A urtea 21: Zer ala norengan

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 16, 13-20)

Azken aldian ere gure eliz elkartean dilema berak kezkatu gaitu, eta saminez kezkatu gainera: zer da inportantea, doktrinen zuzentasuna tinko mantentzea ala Jesusengan sinestarazten lagunduko duten bide berriak urratzea? Gure artean, asko harritu gaituzten eztabaida eta gaitzespenak sufritu ditugu. Baina benetako arazoa ez da doktrinetan jokatzen, harreman-esperientzia pertsonalean baizik. Eta, nire iritzian, esperientzia hori ez dugu behar adina lantzen eta bultzatzen. Zertarako dugu doktrinak sinestea, Jesusengan sinesten ez badugu, Jesusekiko harremana bizi ez badugu? Pena ematen du, pena handia, eliztarron egoera ikusi eta, hala ere, zehaztasun-kontuetan gabiltzala ikusteak. Eta arazo horiekin gabiltzan bitartean, eliz jende asko ikusten dugu etsita, bere etorkizuna argitu ezin duela, bere fedeari inolako bizitasunik eman ezin diola. Zertarako ditugu doktrinak, fededunik izan behar ez badugu? Gaur zenbaiti galdetuko balitzaio berarentzat Jesus nor den, honela erantzun lezakete: «Maisua da, doktrina zuzena da, portaera moral egokia da». Baina Jesus ez da zerbait, ez da maisua, ez da liderra; ez da hori bakarrik behintzat. Jesusek egiten digun galderak pertsonaren konpromiso osoa harrapatzen du: «Nor naizela diozu?». Eta erantzunean atxikimendu osoaren apustua jokatzen da, pertenentzia jokatzen da. Jesus ez baita etorri ideologia bat izateko edo teologia bat izateko. Jesus etorri da bihotzak liluratzeko, pertenentzia eragiteko, gure izaera osoa beretzat hartzeko. Eta osotasun horretan jokatzen da fedearen erronka. Jesusen ikasleentzat hori izan zen aukera erabakigarria. Eta horixe bera da gure Elizarentzat ere aukera. Beste gauza eta eginkizun garrantzizkorik izango da gure Eliza honetan; baina Jesusen aukera pertsonala egitea bezalakorik, ez. Ez dugu esan nahi beste guztia era batera izan edo bestera izan berdin denik. Baina esan nahi dugu, Jesusekiko faszinazioa galdutakoan, berdintsu dela teologia bat edo bestea, doktrina bat edo bestea, aukera bat edo bestea. «Zu Mesias zara», hori da kontua. Baina bistan da, erantzun bete eta bihotzeko hori emateko, gure espektatiba eta itxaropenak aztertu beharra daukagula. Zer espero dugu Jesusengandik? Elizari gauzak ongi joatea? Guk gizartean eduki ditzakegun ametsak betetzea? Gizartean adierazgarritasuna mantentzea? Jendearen gain eragintasuna izatea? Nolabaiteko arrakasta espero ote dugu, garai askotan hala izan delako? Ikasleek ere mesiastasun berehalakoa eta erabatekoa espero zuten. Baina beren espektatibak birkokatu egin behar izan zituzten Jesusen bidera tolestatzeko. «Infernuaren indarrak ez zaizkio nagusituko» esan du Jesusek bere eliz elkarteari begira. Hori esana dago eta sinesten dugu. Baina garaipena ez da arrakasta izatea. Garaipena ez da Eliza beste botereen parean aurkitzea. Garaipena ez da jende guztiaren aitormena jasotzea. Garaipena beste era eta maila batean jokatzen da. Sinesmenaren mailan, Pazkoaren sintonian, gurutze-bidearen zailtasunean, aitorpen apalean, maitasunezko zerbitzuan, pobreen ondoan. Hortik begiratuta gaur egungo Eliza ez dago baldintza txarretan, Jesusen eskakizun hauetatik begiratuta. Gaurko Elizari gelditzen zaion aukera, aukera bakarra esango nuke, lehenengo maitasunera itzultzea da, Pedrok egin zuen aitorpen zintzora itzultzea. Gain-jantziak, itxurak, adierazgarritasunak, erosotasunak, utz ditzagun albora, ez baitaukate zer ikusirik Jesusek eskatzen digunarekin. Utz diezaiogun Jaunari gure bihotza liluratzen. Hauxe da aukera eta galdera: zer ala norengan sinetsi? Guk badakigu Jesusengan sinetsi dugula, hark beste inork ez bezala maitatu baikaitu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.