Abendua 4: Eguberri gazi-gozo

Maria-Isabel(Igandeko ebanjelioa: Lk 1, 39-45)

Abenduan Maria agertzen denean, dena halako sakontasun eta hurbiltasun bereziz janzten da. Kaleetan dena argia eta dena sal-erosketa den garai honetan, eliz liturgiak sekulako sakontasun eta barnetasun gozoa hartzen du. Mariaren sabel horri misterio gehiegi sumatzen zaio, kontsumismo erraz eta arinean gure poz-beharrak asetzeko. Horrelako kolore kontrajarriak bizi ditugu egun hauetan.

Bada zerbait Eguberritan, ondoeza eta arbuioa sortzen duena; eta bada, une berean, zerbait, sentimendu sakonen eta gozoenak pizten dituena. Mariaren bisitak Isabeli sortzen dion barne-poza sortu nahi digu Eguberrik gure barnean. Eta poz horren bila ematen ditugu gure urrats gehienak.

Jan-edanek, famili batzarrek, zorion-desioek… gizakiaren onena eta beraren barruko sentimendu sakonenak azaltzen dituzte. Eta ez dut uste ohitura sozial hutsa direnik. Eguberritako desioetan azaltzen dugu gizakiok, zerbait gehiagotarako eginak garela eta zerbait gehiagotan betetzen dela gure bokazio sakona. Gizakiok ez garela, askotan ematen dugun bezain hegamotz eta amets gabeko. Amets asko daramatzagu barnean eta amets handiak.

Hori bai, amets ugari eta handi horien frustrazioa ere, gu­txitan bezala sentitzen da gabonetan. Amets handi horiek, ez betetzekotan, ahaztea hobe. Baina Eguberriz ametsen barrutira ateratzen garenean, sekula baino argiago sumatzen dugu ez dugula amets beterik eta ez dugula izango ere. Eta hortik erraz eta ongi uler­tzen dut nik askok esaten duena, Eguberri urte guztiko sasoirik tristeena gertatzen zaiela. Zenbat eta argi gehiago piztu, orduan eta argiago ikusten da gure bizitzak daraman miseria eta ezina.

Esate baterako, famili giroari dagokionez, zer esan? Denok bilduko gara eta denon artean senidetasun-giroa indartu nahi izango dugu. Baina familia askotan batzar hori azalekoa dela ikusten da eta jakiten da.

Eta gezurrezkoa gertatzen da batzar hori. Senidetasun gozo behar lukeena, elkarrekiko zelata eta epaia gertatzen da. Edo umeei beren ilusio guztiak pizten saiatuko gara. Baina gero, eguneroko bizitzan, ume horiei gizatasun-bide argizkoak erakutsi behar ez badizkiegu, gizarte honen produkzio-gurpilean lotu behar baditugu, zertarako ume-ametsak? Edo gure herriari begira jarrita, nola kantatu bakea eta zoriona, oraindik ere gizakiak abereen pare bota­tzen direnean? Alferrik da argiak piztea, gero familia askotan samina sortzeko. Alferrik da “zorionka” ibiltzea, gero zoritxarra besterik sortu behar ez badugu.

Eta, hala ere, nire gusturako, ondo egiten dugu elkarri “zorion!” esanez. Ondo egiten dugu elkarri bakea opaz. Ondo egiten dugu haurren begiak ilusioaren ederrez handituz. Ondo egiten dugu senideok elkarrekin batzartuz. Ondo egiten dugu liturgia gozoa ospatuz. Ondo egiten dugu kaleetan argia piztuz. Ondo egiten dugu festa eginez. Mariaren sabeleko Haurraren bisitak merezi du hori eta gehiago. Gauza bat, hala ere, ez dugu ondo egiten: barrutik atera behar genukeena kanpoan erosi nahi izatea. Hori gaizki eta alferrik egiten dugu. Poza eta zoriona eta ilusioa bihotzean sortu behar dira eta handik atera. Bestela ez dago horiek salduko dituen dendarik.

Eta ahaztekoa ez den gauza bat: hemen bizi garen bitartean, gure Eguberrik bietatik izango duela, pozetik eta tristuratik, senidetasunetik eta etenetik, ilusiotik eta frustraziotik, baketik eta borrokatik, barrutik eta dendatik, ondasunetik eta pobreziatik. Hemen bizi garen bitartean, Eguberri beste Eguberri beteago baten aurre-ikuspen eta aurre-dastapen baita, ez besterik.

Baina hemengo Eguberri bestearen parera hurbildu nahi badugu, landu dezagun barrua, poztu ditzagun pobreak, hurbil gaitezen elkarrengana. Horrek emango die sakontasuna eta edertasuna gure gabon-jaiei. Eta, hala ere, gezurrezko ametsetan erori gabe: gure Eguberri beti gazi-gozoa izango da. Bizitza osoa bezalaxe! Zorion, adiskide!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.