Abendua 4: Argiak

Argitasun handia(Igandeko ebanjelioa: Mt 1, 18-24) Kaleko argiak, argi guztiak, kolore guztietakoak, piztu dizkigute. Kaleko argi horiek eskaintzen duten kontsumokeria salbazioa omen da. Beste zerbaiten faltan, erosi egin behar da, gastatu, kontsumitu, gozatu. Bizitzari, gehiegitan ate eta leihorik gabe aurkitzen den bizitza horri, irtenbideak eskaini behar zaizkio, ihesbideak. Bestela, bizitzaren pisu astunak bizitza bera ito egiten digu. Eta ‘salbaziozko’ mezu eta eskaintza argitsuak dauzkagu han eta hemen, handik eta hemendik. ‘Salbazioa’ bizitzako laztasunari ihes egitea da, egun batzuez baikere. Gero bizitzak berak ekarriko gaitu berriro betiko pisu horren azpira, han errendi gaitezen.

‘Salbatzaile’ asko dabil suelto, ‘salbazio’ gehitxo. Ardo eta uxualezkoa ez bada ere, ihesaren mozkorra eskaintzen zaigu, bizitzaren gordintasunari leihoak irekitzeko. Ihes egin, gauza bereziak eginez. Ihes egin, egunero ez dauzkagun gozabideak aprobetxatuz. Ihes egin, jan-edanez. Ihes egin, algara eta barre handiz. Ihes egin, gozokeriaz. Eta zer? Horiek bizitza libratzen ez badigute, errua ez da gauza bereziena edo gozabideena edo jan-edanena edo barrearena. Ez. Arazoa «ihesarena» da. Ihes egiteak ez baitu bizitza barrutik libratzen. Errealitatea setatia da eta gainean jartzen zaigu beti.

«Jesus ipiniko diozu izen, berak salbatuko baitu bere herria». Eguberrik sasi-salbazioen gezurra salatzen du. Frustrazio-iturri diren dei dotoreen ezereza adierazten du. Eguberrik beste ‘Salbatzaile’ bat aurkezten digu: Belengo estalpe pobrean jaiotzen den haur pobrea. Inork argirik piztu bazezakeen, Jainkoak piztu zezakeen. Eta ez du piztu. Izar txiki eta argi-ilunezko bat piztu du. Eta izar horrek Belengo estalpera garamatza. Eta han, sekula pentsatuko ez genukeen mezua hots egiten digu: «Hona salbatzailea». Eta haur txiki eta ahul bat ikustean, gure eskema eta chip-ak aldatu beharrean gara. Aldatu nahi ez duenak eta mesianismo handien zain dagoenak, ez du Eguberri ulertuko, ez gozatuko.

Salbatzaile hau ez dator tronpeta jotzen. Isiltasun sakona behar da haur txiki honen askatasun-ahotsa en­tzuteko. Gure buila eta desditxek ez digute egiazko salbazioa entzuten uzten. Bakoitzak atera bitza kontuak. Norbaitek oraindik ere salbazioa «Corte Ingles»eko eskaparateari espero baldin badio, presta dadila tristurarako. Ihesari irtenbidea espero baldin badio, errealitateak zapalduko du azpian. Belenen emakume pobre baten beso gorrietan ikusten dugun haur txikiak dakar «salbazioa». Gure bizitza eta gure bakegintza argitzeko ez ditugu behar ‘herriaren salbatzaileak’, Jesus baizik, «herriaren Salbatzailea».

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.