A 32 (Letrango eliza): Barruan oretzen da pertsona

Espiritua(Eguneko ebanjjelioa: Jn 2, 13- 22)

Azaroaren bederatziak jai berezia ekarri ohi du eliz egutegian. Letrango Elizaren sagaratzea ospatu ohi du­gu. Kristaudiaren elizarik zaharre­netakoa da Letrangoa. Aita San­tuen katedrala bosgarren gizaldiaz gero. Eta, hari horretatik, kristau-elkarte guztien batasunaren irudi ikusi izan dugu. Kristau elkarteek Erromako Gotzainarekin duten el­kartasunaren irudi.

Esan beharra dago, Letrango Elizaren eraikuntza ederrak ez gaituela «harri» batzuen kontenplazioan edukiko; «harrieta­tik», iruditik, beste maila batera pa­sa beharra dago. Eta gaurko eban­jelioak aukera ederra ematen digu iruditik iruditura pasatzeko. Harrizko eliza guztietan pertsonaren argazkia ikustea gustatzen zait niri.

Harrizko eliza toki santu edo sagaratua ikusten dugun bezala, pertsona santua eta sagaratua da. Pertsona sakratua da. Harrizko eliza eder eta dotore janztea gustuko dugun bezala, pertsonak ere baloreetan eder eta dotore jantzi behar ditugu. Harrizko elizan edozein modura ibiltzerik ez dagoen bezala, pertsonarekin ere ez dago edozein eratara ibiltzerik.

Eta harrizko elizan garrantzizkoa barruan dagoen bezala, pertsonaren garrantzizkoa ere barruan dago. Barruan oretzen da pertsona.

Eta Jesus gaurko ebanjelioan lokarrizko zigor batekin dena hankaz gora jartzen ikusten dugun bezala, bere Aitaren etxeak garbi egon behar duelako, are gehiago salatu beharko litzateke pertsonarekin egiten ari garena. Sakratua zikindu eta narrastu baitugu. Gaurko gizarte honetan pertsonaren azalekoa, gainekoa, asko lantzen dugu, asko; barrukoa, berriz, aukeran gutxitxo. I­txurak, erakutsi behar direnak, besteek epaitu beharrekoak arreta handiz zaintzen eta apaintzen ditugu; eta, bien bitartean, barrua oso ahaztua eta zabartua daukagu. Eta pertsona oretu, barruan oretzen da.

Gizarte honek eginbehar berehalako bat badaukala esango nuke; eta da, barrukoa berreskuratzea. Diruak, sal-erosketak, negozioak, etxeak, kotxeak, bidaiak, arropak… dena kanpoan geratzen da. Eta horri guztiari ematen diogun ardura gehiegiak barrua pobretu besterik ez digu egiten. Eta barrua pobretu ahala, orduan eta kanpoko gehiago behar da. Eta gurpil zoro horrek ez du azkenik. Eta azkena ez izateaz gain, gero eta gurpil txikiagoa egiten da. Eta pertsona, bere balore sakratu eta guzti, bere interes txikien jostailu izateraino kaskartua geldi daiteke.

Gurpil zoro horrek azkenik ez duela esan dut. Azkena izan badu: barrura sartzea, eta barruari arretaz begiratzea. Sentimentuei jaramon egitea. Ez sentimentuen azaleko grina eta nahiei, prexixo; barruko sentimentu ahaztuei, barruko amets handiei, pertsonaren onena jokoan jartzen duen hondo sakonari.

Esan, edozer esaten dugu, baina egiazko pozak barrutik datoz. Egiazko askatasuna barruan gertatzen da. Gizatasunaren bake barea barruan gertatzen da. «Bestea ere behar da» esan ohi dugu, geure kutizitxoak salbatzeko. Baina beste guztia, kanpoko guztia, alfer-alferrik da, pertsonaren barrua ondo ez ba­dago. Kanpokoak sortzen dizkigun satisfakzio eta gandor­-tente­tzeak, berehala zimurtzen zaizkigu, barrutik bizi-zukua falta badugu. Pertsona barruan oretzen baita.

Esango duzu Letrango Elizaren jaiak urrutitxo ekarri nauela nire gogoetan. Ez dut uste. Elizak, fededunen Elizak, bai baitu irizpide nagusi bat: pertsonaren balio sakratua! Eta fededunen Elizak, beste inork ez bezala, zaindu behar luke pertsonaren balioa. Beste inork ez bezala jakin behar luke barrua lantzen.

Eta beste inork ez bezala aldarrikatu behar luke pertsonaren balio sakratu hori. Gizarte honetan, azken batean, ez baita erretolikaz ikasten pertsonaren barrua zaintzen. Pertsonaren barrutik sortzen den poza erakutsiko duen jendea behar da. Eta jende hori geuk izan behar genuke, fededunok.

Ez gaitzatela gu ere pertsonaren azalekoetan ikusi, barruko sakonean baizik. Pertsona barruan oretzen baita!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.