A urtea 19: Beldurraren pikardia

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 14, 22-33)

Eszenatokia ezaguna da eta ebanjelioetan errepikatua: ikasleak itsasoan ekaitzaren erdian bizi-borrokan, eta Jesus urruti. Ikasleek sentitzen duten bakardadea eta ezina beldurrez janzten da. Haizea kontra dute, olatuak handiak, eta heldulekurik ez dute inon aurkitzen. Eta beldurraren erdian sortzen zaien presentziak garrasi eginarazten die, izuaren garrasi sakona. Beldurrak dena mamu ikastarazten die. Betikoa da, beldurrari mamu asko sortzen zaiola ondoan.

Jesus bidera ateratzen zaienean, beldurra kendu nahi die ikasle kikildu haiei. Pedrori, dirudienez, halako handiuste bat sortu zaio. Jesusen aurrean bere adorea azaldu nahi du. Baina, beldurrak, adorea baino gehiago, apaltasuna eskatzen du. Apaltasuna falta zaion adoreari beldurrak gaina hartzen dio, berehala hartu ere. Beldurrari gaina hartzekotan fede apala behar da, fede aitorlea, fede heldua. Fede heldua bi esanahietan: heldutasunez heldua eta Jesusi heldua.

Beldurrak ez die ikasleei aurrera egiten uzten. Beldurrak konfiantza lapurtzen baitu bihotzetik. Eta konfiantzarik ezean, ez dago ekaitzari aurre egiterik, ez dago proiektu bat aurrera ateratzerik.

Beldurrak, eta ikasleengan ederki ikusi dugu hau, ez du Jesus ezagutzen ere uzten, begiak lausotzen baititu. Eta Jesus ikusi eta ezagutu ordez, mamuak sortzen dira, etsaiak ugaltzen dira eta biktimismorako arrazoiak biderkatu egiten dira. Gaurko Elizari hori ari ote zaio gertatzen? Era askotako beldurrak nagusitzen ari zaizkigu. Etorkizunari beldur diogu. Garai bateko ospe eta aitortzak galtzeari beldur. Mezu-bideak arriskatzeari beldur. Pentsaera-askatasunari beldur. Emakumeari beldur. Laikoen presentzia adierazgarriari beldur. Bokazioen eskasiari beldur. Ateak irekitzeari beldur. Gizarte autonomoari beldur. Eta beldur hauetako bat baino gehiago bata bestearen kontraesanean leudeke.

Eta oraindik, hainbeste beldur eta gero, ez dugu apaltasuna ikasi. Oraindik, hainbeste kaskarreko eta gero, botere-goseari helduta gaude. Oraindik ere, atzoko erakunde eta instalazio astunei kateatuta gaude. Nahiago dugu nonbait inora ez garamatzan atzoko molde segurua, etor daitekeen berriaren arriskua bizi baino. Eta beldurrak heriotzaren bidean jarri gaitu. Badakigu Elzari ez zaiola gaitzaren indarra nagusituko! Baina hori esan zuenarekiko konfiantza berritzen ez badugu, beldurrak irentsiko gaitu.

Zorionez, gaure beldurraren ezinak urperatzen gaituenean, artean Jesusen esku askatzailea geratzen zaigu. Zorionez, ez gaitu geure garrasiaren pobrezian eskutik utziko. Geure konfiantza-ezaren salaketa egingo digu eta, beste zeinu baten bidez, konfiantza berri batera jasoko gaitu. Berriro ere gure bihotz beldurtiari aitormen eskertua aterako dio: «Zinez Jainkoaren Semea zara!». Eta aitormen horren ausardia apalez, berriro ere itsasora itzuliko gara, ekaitzaren erasoa jasateko prest.

Igande honetako ekaitz-pasadizoa konfiantzarako deia dugu Euskal Herriko Elizan ere. Fededun bakoitzak bere barruan egunero berritu beharreko jarrera da konfiantzarena. Era askotako erasoak bizi ditu gure bizipozak. Eta goizero dei egin behar diogu eskutik garamatzan Jesusi, konfiantzak heldutasunaren askatasunean sendotu gaitzan. Elkarte bezala ere ez ditugu garai erosoenak bizi seguru asko. Baina etorkizuna konfiantzarena da. Eta konfiantzak badakigu zer behar duen bere oinarrian: «Zer sinesmen gutxi!». Sinesmenak sortzen du konfiantza.

Ez dut uste, bizitzea tokatu zaigun egoerak kalte handirik egin digunik; geure ezina ezagutzera eraman gaitu eta Jaunarekiko konfiantza berritzera. Benetan kalte egiten diguna beldurra da. Beldurraren pikardia handia da!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.