A urtea 17: Zaharraren eta berriaren kutxa

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 13, 44-52)
Badu gaurko ebanjelioak esaldi gogoangarri eta gogoratzeko bat, eta bera arakatu nahi nuke gaurko lan­txoan. Hauxe da esaldia: «Zeruetako erreinuan ikasia dena, bere gordailutik gauza zaharrak eta berriak ateratzen dituen etxe-nagusiaren antzekoa da». Esaldi honek gaurkoan, eta ez dakit zergatik, halako erasan berezia eragin dit barnean; gaurko Elizari eta eliztarroi begira batik bat. Uste dut baduela bere barnean sekulako gaurkotasuna duen mezua.
Eliztarrok sarri «gauza zaharrekin» ibiltzen gara. Tradizio handien seme-alaba gara, eta tradiziotik jaso duguna hezurretan itsatsia geratu zaigu. Katekesiak, hitzaldiek, usadioek barru-barruan josi digute betikoaren zera berezia. Eta tradizioarekiko lotura hori ez daukagu berehala askatzen uzteko. Eta ez dut esango hori berez txarra denik. Leialtasun horrek badu bere balioa eta gure fedeak duen betiko hori ongi azpimarratzen eta baloratzen du. Hori ona da.
Baina, auzi honetan arazoa beste aldetik datorkigu, berriaren aldetik alegia. «Erreinuan aditua denak» gauza berriak ere ateratzen baititu. Eta honetan ez gabiltza hain argi. Ebanjelioak gaurko gizarteari eman nahi diona zer den ez dugu hain garbi ikusten. Ez dakigu zer eta nola eskaini. «Zer» akaso bai: betikoa! Baina betiko hori «nola» eskaini gaur egungo gizon-emakumeei dagokien eran? Hortxe arazoa eta hortxe ezintasun handi baten testigantza.
Baina, zergatik gertatzen zaigu hau? Akaso gaurko ebanjelioko parabola batek argitzen digu hori ere. Alegia, gure fedeak sinesten eta maitatzen duena benetako «altxor» ote dugu? Gure poza eta betetasuna Jesusek adierazi digun Jainkoaren proiektua ote da? Eta proiektu horren edertasunak beti berritasun sakonaren dinamikan ote gauzka? Beharbada, ikasi egin ditugu gauzak, betiko gauzak. Eta ez dugu Berri Ona benetako grina bezala bizi. Eta barnean grina bizia ez daraman ariketari dena aspertu egiten zaio.
Esan daiteke, eta norbaitek esango dit: Ebanjelioa ez al da ba betikoa?, ez al du betiko balio?, ez al da aldatzen ez dena? Bai, noski, betikoa da eta betiko balioa du eta alderdi horretatik ez da aldatzen. Baina, bada besterik: betiko hori eskakizun berrien harira moldatu behar da. Barru-barruan bizi duguna beti berritu egiten zaigu. Eta Jesusen Berri Ona ere, barru-barrutik biziko bagenu, beti berritzen, beti gaurkotzen arituko litzateke guregan. Eta ez litzateke errezeta askoren beharrik izango. Barruko pasioa era askotara eta era gaurkotu askotara aterako litzaiguke.
Ez dut honekin ebanjelizazioak duen zailtasuna ahaztuta utzi nahi. Badakit gauzak ez direla batere samurrak. Badakit gaurko giroak ez duela ebanjelizazioa errazten. Baina, hori ere ez dugu aitzakia bihurtu behar. Sekulako altxorra daukagu «kutxan». Betiko balio duen altxorra. Baina altxor hori ezin dezakegu jendeari botatzeko harri bihur. Gaurko gizakiak molde berrietarako deia egiten digu. Eta betiko edertasuna molde berrietan azaldu behar dugu.
Zer ari zaigu gertatzen? Gaurko moldeak ez ditugula hain erraz kontrolatzen? Ez gaudela oso seguru, esku artean daukagun hori «altxorra» ote den? Beldurra sentitzen dugula? Gaur egun Ebanjelioak ez duela jendea erakartzen? Zer da gertatzen zaiguna? Galdera hauek denak egin behar ditugu. Baina, gaurko ebanjelioak eskatu digun jarrera ere ez genuke ahaztuta utzi behar. Betiko «kutxatik» beti gauza berriak eskaini nahi dizkio Jainkoak gaurko gizarteari. Eta gu gara eskaintza horren bitarteko. Zaharren eta berrien ku­txan atergabe bilatu eta eskain dezagun «Berri» Ona.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.