A Abendua 3: Erreinua gertatzen hasi da

EskuakOtoitzean(Igandeko ebanjelioa: Mt 11, 2-11)
Joan Bataiatzaileak zorrotz eta gordin hitz egin zigun joan zen igandeko hartan. Bazetorren berritasuna, bazetorren sua, bazetorren epaiaren ordu gordina. Ez geneukan nondik ihes eginik. Hitz indartsua eta bizia en­tzun genion orduan. Mesiasen etorrerak dena hankaz gora, dena atzekoz aurrera, jarri behar omen zuen. Gaur ere Joan Bataiatzailea agertzen zaigu ebanjelioko pasadizoan. Mesias etorria zen ordurako, baina ez zuen ikusten Joanek, berak iragarritako aldaketarik eta berrikuntzarik inon gertatzen ari zenik. Ez zion inolako tankerarik hartzen Mesias berritzailearen ekintza eta jardunari.
Eta Mesiasi buruzko galdera egiten du. Jesus hura al da Mesias? Besteren baten zain egon behar ote da? Zergatik ez dira betetzen esandakoak? Mesiasen etorrerarako prestatu zirenek ez ote zuten asmatu? Hitz batean, Joanek ezin du irakurri inon mesiastasunaren presentziarik. Berak sinetsitako eta adierazitako eskemen barruan behintzat ez da ari gertatzen ezer berririk. Frustrazioaren galdera da. Engainatua sentitzen denaren galdera. Amets hustuen galdera.
Jesusen erantzuna garbia bezain txokagarria da. Mesias etorri da. Jainkoaren erregetza ari da gertatzen. Berrikuntza ari da bideratzen. Sekulako aldaketa erein da gizartearen bihotzean. Nazareteko Jesusen presen­tzia Jainkoaren eskaintza askatzailearen presentzia da. Baina, berrikuntza hori ez dator jendeak espero zuen bidetik eta modura. Ez dator, Joanek berak espero zuen modura eta bidetik ere. Mesiasek ekarri duen berrikuntza eta aldaketa ikusi nahi duenak beste toki batean eta beste era batera begiratzen ikasi behar du. Bestela ez ditu Erreinuaren ezaugarriak irakurriko.
Joanen eta Jesusen arteko galdera-erantzun hauek ez datozkigu batere gaizki gaur ere. Mesiasen etorrerari zertan antzeman diezaiokegu gaur bertan gizartean? Inon ikusten al da askatasun-promesa gertatzen ari denik? Aipatzen dugun presentzia pozemailea ez ote da amets hutsa izan, hitz hutsa? Noiz eta nola gertatuko ote da Abedu santuak eskaintzen digun mundu berriaren ernetzea? Dena frustrazio ilunaren gandutan galduko ote da? Nora begiratu behar du gure esperantzak, ikusteko?
Aldaketa handi eta ikusgarrien esperoan bizi gara beti. Gizarteko egituren berrikuntza kolpekoa espero eta nahi dugu. Aldaketaren nondik-norakoak erabaki genituen guk, aspaldi erabaki ere. Eta gauzak guk uste bezala gertatzen ez badira, ez dugu ikusten ezer gertatzen ari denik. Erreinua etorri da, baina ez guk uste eta nahi bezala. Asmatu egin behar etorrera horren ezaugarriak irakurtzen! Jesusek Joani ematen dion erantzuna: zuk espero zenuen aldaketaren zain egon ordez, hobe duzu ezaugarriak irakurtzen ikasi!
Zeintzuk dira ezaugarriak? Bat: Erreinua barruan eta barrutik gertatzen da. Bi: Erreinuaren etorrerari epe luzera antzematen zaio. Hiru: Erreinuak bitarteko eta bide oso txikiak erabiltzen ditu. Lau: Erreinua bihotz apal eta pobreetan gertatzen da. Bost: Erreinua ez da agertzen gure amets idealistetan,  gizakiaren errealitatean mamitzen da. Sei: Erreinuak bihotza askatu eta pozten du, esker ona sortuz. Zazpi: Erreinuak pertsona libreak eta maitaleak sortzen ditu. Zortzi: Erreinuak gizarte libre eta zuzenagoa egingo duten pertsona entregatuak sortzen ditu. Eta… eta…
Hori da kontua, ezaugarriak irakurtzen jakitea. Autobusari, pasatzen den tokian itxoin behar izaten zaio; ez, pasa behar lukeela iruditzen zaigun tokian. Erreinua ere ez da gertatzen, gertatu behar omen lukeela irudi­tzen zaigun tokian, gertatzen den tokian baino. Erreinuaren hauek ez dira, ez, hitz hutsak! Erreinua irakur­tzeko, beraren ezaugarriak irakurtzen jakin behar. Hori da kontua!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.