A Abendua 1: Geldotuz gelditu

Lanpara(Igandeko ebanjelioa: Mt 24, 37-44)

Pertsona bat gelditu nahi duzunean, biderik zuzenena eta eraginkorrena, pertsona hori geldotzea da; alegia, pertsona ahultzea, biguntzea. Erosotasunez, gozokeriaz, errazkeriaz inguratu pertsona eta gehiegikeriaren lozorroan etzanarazi. Hortik aurrera, pertsona horrek ez dizu borrokarik egingo, ez dizu inolako eragozpenik sortuko. Horrelakoarengan ez daukazu inolako etsairik. Bere goxokerian erabat kateatua geratu da.
Pertsonaz esaten duguna, gizarteaz ere halatsu esan dezakegu. Gizarte batek bere egoera hobetu nahi duenean, bere zulotik atera eta maila duinagoak lortu nahi dituenean, gizarte horrek indar handia du. Eta kosta ahala kosta, lortuko du bere asmoak bideratzea. Beharrak eta nahiak sortzen duen ametsa eta ilusioa geldi ezina baita. Baina, gizarte bat gehiegikeriaren gaitzak harrapatzen duenean, hortik aurrerako bidea gainbeherakoa izaten da. Eta ez zaizkigu ereduak falta historian zehar.
Eta, besteak beste, gure gizartea gehiegikeriaren gaitzak harrapatu du. Oraindik ez dira urte asko, gure gizarte hau gaztea zen, freskoa, eraginkorra, bizia. Sekulako ongizatea lortu du. Herri honetan lana egin da, eta serio egin ere. Eta, lanaren ondoan, herri honek beste balio batzuk bilatzen zituen: askatasuna, informazioa, heziketa, kultura, hizkuntza garatua… Eta gizarte honek sekulako barne-eragina azaldu zuen. Eredugarria izan dela esango nuke herri honek erakutsi duen pulamentua.
Baina, gaur betikoa ari zaigu gertatzen: helburuak galdu ditugu. Jende askok bere ametsak bete ditu. Jende asko herri honetan ondo bizi gara, eroso, nahi bezala edo. Eta horrek berekin du arriskua: gehiegikeriaren lozorroa. Eta esan dugu: hortik aurrerakoa, gainbeherako historia izan ohi da. Zergatik? Gizartea geldotu egiten delako, lozorrotu. Eta benetako balioen ilusioa itzali egiten zaio. Eta balioak, edo landu egiten dira, edo galdu egiten dira. Eta ematen du gure gizarte honi giharreak lasatu zaizkiola. Eta, kontuz!, ez naiz ari betiko balio tradizionalez; gaurko gizarteari aurrera eragingo dioten balioez ari naiz.
Eta pertsonaz eta gizarteaz esaten dudana, Elizaz ere berdintsu esan behar. Elizarengan ez da gehiegikeriaren geldokeria justu. Pobreziaren eta urritasunaren adore-falta izango da, seguru asko. Gure Elizak ba al du ilusiorik? Gure Elizari gelditzen al zaio bide berriak asmatzeko irudimenik eta sormenik? Lehengoari eusteaz konformatu behar al dugu? Ba al dugu gaurko gizarteari eskaintzeko ezer ilusiogilerik? Ba al dugu gaurko gazteei mundu berri baten ametsa sortzeko eskaintzarik? Ez da gehiegikeriaren arazoa; pobreziaren indar gordean ez sinestea akaso.
Horra zergatik behar dugun Abendu berri bat, bai pertsonak, bai gizarteak eta bai Elizak. «Egon zaitezte prest». Eta prest egoteak esnatzea eskatzen du, erne jartzea, zain prantatzea. Jakina!, bakoitzak aztertu beharko ditu bere barruko jarrerak. Zer espero dion bizitzari. Zer lortu eta sortu nahi duen. Zer den barruak eskatzen dion eginkizuna. Zer helmuga jarri dizkion bere bihotzari. Zergatik borrokatu nahi duen. Bakoitzarena ez dezake inork ordezka.
Abendua hortxe dator berriro ere berritasun-indarrez. Bidean jartzea da kontua. Jaikitzea. Lozorrotik esnatu eta baliozko borroka berritzailean abiatzea. Bestela gureak egin du. Historian zehar hainbeste zibilizazio indartsu ezabatu diren bezala, halaxe geratuko gara gu gehiegikerian lo. Gure haurrei, gure gazteei, zer zerumuga eskaintzen dizkiegu? Neurtu ditzagun ematen ari garen pausoak. Bestela, askori gertatua gertatuko zaigu: geldotuz gelditu egin direla, eta betiko!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.