A Pazkoa 5: Egia, bidea, bizia

(Igandeko Ebanjelioa: Jn 14, 1-12)
Pazkoak, bere argiaz, eguneroko bizitzaren misterioa argitzen digu. Kristau-bizitzaren edertasuna ez baita elizkizunetan eta otoitz handietan gertatzen; eguneroko bizitzaren dinamikan baino. Eta beharbada hori da gehien kostatzen zaiguna: Pazkoko hitza eta gure egunerokotasuna elkarrekin uztartzea. Pazkoa eta gure amets handiak uztartzea, bai. Pazkoa eta proiektu argitsuak txirikordatzea, baita ere; baina Pazkoa eta gure eguneroko txiki hori, miseria hori, ezerez aspergarri hori, uztartzea… Nekez!
Jesusek esaten duenean bera dela «bidea, egia eta bizia», irudimena bide handietara joaten zaigu, liburuko egietara edo biziera berezietara. Gure eguneroko jarduera txikiari Jesus opa izateari, gehiegizkoa irizten diogu. Eta, horren arabera, geure erara bizi ditugu eguneroko bide txikiak, ahal bezainbat gozoen. Geure mugetara biltzen ditugu eguneroko egiak. Eta bizi, berriz, justu-justu, ezinaren ertzean askotan eta lortu nahi genukeena bideratu ezinik beti. Hitz batean esateko, Jesus ezin dugu lotu gure bide, egia eta bizimolde kaskarrekin.
Hala ere, Jesusek bera «bidea, egia eta bizia» dela esaten duenean, gure egunerokoari ari zaio, gure arruntari, gure ezinari. Jesusen esaldi hau eguneroko bizitzari lotzen asmatutakoan, orduan ikusiko dut zer den Pazkoa, zer den Berpiztuaren presentzia, zer den Jainkoaren dohaina.
Jesus da «bidea». Jesus den bide horretan aurkitzen du beraren jarraitzaileak bere bizitzarako norabidea. Bide asko proposatzen zaizkio, zenbaitetan inposatu ere bai. Jesusek, gure askatasuna errespetatuz, gizatasunaren neurri berrietara daraman bidea proposatzen digu. Bide hori zehazten da Ebanjelioan. Bide horren zehaztasun dira «zoriontasunak». Eta bide horren espiritua bizitzeko ez da behar aparteko nortasunik. Pozik bizitzeko ari duzun eguneroko borrokak zer bidetatik zaramatza? Zeure gizatasunari garapen ederragoa opa diozunean, zertara jotzen duzu? Hor ikusiko duzu, galdera horien eskutik, zein bide den zeure bizitzan aukeratu duzuna. Jesusek esaten digu bera dela bizira daraman «bidea».
Jesus da «egia». Baina ez liburuetakoa. Jesus egiaz mintzo denean ez da ari doktrina zuzenaz edo ortodoxoaz. Jesusek ez du egia teorian edo irakaspenetan biltzen. Jesusen egia, gizakia askatzen duen topaketa da. Jesusek ez du egia «irakasten», egia «komunikatu» egiten du. Egia hori ez da, beraz, buruz ikastekoa, bihotzez gozatzekoa baino. Jesusek dakarkigun egia Aitaren maitasun neurrigabean laburbiltzen da. Aitak maitatu gaituela, horixe da gure bizitza redimitzen duen «egia». Eta Jesusek «egia» horixe ekarri digu.
Jesus da «bizia». Bizitzea zer den ba ote dakigu? Ondo bizitzea esaten dugunean, zer ari gara esaten. Ondo bizitze askok zenbateko tristura eta etsipen eta erremin eta etenak estaltzen ote ditu! Bapo bizi gara, baina ondo ez. Bestela, gure zibilizazio honek ez zuen hainbeste distrakzio eratu beharrik izango! Bapo bizi gara, baina ondo ez. Bestela ez genuen hainbeste depresio eta tristura bizi izango! Ongi bizitzearen larruazala asko lantzen dugu; baina itxura askoren azpian zer gordetzen dugun, bakoitzak daki ondo! Jesusek ez du larruazal atsegina. Baina Jesusek «bizia» eskaintzen du.
Jesus «bidea, egia eta bizia», eguneroko bizitzarekin uztartzea oso beharrezkoa da, baldin eta dena ideologia huts bihurtu nahi ez badugu. Kapaz gara, Jesusen bideaz eta egiaz azkengabeko eztabaida teorikoan jarduteko, geure buruari gizatasunez eta zorionez bizi garen ala ez galdetu gabe. Eta Jesusen Berri Ona ez da ideietan jokatzen. Jesusen Berri Ona eguneroko bizitzaren orri arreetan jokatzen da. Eta hori bakoitzak bere baitan sumatzen du. Kanpotik ez dago antzematerik. Pazkoak gizakiaren erraiak harrapatzen ditu. Gure bide sakonak, gure egia gizaegileak eta gure bizipoz eragileak bizi ditugun errai barruenekoan. Hor ikusten da, inon ikustekotan, Jesus dela «bidea, egia eta bizia».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.