Abendua 3: Ezaugarriak irakurri

JUAN BAUTISTA SANTO...SOLEMNIDAD DE LA NATIVIDAD 24 JUNIO . B. MEGF. DOM. 24 JUNIO 2012.(Igandeko ebanjelioa: Mt 11, 2-11) Gaur ere Joan Bataiatzailea agertzen zaigu ebanjelioko pasadizoan. Mesias etorria zen ordurako, baina ez zuen ikusten Joanek, berak iragarritako aldaketa eta berrikuntzarik inon gertatzen ari zenik. Ez zion inolako tankerarik hartzen Mesias berritzailearen ekintza eta jardunari. Eta Mesiasi buruzko galdera egiten du. Jesus hura al da Mesias? Joanek ezin du irakurri inon mesiastasunaren presentziarik. Berak sinetsitako eta adierazitako eskemen barruan behintzat ez da ari gertatzen ezer berririk. Frustrazioaren galdera da. Engainatua sentitzen denaren galdera. Amets hustuen galdera.

Jesusen erantzuna garbia bezain txokagarria da. Mesias etorri da. Jainkoaren erregetza ari da gertatzen. Berrikuntza ari da bideratzen. Nazareteko Jesusen presen­tzia Jainkoaren eskaintza askatzailearen presentzia da. Baina, berrikuntza hori ez dator jendeak espero zuen bidetik eta modura. Ez dator, Joanek berak espero zuen modura eta bidetik ere. Mesiasek ekarri duen berrikuntza eta aldaketa ikusi nahi duenak beste toki batean eta beste era batera begiratzen ikasi behar du. Bestela ez ditu Erreinuaren ezaugarriak irakurriko.

Joanen eta Jesusen arteko galdera-erantzun hauek ez datozkigu batere gaizki gaur ere. Mesiasen etorrerari zertan antzeman diezaiokegu gaur bertan gizartean? Aldaketa handi eta ikusgarrien esperoan bizi gara beti. Gizarteko egituren berrikuntza kolpekoa espero eta nahi dugu. Eta gauzak guk uste bezala gertatzen ez badira, ez dugu ikusten ezer gertatzen ari denik. Erreinua etorri da, baina ez guk uste eta nahi bezala. Asmatu egin behar etorrera horren ezaugarriak irakurtzen!

Zeintzuk dira ezaugarriak? Bat: Erreinua barruan eta barrutik gertatzen da. Bi: Erreinuaren etorrerari epe luzera antzematen zaio. Hiru: Erreinuak bitarteko eta bide oso txikiak erabiltzen ditu. Lau: Erreinua bihotz apal eta pobreetan gertatzen da. Bost: Erreinua ez da agertzen gure amets idealistetan, gizakiaren errealitatean mamitzen da. Sei: Erreinuak bihotza askatu eta pozten du, esker ona sortuz. Zazpi: Erreinuak pertsona libreak eta maitaleak sortzen ditu. Zortzi: Erreinuak gizarte libre eta zuzenagoa egingo duten pertsona entregatuak sortzen ditu. Eta… eta…

Hori da kontua, ezaugarriak irakurtzen jakitea. Autobusari, pasatzen den tokian itxoin behar izaten zaio; ez pasa behar lukeela iruditzen zaigun tokian. Erreinua ere ez da gertatzen, gertatu behar omen lukeela irudi­tzen zaigun tokian, gertatzen den tokian baino. Erreinuaren hauek ez dira, ez, hitz hutsak! Erreinua irakur­tzeko, beraren ezaugarriak irakurtzen jakin behar. Hori da kontua!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.