A Pazkoa 3: Emaus bideko Eliza

(Igandeko Ebanjelioa: Lk 24, 13-35)
Gaurko gure Elizaren ibilbideak parekotasun handia erakusten du Emausera bidean zihoazen ikasleenarekin. Gertatutakoaz ari ziren. Izan behar omen zuenaz eta izan ez zenaz. Beren ametsaz eta beren frustrazioaz. Beren herritik ametsaren eta ilusioaren argitan atera zirenak, Jesusekin joateko, orain bueltan datoz, ez amets, ez ilusio, ez Jesus eta ez segizio.
Izan ere, ikasleei gertatu zaiena handia izan da. Dena utzi eta Jesusekin joan ziren. Jesusekin zebiltzala bi alderdiak bizi izan zituzten: alde batetik, Jesusen egintza askatzaileek sortzen zuten zirrara neurrigabea; eta bestetik, Jesusen inguruan indartzen joan zen kontrajartzea. Eta kontrajartze horren suak harrapatu zuen Jesus, gurutzean hiltzerainoko poderioz. Eta orain dena bukatua ikusten dute ikasleek. Egia aitortzeko, hanka hondo-hondoraino sartu zuten harekin joan zirenean. Eta gaur bueltan datoz, frakasoaren ahogustu mingotza erakutsiz. Lotsaturik ere bai. Jendeak zer esan behar du?
Gure Elizak ere antzekoa: garai batekoak hustu dira, badirudi ez gabiltzala oso jantziak ilusioz. Badirudi Jesus ezkutatu zaigula gure jardunbidetik eta, egia esateko, ez da ilusio gehiegi sumatzen eliz inguruan. Ilusio asko frustrazio bihurtu zaigu. Frakasoa? Etorkizunik eza? Gaurko mundura egokitu ezina? Jesus hil egin zaigu gaurko gizarterako balio bezala. «Espero genuen…, baina bi egun pasa dira». Usteak ustel.
Baina gauzak nola diren!: Jesus hortxe, frustrazio horretantxe, hurbiltzen zaie ikasleei. Beren saminaren bidelagun egiten zaie Jesus. Ez dute ezagutzen, saminak estaltzen baitizkie begiak. Jesusek, ordea, pedagogia gorde baten bidetik eramango ditu gauzak argitzera eta, batez ere, Jesus ezagutzeko begiak argitzera. Sakonera jota, kontua ez baita ideiak argitzea, Jesus ezagutzeko begiak argitzea baino, Jesus maitatzeko bihotza poztea. Pedagogia horren bideak jaso behar ditugu geurerako.
Lehenengo bidea, Jainkoaren Hitza, harreman baten historia kontatzen duen Hitza. Moises eta Profetak. Jainkoak bere historia guztia bere bihotzeko koherentziaz lotu baitu. Eta Jesusi gertatua aurrez ikusia zegoen Aitaren asmo salbatzailean. Jainkoaren Hitzarekiko erreferentzia ezinbestekoa du gaurko Elizak ere. Gure ideiak eta planak argigarriak izan daitezke onenean, baina benetako erreferentzi puntua Jainkoaren Hitza dugu eta, batez ere, Jesusen Ebanjelioa. Hori baztertu ezin daitekeen bidea da.
Bigarren bidea, Eukaristia, ogia zatitzea. «Begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu zuten». Ikasleentzat nortasun-agiria bezala izan zen ogia zatitzea. Hori Jesusek bakarrik egiten zuen. Nekaldi aurreko azken afaria datorkie instant batean gogora. Gaurko Elizak ere ezin bazter dezake Eukaristia. Maitasunaren ogia zatitzean gertatzen da Jainkoaren erreinua. Ogi zatituan jasotzen dugu Jesusen presentzia. Gaurko eliz elkarteak serio eta gordinki planteatu beharra dauka nola indartu eta nola berritu Eukaristiaren ospakizuna. Eukaristiaren ospakizuna ezin daiteke asperdura nazkatu baten ariketa bihurtu.
Hirugarren bidea, bihotzeko berotasuna. Jesusen presentziak, Hitzean eta Eukaristian gertarazten duen presentziak, berotasuna sortzen du bihotzean. Harreman afektiboaren berotasuna da. Ez da nahikoa ideiak garbi edukitzea, ez da nahikoa elizkizun batean parte hartzea; ezinbestekoa da harreman afektibo eta berotzailea. Gure eliz elkarteetan lantzen al dugu harreman hori? Sumatzen al dugu harreman horren berotasunik?
Eta gero, azkenik, misioa. Korrika itzultzen dira ikasleak. Honuntzakoan triste zetozen, nekez, ondoezik. Harutzakoan, berriz, presaka doaz, korrika, onez, gertatuaren pozak eraginda. Bistan da, topaketatik sortzen dela misioa. Gaurko eliz elkarteak hau ere ezin dezake ahaztu. Ez da planen kontua, horiek egitekoak badira ere. Bihotzeko suaren eragina da. Presentzia baten poza da. Orduan, topaketa gertatutakoan, misioa berez sortzen da, nonahitan, edozertan. Gaur Emaus bideko Eliza behar dugu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.