A urtea 13: Xumetasunez santu

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 10, 37-42)
Kristau izatea ez da broma. Zeure sinesmenaren sintonian jokatu nahi baduzu, oinarrizko koherentzian alegia, horrek santu izatea eskatzen dizu. Beste era batera esateko, Jesusen segizioak oso goian jartzen du maila. Eta denok ez gaude maila handietarako, egia esateko. Aita eta ama eta senideen aurretik eta gainetik Jesus bera jartzea, eskakizun handia da. Handiegia? Eta asmo onak izanik ere, geure mugak eta ezintasunak ongi ezagutzen ditugu. Gure kristau-bizitza seriotasunez bizi nahi dugu, baina ezin dugu geure barrua erabat askatu. Lotuta bezala sentitzen dugu geure burua: joerak, beldurrak, neurekeriak…
Zabarkerian ere ez dugu erori nahi. Santu ez, baina zabar ere ez. Erdibide batean bezala gabiltza. Santuak izan behar genuke; baina, ezin dugu inolaz ere santuek egin zutena egin. Hala ere, beste aldetik, lasatzeak edo erosotasunera ohitzeak beldurra ematen digu. Gehiegizko helburuak ez ditugu amestu nahi, baina gutxiegian ere ez dugu etzan nahi. Galdera batean auzia zehazteko: nola uztartu Ebanjelioak egiten digun dei erabatekoa eta guk gaur bizi dugun eguneroko errealitatea?
Gaurko ebanjelioaren atalean, Jesusen erabateko deiaren ondoan, bada era txikiagoan egiten den deia. Hor dago radikaltasunez aurrean jarri zaigun segizioa –eta ez zaio izpirik kendu behar–; baina, bide batez, hor dago baso bat ur eskaintzen duenaren santutasun «txikia». Azken batean zerk egiten gaitu santu? Dudarik gabe, maitasunak. Eta maitasuna da irizpidea santutasuna neurtzerakoan. Eta maitasuna nola zehaztu une bakoitzean? Jainkoaren nahia egitea da honetan irizpide.
Zer da, beraz, santu izatea: dena utzita, Kongoko misio-lurretara joatea, han Berri Ona zabaldu eta pobreak duintzera, edo gure herriko ikastolan geografia irakastea? Jainkoak zertan nahi zaituen, hartan izango zara santu. Amets handietarako joera eduki dezakegu, baina santutasun-bidea Jainkoak nahi duenak erabakitzen du. Jesusekiko gure segizioa ez du erabakitzen egiten dugunak, baizik egiten dugun horretan jartzen dugun maitasunak. Eta gehienoi ez zaigu bide nabarmenen moldea eskatzen. Gehienoi eskatzen zaigu xumetasunez santu izatea.
Xumetasunez santu izan: egiten dudana zuztarrerainoko maitasunez egin; neureaz ahaztu, eta naizena eta daukadana partekatu; Jainkoaz fiatu, dena haren eskuetan utziz. Beraz, arazoa ez da hau uzten eta bestea ukatzen eta haruzkoa baztertzen ibiltzea; arazoa edo auzia da barru librekoa izatea, bihotza eraberritzea. Nola?
Aurrena nire hondoan begiratu behar dut, ez ote nabilen neure bizitza kontrolatu nahian. Horrela balitz, Jainkoaren egintzaren eskuetara itzuli behar dut, nire aldaketa Jainkoaren dohaina baita. Ondoren, Jaunak zer nahi ote duen galdetu behar dut. Nik eduki ditzaket santutasun- eta perfekzio-asmo handiak. Jainkoarenak bat ote datoz nire asmo horiekin? Zenbat aldiz frustratu behar izan dizkidan Jaunak nire asmoak, berarengan uste on izaten ikas dezadan.
Xumeak izaten ikasi behar dugu. Geure asmoak Jainkoaren eskuetan uzten ez ditugun bitartean, gure santutasun-ametsek ez gaituzte inora eramango. Xumetasunez santu izan: ahal duzuna egin leialtasunez, egunero benetan saiatuz –egunerokotasuna inportantea da–, eta Jainkoaren bideei begiratu sarri-sarri. Segizioa leialtasunez bizitzekotan, hori Jaunak ematen digun grazia eta dohaina izango baita, ez gurea. Santu izatekotan, handitasunez jantzitako santu izan nahi genuke. Baina Jaunak ia beti baso bat ur emanez santu izatera gonbidatzen gaitu. Xumetasunez santu izatera.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.