Abendua 2: Suak erre egiten du

Sua(Igandeko ebanjelioa: Mt 3, 1-12)

Garai bateko amenazuak, hitz ilunak, ikuspegi ezkorrak eta bide itxiak atzean gelditu ziren, zorionez! Gaur kristaukera baikorra, argiemalea, pozgarria bizi nahi dugu. Bide eta ikuspegi honetatik, hizkera gozatu dugu, ertzak amustu ditugu, ilunak argitu ditugu eta gure begirada bakeosoagoa da askoz! Baina, beste galdera bat ere egin beharko genuke beharbada: ez ote dugu sua itzali?

Gaur ere suak erre egiten du, alferrik da! Joan Bataiatzailearen irudia latz eta gordin dator gaurko Ebanjelio-zatian. Irudi latza. Latza hitza. Latza salaketa. Gordina, begiz begi botatzen duen begirada zorrotza. Ez du jolasik ametitzen Joanen presentziak. Eta beharbada inoiz baino gordinago eta nabarmenago entzuten da gaur Joanen deia. Erlijioa eta erlijioarekiko harremana nahi adina bigun dezakegu eta bera dezakegu. Baina, badator etortzekoa eta haren aurrean ez dauka tokirik injustiziak, zapalketak, indarkeriak, gezurrak eta antzeko ezerk.

Gaur ere suak erre egiten du! Gure gizarte honetan jarrera eta jokaera asko dago, Mesiasen etorrera onez jasango ez lukeena. Gizarte honetan sortu ditugun jolas zapal­tzaileak ezin ditzake Mesias askatzaileak inolaz onartu. Abenduan espero dugun eta Eguberritan etorria aitortzen dugun Mesias horrek, epai zorrotza dakar egoera zuzengabeko horien kontra.

Gaur ere suak erre egiten du! Zer sentidu dauka, pobreen belarriak kontsumismoaren buila negargarriz mintzeak? Zer sentidu dauka Eguberritan kaleko argiak pizteak, etxe askotan inolako argirik ez bada? Inolako tripako minik gabe ospa ote dezakegu datorren Eguberri, bien bitartean jende asko beharrezkoenaren eskean daukagula jakinik? Eta ez da gauzak ertzeko mugara eramateko kapritxoa!

Gaur ere suak erre egiten du! Joanen salaketa gaur ere puri-purian legoke! Gure kristautasunak ez ote du «min» emateko gaitasuna galdu? Ez ote dugu Eguberri gehiegiz domestikatu? Erlijio-bizierari ertzak amustean, ez ote zaigu Eguberriren eta Mesiasen mezua bera zozotu eta alferrikako bihurtu? Orain ez dugu hitz latzik; baina, ba al dugu hitzik? Orain ez dugu ikuspegi ilunik; baina, ba al dugu inolako ikuspegirik? Ez dugu ematen minik; baina, ematen ote dugu ezer? Gure suak ez du erretzen; gure suak berotzen ote du?

Norbaitek pentsatu baldin badu, garai batekoetara itzultzea eskatzen ari naizela, badauka deskuido ederra! Gauza bat bakarrik esan nahi nuen: ikuspegiak baikor bihurtzea ondo dago, oso ondo. Alderdi askatzaileak azpimarratzea ondo dago, oso ondo. Baina, kontuz gero!: gaur ere suak erre egiten du!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.