A Pazkoa 2: Elkartearen babesa

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 20, 19-31)
Pazkoko bigarren igande honetan ederki lotuak azaltzen dira lehenengo eta ebanjelioko irakurgaiak. Lehenengoan elkartearen azalpen distiratsua egiten zaigu, elkarte-bizitzaren zutabeak aipatuz. Eta ebanjeliokoan, berriz, garbi ikusten da zer gertatzen zaion Tomasi elkartean ez zegoenean eta zer elkartean dagoenean. Beharbada, gaur, elkartearen garai distiratsuenak bizi ez ditugunean, ez datorkigu gaizki ematen zaigun elkartaren lezioa. Elkarterik gabe, nekez bizi baitaiteke sinesmen-aukera.
Lehenengo irakurgaiak egiten duen elkartearen azalpena, zalantza handirik gabe, oso ideialista da. Errealitatea baino eredua azaltzen duela esango nuke. Apostoluen irakaspena, elkartasun-bizitza, ogia zatitzea eta otoitza, elkarte-bizitza oretzen duten osagaiak dira. Oinarri horietatik sortzen den berdintasuna eta ondasunen banaketa, egiten dituzten ospakizun biziak eta inguruan eragiten duten testigantza, horiek dira indar ebanjelizatzaile nagusiak.
Lehenengo irakurgaiak eliz bizieraren ibilbide eta jarduera nagusiak zehaztuak uzten dizkigu, bai bere oinarrietan, bai bere ebanjelizazio-moldean. Bere horretan hartzen bada aurkezten den eredua, adorea eman ordez, nekea sor diezaguke, sumatzen dugun distantzia hainbestekoa izanik. Baina, ematen zaigun eredua ez da konparazioak egiteko, baizik gaur egun, elkarte-biziera berritzekotan, kontuan hartu beharreko osagaiak gogorarazteko. Badugu zer begiratua!
Elkarte-bizitzaren gai hau oso garrantzizkoa da fededunarentzat. Errazegi askatzen dugu fede-esperientzia elkartetik. Elkarteak erakusten duen moldea ez baita sarri oso animagarria izaten. Baina, elkarte-sena indartu eta sakontzeko ahalegina egiten ez badugu, sinesmenaren esperientziak behera egingo du, eta oso bizkor. Eliz elkartea oso eskasa izango da, bizitasun gutxikoa izango da, ez du asko lagunduko, itxura nekatua emango du; bai, baina hori gabe geure fedea ahuldu eta galdu egingo zaigu.
Begira, bestela, ebanjelioko Tomas horri. Jesus agertu zitzaien ikasleei eta Espiritu Santuaren dohaina jaso zuten Jesusen presentzia berpiztu haren argitan. Jesusek emandako bakeak poztu zituen. «Tomas ez zegoen haiekin, Jesus etorri zenean» esan digu intentzio guztiarekin Joan  ebanjelariak. Seguru asko, gauza hobeak egiten ibiliko zen Tomas. Edo bere frustrazioari buelta eman ezinik handik-hona ibiliko zen. Baina, Jesus agertu denean ez zegoen elkartean. Eta zer gertatu zaio? Ezin duela sinetsi. Ezin duela ematen dioten testigantza jaso eta onartu. Bere barne-minari ezin diola txipa aldatu. Bere frustrazioa bere bakarkeriarekin elkartzen da, eta hutsik uzten dio barrua.
Handik zortzi egunera (igandearen deitura da «zortzigarren eguna«), Tomas ere haiekin zegoen. Eta Jesusen presentziaren egia bizi du, elkartearen barnean. Elkartearen bihotzean jalkitzen du bere fede-aitormena: «Ene Jauna eta ene Jainkoa!». Elkarteak ez du Tomas ordezkatuko, fede-biziera pertsonala baita oso. Baina, elkarteak babesten du nor bakoitzaren fede-esperientzia. Elkartea, une batean, ezinbestekoa gertatzen zaigu fedea bizitzeko.
Honetatik bi ondorio atera nahi ditut. Lehenengoa, elkartearekiko geure pertenentzia. Elkartearekiko lotura bakoitzak landu beharra daukagu, nahiz eta elkarteak ez eman guk nahi izango genukeen maila. Bigarren ondorioa ere ez ahaztekoa: elkartearen maila jasotzea guri dagokigu, elkartea osatzen dugun kideoi. Kanpoko kritikak hor geldituko dira. Kontua da, barrutik maitasunez egindako lana. Elkarte-kide bakoitzaren inplikazioak berrituko du elkartea eta elkarte berritu horretan samurragoa izango da fedea indartzea eta sustatzea.
Elkartearen babesa beharrezkoa dugu eta babes hori guk bizitu behar dugu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.