A 34: Ate ondoan dago eskalea

(Igandeko ebanjelioa: Mt 25, 31-46)Pobreak2 

Ate ondoan dago eskalea – Iñaki Beristain – Gizarte sekularizatu honetan, zer sentidu eduki dezake Jesu Kristo diren guztien errege aitortzeak? Orain berrogeita hamar urte errazagoa eta bistakoagoa izan zitekeen hori; baina gaur? Gizartea beste doinura dabil, beste eskakizunetara, beste kezkatara, beste interesetara. Eta ez du ez asko ez gutxi kezkatzen Jesu Kristorenak. Gaurko soinuak bestelakoak dira. Jesu Kristo erregeren festa sortu zenean ere, sekulaziozazio-garaiak ziren. Eta horregatik gertatzen da kuriosoa festa honetan ematen zaigun ebanjelioa.

Ebanjelio-atal honek Jesusen jauntasunaren ezaugarri zokoratuekiko maitasuna jartzen du. Normalena izan zitekeen Elizak garai haietan berekiko begirunea eta menpetasuna aitortzea, Elizako Jesu Kristo errege zela aitortzean. Baina ez, eta hau da txokantea: Jesusen erregetza ez da ikusten eta ez da erakusten Elizarekiko menpetasunean, pobreenekiko menpetasunean baizik. Eta, azken batean, behartsuekiko jokamoldea gelditu da Elizan fededunaren neurri. Gure sinesmenak behartsuak zerbitzatzen dituen neurrian balio du, ez gehiago, ez gutxiago.

Jesu Kristoren erreinuak, beraz, badu bere dinamika berezia: pobreen lehentasuna. Eta lehentasun hori errukizko egintzetan erakusten du Jesu Kristoren menpeko aitortzen denak. Gizakiari bere sufrimenduan egiten diogun harrerak erakusten du gure kristautasunaren egia eta mamia. Sufrimenduan dagoena modu pribatuan begira dezaket: nirekin topo egiten duen kaleko eskalea, erietxean inork bisitatzen ez duen adinekoa…; edo begira dezaket kolektibo bezala: kartzelatuen eskubideen alde ari diren taldeak, Hirugarren Munduko pobreen alde saiatzen diren erakundeak… Era batera edo bestera, sufritzen ari den edo zapaldua den gizakiak hartzen du protagonismoa.

Eukaristia ospatzen dugunean, han-hemen askotan azaltzen da Jainkoaren errukizko egintza. Beraz, Eukaristiak gizon-emakume errukitsuak sortzea du eginkizun. Hasteko, Mezaren hasieran eskatzen dugun errukia, irakurgaietan ematen zaigun errukizko historia, errukiz entregatuaren maitasuna ogi-ardotan, Jaunaren erreinua etor dadila; eta azkenean errukiaren sakramentua ospatzen dugu errukiaren ogi-ardoak jan-edanez. Eukaristia osoa errukiaren ospakizun dugu.

Baina, zer gertatzen da? Hori guztia ospatzen dugunak pribilegiatu zoriontsuak garela. Eta eskaleak elizako atean gelditzen direla limosna eske. Gure elkarteetan eroso sentitzen direnak ez dira pobreak. Nahiago dute ate ondoan geratu, barruko «aukeratuak» noiz aterako eta haien patrika aberatsetatik xemaiko batzuk noiz jasoko.

Eta eliza barruan eroso sentitzen garenok hizkera oso bigunak erabiltzen ditugu, hizkera neutroak, mintzaera espiritualak. Zerbait zehatza edo konpromisozkoa esanez gero, «apaiza politikan sartzen da». Gure elizetako jende «katolikoa» zergatik da politikan gehienbat kontserbadorea?

Ondorio gordinegiak ateratzea ez da nire asmoa, baina… Elizan gaudenean edo ari garenean, esaten dugu Jesus bere Hitz santuan dagoela, Jesus ogi-ardotan ematen zaigula, Jesusek bere maitasuna elkarri ematen diogun gure besarkada gozoan mamitzen duela… Ez dakit ba! Ez ote dugun Jesus ate ondoan uzten, han etzanda gelditu den eskale harengan! Barruan errege? Edo kanpoko behartsu horrengan errege? Kanpoko eskaleari maitasunaren egia eskaintzen ez diogun bitartean, ez dakit ez ote zaigun barruko guztia gezur bihurtzen! Ez dakit! Edo badakit?

Jesus diren guztien errege aitortu nahi izatekotan, ez dezagun begiratu zenbat jende dagoen eliz barrura ospakizunera etorrita; begira dezagun ate ondoan zeuden eskaleak barrura, maitasunaren berora, sartu ote ditugun! Ate ondoan dago eskalea, ate ondoan Jesusen maitea, ate ondoan Jesus!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.