A urtea 22: Gurutzeak liluratuak

(Igandeko Ebanjelioa: Mt 16, 21-27)
Pedroren aitormen sutsua aurrekoan; Pedroren eskandalua gaurkoan. Ez baita erraza biak lotzea, mesianismoa eta gurutzea. Pedrok : «Zu mesias zara». Jesusek: «Bai, baina gurutzean». Eta burutazio normaletan sartzen ez dena asumitzeak bere lanak ditu, lan handiak. Nola pasa mesianismoa gurutzean ezagutu eta onartzera? Zer bide egin horretarako? Tartean zerbait handia gertatzen da, zerbait kontrolatu ezin dena, zerbait Jainkoaren neurrikoa. Bestela, giza buruan ez da era horretako «aldrebeskeriarik» sartzen.
«Aldrebeskeria» esan dut. Betiko kristauok egin duguna da errealitatea domestikatzea, gozatzea. Mesianismoarena ulertzen dugu; baina, gurutzea sinbolo bihurtu dugu, berrirakurri behar den zerbait, hitz egiteko modu. Gurutzearena ez da bere gordinean ulertu behar. Gurutzearena «ondo» ulertu behar da. Behin puntak kamustuz gero, dena onargarriago egin dugu, dena geure neurrikoago. Jainkoaren egintza geure eskema eta mailara eraitsi dugu, eta dena normalago gertatzen da! Gauzak ez dira bere onetik atera behar! Eta inolako axolarik gabe mintzatzen gara gurutzeaz. Gurutzeak ez digu sinesmenerako zailtasunik sortzen. Eta hori ez da normala.
Ez da, beraz, harritzekoa gure proposamenaren indarra galdu izana. Eskaintzen dugunak beste proposamen askoren antz handiegia dauka eta, beraz, dena igualtsu da. Erlijioa, bat izan edo bestea izan ez dio inporta. Jesusengan sinetsi edo Mahomarengan sinetsi, ez da komeni bereizkeriarik egitea. Otoitz egitea edo yoga egitea, pareko ariketak dira. Dena maila berean jartzeko tentazio handia bizi dugu. Eta, noski, dena maila berean jartzeko, gurutzeak enbarazu handiegia egiten du. Kendu, ez dago kentzerik; beraz, gozatu dezagun!
Baina, kristau-fedearen berezitasuna gurutzearen liluran jokatzen da. Ez da sufritzeko gogoa. Ez da sakrifizio bila ibiltzea. Ez da bizitza ezkor eta ilun ikustea. Gurutzea neurri gabeko maitasun baten tiraizoa da, erakarmen kontrola ezina. Jainkoa maitatzen hasten denean, horrela maite du, gurutzerainoko distiraz maite du. Maitasunak dena duintasun berean berdintzen du; baina, bide batez, maitasunak ematen dio bihotzari «bakarraren» lilura. Norbaitek bihotza harrapatu dizu eta norbait hori «bakar» egin zaizu.
Eta maitasunezko gurutze horren jirabueltan ulertzen da Jesusen guztia. Baita Jesusen mesias izatea ere. Gurutzeko maitasun horren lilurak sortzen du segizioa, «liluratuen» segizioa. Eta lilura horrek ematen dio sentidua kristauaren guztiari. Lilura hori galtzean, dena husten da, dena berdintzen da, dena txepeltzen da. Eta hori gertatu zaio gaurko «kristau» zenbaiti. Gero ordezkoak bilatu behar. Bestelako esperientziak bizi behar. Zerbait berria sortuko duten sentsazioak sentitu behar.
Pedrok ere ulertu zuen gauza, Pazkoa eta gero. Ikusi zuen Jainkoak nolako maitasuna erakutsi zuen Jesusen gurutzean. Eta maitasun hori ulertu zuenean edo, hobeto esanda, maitasun hori sumatu zuenean, «liluratua» geratu zen. Eta ia ez zen lehengo Pedro izan. Pedro liluratuak orduan ikasi zuen «ikasle» izaten, Jesusen segizioan bizitzen, maitasun horrengatik bizia entregatzen. Orduan ulertu zuen Jesusek nahi zuen mesiastasunak zer baldintza eta zer izan-molde dituen. «Lilurak» sendatu zion eskandalua.
Gaur ere lilurara itzuli beharra daukagu. Kontua ez da teorietan eta teologietan nola gabiltzan, horrek bere garrantzia badu ere. Kontua ez da Gotzainek eta apaizek zer esaten edo egiten duten, hori mimoz zaintzekoa bada ere. Kontua da nolakoa den bizi izan dudan Jesusen esperientzia. Jesusekin topo egitean, bihotza liluratu didan zerbait gertatu ote zaidan. Ez ditugu behar erlijio guztien arnasa espirituala biziko dutenak. Jesusen gurutzeak «liluratuak» behar ditugu!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.