A 6: Hitz ederreko gizona

Argia-Liburua(Igandeko Ebanjelioa: Mt 5, 17-37) Gainezkatzen gaituen hitza da Jesusena. Txundigarria. Nolako jauntasuna eta handitasuna erakusten duen Jesusen aginteak! «Badakizue legean agindua», «Nik, berriz, hau diotsuet». Hitz itzela zinez! Jesusen «Ni» hori («Nik hau diotsuet»), ikusten zaion itzala, azken hitza berak esan behar hori! Jesusen nortasunak gure onena atera dezake edo gure itxikeria indartu. Zer sentimendu sortzen dizkigu Jesusek bere agintez? Sinesten al dugu Jesusen Hitzean? Gure askatasunari eragiten dion sinesmena al da? Edo atxikimendu azaleko eta hotzean geratzen ote zaigu? Jesusen Hitzari bihotza irekitzeko prest al nago?

Bistan da, beraz, gaurko ebanjelio-atal luzea ez dela anekdotario bat, ez dela arazo moralen zerrenda bat; jokatzen ari garena, Jesusen hitzen pretentsio neurrigabea da, gure biziaren oinarriari erasaten dion agintea eta itzala. Eta geure sinesmen-jarreraren benetakotasuna ere bai, hori ere jokatzen dugu. Gu askotan neurri txikiekin konformatzen gara, minimoarekin. Ondo portatu, gaitzik ez egin, itxura gorde… Baina Jesusek beti gehiago eskatzen du. Ez gara ari geure moralaren bideak txukuntzen, baizik Jainkoaren Erreinua eraikitzen. Jain­koak bere neurriko Erreinua egin nahi du gizartean, eta proiektu horretara egiten digu dei.

Ez da boluntarismoaren kontua, noski. Ez da ukabilak itxi eta gogoz kontra jardutekoa. Kontua da idazlari eta fariseuak bezalakoa ez izatea. Kontua da kristau-morala arau eta betebeharretara ez mugatzea. Barrutik bizitzea da nahi dena, gauzak neurtu gabe, entregaren abentura ederra bizitzea. Jesusek eskatzen digun gehiago horretarako prest al gaude? Sinestea da eskatzen zaiguna, gehiago hori posible dela sinestea. Ez da, beraz, egintza edo zeinu handi eta harrigarriak egitea, baizik sinestea, uste on izatea.

Nola sinetsi baina, Erreinuaren gehiago horretan? Zein da horretarako bidea? Jesusen irakaspenak egia direla probatzea da egin behar dena. Legean geratu ordez, maitasunaren indarrez legeak gainditzea da. Jesus ez da etorri legea ezabatzera, betetasuna ematera baizik. Betetasuna gehiago horren eraginez lortzen da.

Adibidez, gure harremanetan arazoak sortzen zaizkigunean, zer egin? Geure eskubideak kantatu? Edo aurrean daukaguna pertsona bezala ikusi eta tratatu? Beste adibide bat. Sexu-gurariak nola askatu eta integratu? Sexuari beldur izanez edo autokontrol estu eta zorrotzez? Gurariak erabiltzeko jakinduria behar da eta, batez ere, ondoko gizona edo emakumea pertsona bezala tratatzeko jakinduria behar da.

Ondo begiratuz, ebanjelioko moralaren oinarria, pertsonarekiko erabateko errespetua da. Pertsona erlijio-kultuaren gainetik kokatzen da. Erlijiozko zinaren gainetik jartzen du Jesusek pertsonaren lehentasuna. Hori da Aitaren nahia, gizakiarekiko maitasun baldintza gabea. Zenbat aldiz, erlijioaren aitzakiatan, ez ote dugu pertsona baztertu edo gutxietsi?

Jesusen bideak eskatzen duen gehiago horrek Jesusengana garamatza uste onez, haren Hitzak barrutik eragin diezagun, gizakiarekiko errespetuan eta duintasunaren egiaz. Ez dugu geure mugen kontzientzia galdu behar, eta baliteke (normala da) beldurra sentitzea, sufrimenduari izua… Nola gainditu beldur hori, izu hori? Barrutik apalak izatea da inportantea, konfiantzaz eta entregaz hori bai. Konfiantzazko apaltasunak Erreinuaren sintonian zaudela esaten dizu.

Gaurko ebanjelioko hitzak poliki-poliki irakurrita, zer sortzen zaigu barrutik? Beharbada, zorabioa. Gehiegizkoa ez ote? Nik nahi izango nuke zorabio hori edertasunezkoa izatea. Hain­besteko pretentsio ederrak bihotza itzultzea. Izan ere, gauza bat nekez uka daiteke: harrituta gaudela! Hitzok ikus ditzakegu zailak edo gogorrak edo gehiegizkoak. Baina, batez ere, hitz eder ikusten ditugu. Hitz ederreko gizona da Jesus!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.