A Abendua 4: Eguberritako loteria

Maria-Isabel(Igandeko ebanjelioa: Mt 1, 18-24)

Han-hemenka galdezka hasiko bazina, zer izan zitekeen azken aldiotako notiziarik edo gertaerarik onena, as­kok erantzungo lizuke loteria tokatzea izan zitekeela notiziarik onena. Eta gehienek, noski, dezepzio tristez esango lizukete hori, ez baitzaie loteriarik tokatu, ez zaie gerta zitekeen gertaera onena gertatu. Eta pena da, notizia onak opa baitizkio batek edonori. Loteria-mutturren bat tokatu zaionak, ordea, eta askotxo tokatu zaionak zer esanik ez!, alaitasun-aurpegiz esango lizuke suertea izan duela, espero zuen loteria zorion-emalea eskuetara etorri baitzaio. Zorion horrelakoari! Eta tokatu ez zaien gehienei, berriz, zer esango diet, ba? Osasuna da hemen inportantea! Egia esateko, osasuna ez da loteria-egunean adina sekula estimatzen!
Niri loteria tokatu zait, eta asko gainera! Diruzkorik ez nuen espero, ez neukalako espero izateko biderik ere! Abendu eder bateko esperantza ostean, gaur neure eskuz ukitzen dut espero nuen zoriona. Oso bide bereziz etorri zait suertea. Baina, etorri zait, eta pozik nago! Zer loteria eta otxokuarto ari naizen galdetuko duzu, ez da? Ba begira: bakoitzak espero duen on hari deitzen dio loteria. Zuk 22ko loteria espero al zenuen? Nik ez. Abenduan zehar eskatu eta eskatu jardun, eta datorkigun Jesusen irrikarik eta egarririk ez al zenuen? Nik bai! Eta gaur, behatz-puntaz Eguberri ukitzen dugun une honetan, suertedun sentitzeko poza daukat. Abendu guztiko esperantza mamitzera doan uneko edertasun paregabe eta gozoa bizi dut. Eta zer nahi duzu esatea? Hori loteria da, loteriarik baldin bada!
Jar zaitez, nahi baduzu, pentsatzen. Zer eman diezazuke diruak? Gauza asko. Eta gauzek zer? Erosotasuna, eta beste batzuk adina edo beste batzuk baino gehiago izatea? Eta horrek zer? Besteak baino gehiago edukiz eta izanez, zeure buruari begiratu eta zer esan behar diozu? Zeure barrua libreago sentituko al duzu? Zeure burua maitatuagoa? Zeure etorkizuna zorionez jantziko al zaizu? Harreman sakon eta askatzailerik sortu al dizu sekula diruak? Badakit gauza on asko eman dezakeela diruak. Baina zeure barruaren mugak eta ezinak konpontzen ez badizkizu, diruak ez dizu bizi-zorionik emango. Eta, adiskidea, bizi-zorionik ez izatekotan…
Jesusek zer eman diezadaken? Ai, ez dakizu asko! Mugak hautsi, barrukoak batik-bat. Mugak hautsiz, libre sentitu, barrutik batik-bat. Libre sentituz, izaten hasi, bizitzen hasi, zorionez bizitzen hasi, barrutik batik-bat. Neure barne-historiaren hariak berriro ere korapilatu, etenik gabe osotasunean bizitzeko. Etorkizuna argitu, gaurkoa poztuz. Eta etorkizunaren leihoak zabalik eramateak, gauzak gozatzera eramaten zaitu. Azkenerako ikasi egiten baita: gauzak gozatzeko oso libre izan behar da.
Era berezian dator loteria hau, egia esateko. Gaurko Ebanjelioa irakurtzen baduzu, zorion honen etorbideak oso bereziak dira. Jende askok ez du honetaz ezer jakin nahi. Nahiago du bestelakoen bila eta zain bizi. Bakoitzak bere bizi-aukerak egiten baititu. Eta bakoitzak geure aukeren ondorioak bizi ditugu. «Jainkoa gurekin» sentitzea loteria ordaingaitza da, ordaindu ezina. Mariarengan gertatu ziren gertaera kontrolaezin haiek loteria ikusgarri baten bide gertatu dira. Joseren zalantzak eta beldurrak, gutako bakoitzaren zalantza eta beldurrak dira. Gauzak nola ongi bideratu? Gauzek nola gertatu behar dute? Zoriona nondik eta nola? Bide bereziotan zehar egunero datorkigun Jesus Mesias hori datorkigu loteriazko bisitan.
Sentitzen dut, eta benetan, 22ko loteria tokatu ez zaiela eta, penaz daudenengatik. Sentitzen dut, diru-loteria tokatu ez zaielako, osasun onaren loteriaz mintzatu beharra daukatenengatik. Sentitzen dut, benetan senti­tzen dut! Pena da, seguru tokatzen den loteria jokatzen ez jakitea! Bada beti ateratzen den zenbakia: Eguberritakoa! Niri loteria tokatu zait! Eta pozik nago!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.