Abendua 2: Ba omen delako bat

JUAN BAUTISTA SANTO...SOLEMNIDAD DE LA NATIVIDAD 24 JUNIO . B. MEGF. DOM. 24 JUNIO 2012.(Igandeko ebanjelioa: Lk 3, 1-6)

Gure gizartean, eta erlijio-gaietan bereziki, “omen” hori asko erabiltzen da: esan omen du, jarri omen du, joan omen da… Entzutez edo susmoz jokatzen duten pertsonen jarrera adierazten du “omen” horrek. Hau horrela izaten da alor askotan, eta erlijioarenean zer esanik ez! Jainkoaz hitz egiten entzun dute askok. Jainkoa ba omen dela. Jainkoak hau eta bestea egin omen duela. Baina ez daukate inolako esperientzia pertsonalik. Elizkizunetara ere joan daitezke, baina sekula Jainkoari beren bihotza ireki gabe. Besteek esandakoaz gida­tzen dira, baina Jainkoaren barne-ahotsa ez dute sekula santan aditu.

Erabat sakabanatuak bizi gara, aski azaleratuak. Geure barrutik ihesi bezala gabiltza, geure barruko ardatzari erreparatu gabe. Gure bizitzari, dena bateratuko duen esperientzia sakona falta zaio. Lan egin, gozatu, sufritu… baina inolako sentidu bateratzailerik gabe. Eta sakabanaketa horretan ez dugu asma­tzen geure barrura sartzen eta geure barruan Jainkoaren presentziari antzematen. Ez dakigu Jainkoa “sentitzen”. Ez diogu Jainkoaren maitasun berritzaileari inolako tankerarik hartzen. Ez dakigu Jainkoarekin hitz egiten. Ez dakigu Jainkoaz gozatzen.

«Urra ezazue bidea Jaunarentzat» hots egiten du Joan Bataiatzaileak. Eta Jaunari prestatu beharreko bide hori ez da kanpokoa, lehen mailan behintzat. Barrukoa da. Jainkoari prestatu beharreko bidea kanpotik barrura daraman bidea da. Sakabanatuta ibiltzetik batasunera daraman bidea da. Geure barruko beldur eta ezinen artean Jainkoa aurkitzea. Geure barruko estalki eta babesak apurtu, eta Jainkoaren aurpegiari geure barruan forma hartzen uztea. Jainkoaren esperientzia pertsonala bizi izateko gogoa behar dugu. Gogoa edukiz gero, ez daukagu urruti joan beharrik. Geure bihotzean daukagu.

Bide-urratze honen etsairik handiena, betiko topikoetan geratzea da: ni txikitatik fededuna naiz, nik hori guztia badakit, nik esperientzia iluna izan nuen txikitan, erakutsi ziguten Jainko hura oso zigortzailea eta estutzailea zen, etab. Topiko tipiko hauek ihesbideak besterik ez dira. Topaketa pertsonal baten beldurra estal­tzen duten aitzakiak. Oso erraza da jasotako heziketa eta eliz erakundearen aka­tsak eta aipa­tzea; egin behar dena esperientzia pertsonal baten ariketa da. Pertsonalki Jainkoarekin aurrez aurre jartzea. Jainkoari bizitzan azaltzen uztea.

Alderdi horretatik, Abenduak eskatzen digun lehenengo jarrera, bilaketa dela esango nuke. Bilatzea da gizakiaren jarrera oinarrizkoa. Bilatzea baztertu duen gizakiak bere gizatasuna galdu du. Eta bilatzeak zer esan nahi du? Inori eta ezeri aterik ez ixtea, esperientzia egiteko prest egotea, inolako deiri ez entzuna ez egitea. Esango du norbaitek, nahi izanda ere, ez dela erraza Jainkoarekin topo egitea. Eta egia da. Horregatik atergabeko bilaketa. Kristau-fedearen ikuspegitik sekula ez baita amaitzen bilaketa; ezta aurkitutakoan ere. Jainkoa geure harira lotzerik ez daukagunez, beti “bilatua” izango da.

Abendua topaketarako prestaera da. «Urra ezazue bidea Jaunarentzat». Halako batean (inork ez daki noiz) Jainkoaren bisita suma­tzen da barruan. Beste ezerekin nahastu ezin daitekeen bisita ederra. Eta orduan den-dena berritzen da.

Alferrik da saioaren saioz gauzak aldatu nahia. Jaunarekin topo egiteak sortzen du sekulako berrialdia barnean. Urruti uste zenuena hurbildu egiten da. Zigortzaile uste zenuena, maitale eta onartzaile sentitzen duzu. Eta dena berria da. Orduan ez daukazu inork ezer esan beharrik. Zeuk ikusi duzu, zeuk en­tzun, zeuk sentitu. Orduan Jainkoa ez da ezezagun bat zuretzat. Orduan Jainkoa ez da izango, besteek hala esan dizutelako ba omen delako bat. Zeuk ikusi duzu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.