A Igokunde: Zuekin izango naiz

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 28, 16-20)
Bizitzan umezurtz sentitzea zer den, heldulekurik gabe ibiltzea zer den, inolako anparorik ez izatea zer den,  bizitzak biziarazten dituen esperientziak dira. Era horretako esperientziek bakardadearen alderdirik ilunena sufriarazten digute. Bizitzan bakarrik, barruan bakarrik. Bakardade hori sufritzeko alorrak desberdinak izan daitezke, bakardearen mailak desberdinak izan daitezkeen bezalaxe.
Alor pertsonalean senti dezake batek bakardadea, bere barruan alegia. Ez da inguruan jendea falta izatea, baizik barrua umezurtz sentitzea, barruan altzorik ez sumatzea, barruari atseden emateko pausagunerik ez aurkitzea. Eta bakardade horrek, aukeraz onartua ez denean, pipiak bezala jaten digu poza. Horretatik letorzke depresioak eta genero horretako emaitzak. Barruko bakardade gogoz kontrako horrek tristura sortzen du, ondoeza, makalaldi sakona. Eta, luzarora, pertsona erori egiten da, puskatu egiten da.
Bakardade honen emaitza ilunak eliz bizierara ekarriko bagenitu, hor ere ez da atarramentu onik izaten. Kristau bezala, Jesusengan sinesten duen pertsona bezala alegia, zailtasun franko inguratzen zaio bere bizi-giroan. Gaur egun kristau izatea ez da batere erraza; eta ez jendea kontra daukazulako prexixo. Baizik egin behar diren aukerak ez direlako ohikoenak, onartuenak, ugarienak. Eta kristauak, eliz elkartearen babesa falta bazaio eta Jesusen presentzia gordeari gerri-gerritik heltzen ez badio, atzera egingo du azkenean.
Eta ebanjelizazio-lanari begira jarrita ere, gaur egun ebanjelizatzaile askok bakardade latza bizi du. Alde batetik, berak ezagutzen dituen ebanjelizazio-moldeak indargabetuta ikusten ditu, hilzorian beharbada; eta bestetik, ez daki nondik eta nora jo bide berriak urratzeko. Ebanjelizatzaile askok ikusten dugu bide berriak behar ditugula gaurko gizarteari zerbait adierazgarria esateko. Baina, ez dakit adorea falta dugun edo argia falta dugun, urratu beharreko bideak urratzen hasteko.
Zorionez, Igokunde ospatzen dugu igande honetan, Salbatore. Eta Jaunaren Igokunde-esperientziak ez digu erantzukizuna bakarrik uzten, ebanjelizatzeko erantzukizuna bakarrik. Erantzukizunarekin batera, ezinbesteko poza uzten digu Jesus Salbatorekoak: «Zuekin izango naiz». Ez gaitu, beraz, umezurtz uzten, bakardadearen esku ilunetan uzten. Utzi digun enkarguaren pareko presentzia ederra agintzen digu. Eta hortxe, presentzia horren ziurtasunean, sendatzen da bakardadearen alderdi iluna. «Zuekin nago egunero, munduaren azkenera arte».
Presentzia horrek ez digu, noski, bizitza konpontzen edo arazorik ez izatea bermatzen. Arazoak baditugu eta izango ditugu, eta ez txikiak. Bakardadea bizi beharko dugu. Baina, gertatzen dena da, presentzia berpiztu horrek beste era batera biziarazten dizula bakardadea, beste era batera egiten diezula aurre arazoei. Bakardade-une ilunenean ere, bidelagun doakizu Jesus berpiztua, Emausko ikasle galduei joan zitzaien bezalaxe. Eta hark, ohargabean bada ere, bihotza berotzen dizu, ezagutu dezazun.
Ilusio handirik pizten ez duten bide zaharretan ibiltzea tokatzen bazaizu, han edukiko duzu ondoan betiko Jesus berpiztua. Bide berriak urratzeko eginkizunak zorabiatzen bazaitu, hantxe Jesus berpiztua ausardia ematen, aurrera eragiten, beti tente eusten. Lan batean ala bestean jende laguntzailerik baldin baduzu, jakingo duzu Jesus duzula, hala ere, benetako oinarria. Jenderik gabe, bakardadean aurkitzen bazara, jakingo duzu orduan ere Jesus dela azken argia.
Gaurko gizon-emakume askok ez du Jesus ezagutzen. Kristau izeneko askok ere ez du Jesus bere bidelagun sentitzen. Pena da, pena handia. Dena berritzen eta dena pozten duen presentzia hain gertuan eta hain barruan edukita, pena da bakardadearen ezten mingarriena sufritu beharra. Baina, azken batean, presentzia hori ez da dendetan erosten. Dohaina da, dohain handia. Jaso duenak ez daki zergatik jaso duen. Baina, benetan desio duenari emango zaio. «Zuekin egongo naiz».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.