino; ez du pertsonaren on izateak zehazten, arauek baizik.

Eta bada, agerian ez bada ere oso bistan, justiziaren ulermoldearekin oso lotua daukaguna: justiziak zerikusi gutxi daukala errukiarekin. Justizi gaietan erruki gutxi. Gehiago esango nuke: justizia dagoen tokian ez dago erruki beharrik! Sakon-sakonean, errukiaz mintzo direnak edo garenak, justiziaren ezinez mintzatzen gara errukiaz. Errukiak ez du, ikuspegi horretatik, ahuldadea besterik erakusten. Gizarte bat ezin daiteke inolaz ere errukiaren gainean eraiki. Aurrena, justizia! Eta gero, justizia!

Eta ni ez naiz hasiko argumentu horien kontra borrokan. Akaso, gure gizartean ikusten dugun errealitateak izan dezake zer esana! Eta gure munduan justiziaren izenean egin diren «disparate neurri gabekoek» izan dezakete zer esana! Edo justizia bikainenaren atzaparretan Afrikan gosez eta beharrez itota dauzkagun herriek izan dezakete zer oihukatua! Edo, justizi adierazpen ahobetekoen egunotan, bazterretan ikusten den ustelkeriak ere zerbait erakutsiko luke.

Adibide mingarriak asko dauzkagu; gure herrian otarreka. Pertsonak atxilotu eta kartzeletara eramaten dituztenek justizia dute arrazoi eta eragile. Kartzeletan daudenek eta horien senideek justizia eskatzen dute. Gogorkeriaren kaltetuek justizia besterik ez omen dute eskatzen. Gogorkeria egin dutenek, kartzela-zigorra beteta, justiziaren eskutik kaleratzea eskatzen dute. Herriarentzat justizia eskatzen da han-hemen.

Gaurko ebanjelioan Jesusek proposatzen duen justiziak zer ikusi gutxi dauka orain arte aipatu ditugun justizi bideekin. Jesusek proposatzen duen justizia, bihotz onetik ateratzen den dohaina da. Bakoitzari zer zor zaion ez da neurtzen egin duenetik, bere duintasunetik baizik. Eta duintasun hori ez du legeak erabakitzen, Jainkoaren maitasun neurrigabeak baino. Jainkoak ez digula alegia, merezi duguna ematen, berak bere ontasun neurrigabean eman nahi diguna baizik. Eta hau bestelako justizia da!

Jakina!, era honetako justiziaz baliatu ahal izateko, barru handia eta sakona behar da, asko maitatu behar da, debalde maitatu behar da, baldintzarik gabe maitatu behar da, barkazioraino maitatu behar da. Eta hori, Jainkoak bakarrik egiten du. Esango zait, Jainkoaren jokamolde honek ez daukala zer ikusirik munduko justizi moldeekin, eta ez duela izan behar inolako loturarik. Nik gauza bat esaten dut: askoz bide hobeak eta gizalegezkoagoak urratuko genituzkeela Ebanjelioko justizi ulerkera erabiliko bagenu. Legearen justizia beharrezkoa dela? Hala izango da.

Nik dakidana gauza bat da: legeak ez duela inoren bihotza aldatzen; legeak ez duela pertsona salbatzen; legeak ez duela gaitza sendatzen; legeak ez duela inor maitasunera eramaten. Eta, beraz, legearen justiziak askotan pertsonaren barrua beratu ordez, gogortu egiten duela. Eta justizia beharko lukeena, injustizia bihur­tzen dela.

Jesusen Ebanjelioko justizia hori zuzenkontrakoa ere badela? Beharbada bai! Baina, pertsona askatu eta barrutik poztekotan, ez dago beste bide hoberik. Hori egia da: Ebanjelioko moldeak bestelako moldeak direla. Jesusek proposatzen duena bestelako justizia dela! Hori bai!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.