4. igandea: Zorioneko zoriona

Eskuak(Igandeko ebanjelioa: Mt 5, 1-12)
«Zoriontasunen» ebanjelio-mezua entzuten dugun bakoitzean, gizatasunaren muina ukitzen ari garela konturatzen gara. Honetan ez dago interpretazio-bide askorik. Zorioneko izatea guztion bokazioa da, eta albora saihestu ezineko bokazioa. Eta, onez edo txarrez, denok lortu nahi dugu zorioneko zoriona. Ezetz esaten duenak gezurra dio. Zorionarena da, zalantzarik gabe, gizakiok bizi dugun apustu nagusia da eta, beharbada, bakarra.
Baina nik uste dut ahaztu egiten dugula hori, gure apustu nagusia zoriona dela, alegia. Eta, horren arabera, mila gauza eta ahaleginetan sakabanatzen zaigu gure bizitza. Lana, aisialdia, harremanak, kon­tsumoa, etxea, trasteak…
Eta zoriontsu izateko bide eta laguntza izan behar lutekeenak, helburu baterako bitarteko izan behar lutekeenak, helburutzat hartzen ditugu. Eta kotxea ez daukagu zoriontsu izateko, kotxe hau edo bestea daukadala erakusteko baino. Eta dirua ez daukat zorionaren zerbitzurako, daukadala ikus dezaten baizik eta dirua edukitzeak ematen duen boterea lortzeko.
Eta geure bide okertu eta edukizale horietatik, denak behar! Denak behar, eta gero eta gehiago behar! Beti besteek baino gehiago behar! Eta eduki dezakegun zoriona, gehiago beharraren grinatan erretzen dugu. Asko daukagu, baina sekula ez aski; eta ez gara zorioneko.
Zoriona gauza oso sinplea da. Zorionak ez ditu gauzak behar. Zorionak ez du suerte ona ere behar. Zorionak bihotza behar du. Eta bihotza ez da gauzen sintonian pozten, maitasunaren sintonian baizik. Maitasunak ez du, ordea, gauza handirik behar. Maitasunak ez du gauzarik ere behar. Maitasunak aski du maite duenarekin. Eta maite denarekin egotea izaten da zoriona. Sentimenduen barruko mundua ez da gauzen pilaketaz hazten, sentimenduaren bakuntasunean baizik.
Jesusek ere zoriona opa digu. Eta zoriontasunaren muina nola iritsi erakusten digu «zoriontasunak» ai­pa­tzen dizkigunean. Ondo begiratuta, «zoriontasunak» maitasunaren taupadak dira, «egiten» eta «su­fritzen» duen maitasunaren taupadak. Behartsu izan, negar egin, sufritu, justiziaren aldeko borroka biz­ka­­rrean hartu, erruki izan, bihotz osoz jokatu, bakea bilatu, erasoa jasan… maitasunari darizkion taupada sakon eta berritzaileak dira. Maitasunak bakarrik daki zoriontsu izaten.
Bihotzaren sakoneko mugimenduak eragiten du zoriona, aurrena barruan eta gero inguruan. Tsunami zorigaiztokoaren antzera da: itsaso-barruko mugimenduak sekulako eragina sortzen du ingurura. Bihotz-ikara txiki batek indar handia hartzen du gizartearen alorretara iristerako. Bihotzeko gune maitale txikia, eragin handiko olatu bihurtzen da gure gizartean.
Eta gure gizartea, jende zorionekoaren beharrean dago. Negarra asko ugaldu dugu, injustizia ere bai; bakea nekez bizi da eta azpijoko gehiegi dabil; triste asko… Gauzak bai, sekula ez bezala. Jende zorionekoa behar da, zoriona gauzez ez dela egiten erakutsiko duen jendea. Bere barruko zoriona bazter guztietara hedatuko duen jende poztua behar da. Bere barruko poztasuna elkarbanatzen dakien jende gozoa. Barrutik kanpora begiratzen dakien jendea.
Eta ez gabiltza ametsetan. Zorionaren dinamika ezinbestekoan gabiltza. Bizitza xumetu eta pobretzen duen barruko edertasunaren ariketan gabiltza. Xumetasunaren pobreziak irabazten baitu zorionaren apustua. Zorioneko zoriona!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.