A urtea 16. igandea: Gaitzarekin bizitzen ikasi

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 13, 24-43)
Gaurko ebanjelioak parabola bat baino gehiago aipatzen digu. Gogoeta honetan, lehenengoari heldu nahi diot. Jesusek egunero ikusten zituen Palestinako soroak eta landak. Gari-soro eder haietan behin baino gehiagotan nekazariei sortzen zitzaien irakaren arazoa ere ezagutzen zuen, noski. Eta nekazal munduko esperientzia hori hartzen du parabolatzat Erreinuaren dinamika adierazteko.
Izan ere, Jesusek bazekien Testamentu Zahar osoan izan zela eskandalu handia gaitzaren arazoa zela eta. Jainkoa ona baldin bada, nola gaitza?, zergatik gaitza?, nondik gaitza? Jainkoaren Erreinua zintzoentzat baldin bada, nola ulertu gaiztoek arrakasta handiagoa eta errazagoa izatea mundu honetan? Zertarako saiatu zintzo jokatzen, zintzo jokatzeak inolako aurrerapenik sortzen ez badu? Hauek denak, noski, garai hartako galderak izango balira… Baina, gaur-gaurkoak ere badira.
Gure gizartean eta mundu osoan gaitzak duen indarra ez dago azalpen handitan agertu beharrik. Aski da edozein hedabideren minutu pare bat, gaitzaren eta injustiziaren presentziaz ederki asko jabetzeko. Emakumeen kontrako tratu txarrak direla, itsasoan ehundaka hiltzen diren pateretako etorkin baztertuak direla, gogorkeriak beldurrez biziarazten dituenak, isiltasun errudunean torturatzen den hainbeste pertsona; hitz batean esateko, hainbeste giza eskubide hankapean zukutua!
Non da Jainkoa? «Ez al zenuen hazi ona erein soroan?». «Etsaiak egin du hori». Eta setati eta temoso hor dago gaitza gure artean. Gaitzaren errua Jainkoari egotzi edo agintariei egotzi edo herri aberatsei egotzi edo egiturei egotzi edo zorte txarrari egotzi edo nahi denari egotzi, gaitza hor dago, gaitza hemen dago.
Eta gaitzaren presentzia horretara ez makurtu nahi, eta gaitza deserrotzeko presa sartzen zaigu, berehala batean desegin nahi dugu gaitzaren indarra. Batez ere, fededunok, Ebanjelioa zabaltzeko eginkizuna daukagunok, munduaren salbatzaile izateko tentazioa sentitzen dugu. Gaitza desegin beharra daukagu! Jainkoak egin ez duena guk egin nahi, ea harena konpontzen dugun!
Jesusek Erreinuaren dinamika nola den esaten digu. Ahalegin guztia egin behar dugu, noski, soroan hazi ona ereiten. Alegia, gaitzari ahal den aukera gutxien utzi behar diogu. Izan ere, askotan gaitza geuk ereiten baitugu geure injustiziaz. Eta geure esku daukagun gaitza ekidin beharra daukagu inolaz ere.
Gure ahalegina eta guzti, gaitza datorkigunean baina, alferrik da gaitzari aurre egitea; beti gu baino indartsuagoa baita.  Gogoz kontra bada ere, gaitzari onaren erdian bizitzen utzi beharko diogu. Gure esku ez dagoen gaitzaren presentzia aitortu eta integratu egin behar dugu geure bizitzan. Ez zaigu tokatzen mundua salbatzea. «Utzi igitaitzera arte». Etorriko da gaitza onarengandik bereizteko eguna. Onaren eta gaitzaren epaia, azken epaia, Jainkoaren eskuetan uzten dugu.
Bien bitartean, zer?, etsi?, utzi? Bien bitartean, maitasunaren pazientzia. Maitasunaren borroka, gaitzari ahalik eta barruti gehien jateko. Baina, geure barrua neurriz kanpo estutu eta derrigortu gabe. Jainkoaren presentzia ongilean sinesten dugunok badakigu Jainkoa ari dela bere Erreinu maitasunezkoa eraikitzen. Badakigu Erreinu hori eraikitzeko, badakiela Jainkoak gertatzen zaigun gaitzaz ere baliatzen.
Ezer baldin bada gaitzaren pozoi hiltzailea indargabetzeko, hori maitasuna da. Maitasunaren borroka egitea tokatzen zaigu, baina gaitzaren azken erantzule sentitu gabe, geure kontzientzia errudun-pisuz astundu gabe. Maitasunaren borroka egin, maitasunak gaitza sendatzen digula sinetsiz. Maitasunak erakutsiko digu gaitzarekin ere bizitzen, bizia Jainkoaren esku  onenetan utziz.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.