Abendua B 2: Bestelako bidea

Bidea(Igandeko ebanjelioa: Mk 1, 1-8)

Abenduko 2. igandeak Joan Bataiatzailearen irudi latza jartzen digu begien aurrean. Ustekabean azaldu da Jordan ibaiaren ertzean, basamortu gorrian, garrasika, dei larria eginez. Itun Zaharrean Isaias profetak egin zuen dei bera dakar, prestatzeko Jaunaren etorrerari bidea.

Gure arazoa faltsua izan ohi da askotan, geure heziera okerrez erantsi zaiguna. «Bidea prestatu» entzun orduko, antena moral guztiak martxan jartzen zaizkigu. Eta hemen Ebanjelioak planteatzen diguna ez da arazo morala, bizi-arazoa baizik, arazo esistentziala. Azken batean kontua ez da gauza bat edo beste aldatzea, portaera bat edo beste, grina bat edo beste; bizitzaren ibilbidea beste norabide batean jartzea da. Gure bizitza beste sintonia batean jartzea.

Horrek zer esan nahi du? Aurrena kontzientzian ongi josi behar dugu «Jauna datorrela». Jaunaren etorreraren deiak bakarrik eragin diezaguke barrutik, sakonenetik. Bestela, beti azalean gelditzeko arriskua daukagu. Daukakeen garrantzia murriztu gabe, baina arazo morala azalekoa da, barruko sakonaren azalpena da. Bizia eta beraren edertasuna sakonagoan jokatzen dira, «Espiritu Santuak» eragiten duen maila barrukoan.

Zer egin? Bizitza biluzi. Joanen antzera gainjantziak erantzi eta garenaz jabetu, garena bistaratu. Geure bizi-mailaren kontzientzia hartu behar dugu. Eta, hori eginda, zer bizi dugun galdetu; zer kalitate, zer duintasun, zer gizatasun…

Hori zertarako? Barrua Espirituari irekitzeko. Azken sakonean, Jainkoa da bere lana egiten duena. Jainkoa da bere Berri Ona ematen diguna. Jainkoa da Jesusen aurrean kokatzen gaituena. Jainkoak bataiatzen gaitu Jesusen bidez. Eta Jainkoaren eskuetan, auskalo zer gertatuko zaidan! Jainkoari uzten diozu azken hitza, eta berak nahi duena egiten du.

Oraindik ere, aldatu behar ditugun gauzei bueltak ematen zeure buruan? Begira, Joanen irudi latzak ez du «penitentzia» markatzen. Gogoan hartu behar genuke gaurko ebanjelioa nola hasten den: «Honela hasi zen Jesu Kristoren Ebanjelioa». Ibilbidea bestela planteatzea, Ebanjelioaren pausora jartzea da. Abenduak ez digu eskatzen penitentzia penitentziagatik. Bizitza biluztea Ebanjelioari lekua egiteko da, bihotza Jainkoaren notizia handiari zabaltzeko.

Abenduak Bataio berri baten aurrean ipintzen gaitu. Joanen bataioa prestaera zen. Pertenentzia berriaren Bataioa Jesusek dakarrena da. Behin Eguberri gertatuta, behin Espirituaren eskuetan jarrita, inportantea ez da zer egiten duzun, baizik norena zaren. Eta, ondorioz, nor zaren. Petenentziak markatzen digu nortasuna, identitatea.

Abenduak bestelako bidean jartzen gaitu, Jesusen Berri Onaren bidean.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.