A urtea. Familiaren ibilerak

Jaiotza2

(Igandeko ebanjelioa: Mt 2, 13-15. 19-23)

Eguberri ondorengo igandeak, urteberriko festaren zain, Nazareteko familia santuaren jaia ekartzen digu gogora. Beti ere Eguberri giroan, noski. Familiari buruzko gogoeta egiteko baino gehiago da Eguberriko gertaera haus­nartzeko. Hala ere, ez zaigu gaizki etorriko Nazareteko familiaren argitan geureari begiratzea. Familiak nozitu dituen aldaketak eta gaur ikusten dizkiogun ibilerak, gutxienez gogoeta egiteko dira eta, norberaren arabera, erabaki batzuk hartzeko ere izan daitezke.

Familiaren garai bateko eredua aldatu dela esatea, ez da asko esatea; baina egia da. Eredu bat atzean utzi dugu: agintearen inguruan eratutako eredua, molde erlijioso baten arabera antolatua, uniformea… Bere alderdi onak eta errepika-ezinak bazituen eredu hark. Eta askok pena handia sentitu du alderdi on horiek galtzen ikusi dituenean. Eta asko horietatik batzuek oraindik ere lehengo balio haiek errekuperatzeko ametsa bizi dute. Familiaren gaurko ibilera igarokorra ikusten dute, sentidu gabea, eta lehengoaren itzulera amestu ez ezik eragin ere egin nahi lukete.

Baina, nire uste apalean, onerako eta txarrerako, lehengo eredua joan zen eta, joanak joan, ez dut uste berriz itzuliko denik. Eta joanaren minez atzera begira gelditzeak ez dut uste probetxu handirik ekar diezagukenik. Kristau-begiradak ere irekia izan behar du. Ez dut esan nahi edozer gauza edozein modutara onartu behar dugunik. Esan nahi dut, erne bizi behar dugula gaurko moldeak berekin izan ditzakeen balioez jabetu eta horiek bultzatu eta lantzen saiatzeko.

Gaurko familia anitza da. Eta aniztasun hori ez du erakusten auzoko beste familiekiko bakarrik; aniztasuna teilatupe berean ikusten da, etxe bereko kideen artean. Eta aniztasunak gauzak eta etxeko martxa beste era batera begiratu eta bizitzera garamatza.

Garai bateko aginteak beste molde bati egin behar izan dio leku. Agintearen ordez, beharbada, elkarrizketa eta negoziazioa erabili beharko dira gaur egun. Erlijioaren bizipenak familiari ematen zion ordena eta izaera hura joan zen. Erlijioa gaur nor bakoitzaren aukera bihurtu da. Garai bateko hari bateko heziketa hura gaur erabat desberdina da.

Lehen baino okerrago? Ez dut uste. Balio batzuk galdu direla? Besteak irabazi ditugu. Familiaren izaera aldatu den bezainbat aldatu beharko genuke familiarekiko geure begirada. Esate baterako, eta adibide bat jartzeko: familiako kideen artean ez al genuke komunikazioa askoz gehiago sustatu behar gaurko balio bikain bezala? Familikide bakoitzaren garapen eta heziera pertsonala ez al dugu estimatu behar, lehen hainbeste begiratzen genuen familiaren itxura bateratu haren ordez? Lehen agintez inposatzen zen jarrera erlijiosoa ez al genuke testigantza pertsonal zintzoaren bidez txertatu beharko gure gazteenen bihotzean? Beraz, elkarrizketa, prozesu pertsonala, bizi-testigantza…

Gure elizetan ere, arduraz aztertu beharko genuke zer nolako famili moldea ari garen proposatzen. Niri askotan pena ematen dit, oraindik ere lehengoari begira bizi diren pertsona batzuen jarrera itxiak. Lehengo familiak, nire ustez, bere aukerak zituen, aukera onak. Gaurkoak, hau ere nire ustez, aukera askoz gehiago jartzen dizkigu eskura, baita fede-bizitza sustatzeari begira jarrita ere. Nire iritzian, arestian aipatu ditugun balioak (komunikazioa, prozesu pertsonala, testigantza…) askoz egokiago datozkio Nazareteko familia santuari, lehengoak baino.

Hori esanda, bistan da hala ere, gaur egun familiak ez duela oraindik eredu berria aurkitu. Eta eredu finkatu bat, seguru asko ez du aurkituko. Atergabeko lana eta arreta da, une bakoitzean familia «sortzea» eta «garatzea». Zaindu egin behar familiaren ibilerak!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.