A 29: Zesar eta Jainkoa

Dirua(Igandeko ebanjelioa: Mt 22, 15-21)

Gaurko ebanjelio-zatiak askotarako eman du. Eliza eta gizartea nahasteko, banatzeko, lotzeko, gerturatzeko, urruntzeko… «Zesari Zesarena eta Jainkoari Jainkoarena» esaldi erabilia ez ezik, maltratatua ere izan da. Eta egia da alde askotatik azter daitekeela esaldi horren edukia. Gaurko honetan, nik gizartearen eta Elizaren arteko harremana aztertu nahi nuke, irizpide batzuk azaltzeko baikere, eta atal honek jartzen dizkigun mugen barruan.

Gaur arazo bihurtu da gizartearen eta Elizaren arteko harremana. Harremana baino gehiago, beharbada, harreman horrek nolakoa izan behar duen. Garai luzeetan gizartea Elizaren aginduetara egon izan da, gizartea emantzipatu den arte. Eta Elizak gizarteko alor guztietan sartzeko eskubidea izan du. Baina, gaur gizartea asaldatu egin zaio Elizari, eta ikaragarri urrutiratu, etsai bihurtzeraino. Gizartearen aldetik badira harremana onean ulertzen ez dutenak eta Elizaren aldetik ere bai.

Borroka horren adierazgarri hor daude erlijio-klasea, hiritartasunari buruzko ikasgai berria, abortoa, eutanasia eta beste errealitate batzuei buruzko legeak, eliz erakundearen finantziazioa… Zenbaitentzat gatazkatsua gertatzen ari da gizartearen autonomia. Zenbaitek oraindik lotura gehiegi sumatzen du bien artean. Zenbaitek irabazitzat jotzen du banatzea, beste zenbaitek galeratzat jotzen duen bitartean. Baina, txarrena, seguru asko, zera da: zenbait eliztarrek ez duela gaur egungo gizarte autonomo honetan ebanjelizaziorako lekurik ikusten. Ez dute asmatzen atzoko gizartean erabiltzen ziren moldeetatik molde berrietara pasatzen.

«Gizarteari gizartearena, Elizari Elizarena» esango luke batek baino gehiagok gustura. Hartara, Eliza eta erlijioa kontzientziaren alor pribatura erretiratzen dituzte. Eta ez lukete gizartean zer eginik izango. Baina, fededunak bizi duen esperientzia ez du bere kolkorako bakarrik. Jesusek gizartera bidali gaitu, han Berri Ona iragartzera. Jesusek ez digu esan nolako girotan egin behar dugun lan. Enkargua hor dago, gaur atzo bezain bizirik eta indarrean.

Elizaren aldetik, gizartearen autonomia errespetatu beharrekoa izateaz gain, uste dut mesederako dela. Gauzak ez nahastea oso balio positiboa dela. Gizarteak bere bizitza antola dezakeela, eta antolatu behar duela. Eta horretan Elizak ez duela eskurik sartu behar erakunde bezala. Hori esanda, beste gauza bat ere esan behar dugu: fededuna gizarteko kide da eta gizarteko lanetan dabil. Beraz, gizarteko kide bezala, parte har dezake eta parte hartu behar du gizartearen antolakuntzan. Eta parte-hartze horretan fededun bezala jokatuko du, fededunari dagokion balio-eskema edukiko baitu.

Fededun gizon edo emakumeak, bere gizartean aritze horretan eta bere Jainkoarena izatean, arazoak izan ditzake. Baina, beti argi eduki behar du non dabilen eta zertan dabilen. Ahalegin guztia egingo du, bere fedetik, giza balioen aldeko borroka saiatua egiten. Ahalegin guztia egingo du giza balioen maila horretan kristau ez direnekin bat etortzen. Bai baita gizartearekin ados etor gaitezkeen maila, gizatasunaren maila. Eta hor ahaleginez saiatzea izan daiteke gaur egin dezakegun ekarpenik ederrenetakoa.

Bere fedean gustuko ez dituen gauzak irentsi beharko ditu kristau laikoak. Batzuetan amore eman beharko du, besteetan eginahala sendoagoa egiteko. Une bakoitzean egin ditzakeenetan zer den baliozkoena neurtzen jakin beharko du. Ez du izan behar asaldatzailea edo borrokalaria edo indarkeri zalea. Proposatu egin behar du eta ez inposatu; eskaini eta ez derrigortu; gertu egon eta ez zatiketa sortu. Legamiaren parabola ez genukeela ahaztu behar iruditzen zait: zenbaitetan egin dezakeguna oso gutxi izango da; baina egin ahal dena asko izan daiteke, asko da.

Txarrena eta kaltegarriena, nire iritziko, Zesar eta Jainkoa nahastea, berdintzea. Zesari Zesarena eta Jainkoari Jainkoarena!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.