Abendua B 1: Esperantza alaia

Txantxangorri(Igandeko ebanjelioa: Mk13, 33-37)

Abendua hasten dugu berriro ere. Abendua, hala ere, aro bat baino gehiago bizimolde bat da. Ondo dago Abenduan Eguberrirako prestatzea; hobeto, beti Abenduan bizitzen ikastea.

Zer esan nahi izan lezake Abenduan bizitzeak? Seguruenik, gauzak osotasunean aztertzeko, gauza eta alderdi nasko aipatu beharko genuke. Baina gaur, bat aipatu nahi dut, eta ez da garrantzi gutxien duena. Esperantza, itxaropena.

Aurrena, esperantza behar dugulako. Esperantza galtzea, landare bati ura kentzea da. Gaur egun landare lehor, zimurtu, erori, gehiegi ikusten da gure Elizan. Arnasa galduta gaude. Aurrera egin ezinik. Begi tristez gure errealitate apalari begira.

Esperantza behar dugu, eta nahi dugu. Esperantzak alaitzen baitu bizitza, bai pertsonala, bai elkartearena. Esperantza galtzea, dantzarako musika gabe geratzea da. Bihotzak poza nahi badu, barruko dantza ederrari eragingo dion musika behar du. Eta gure eliz elkarteetan, bihoitza tristeturik, hankak gelditu egin zaizkigu, eta ezion joan ebanjelizazio-lanera. Esperantzak jotzen du musika, barrua poztuz. Aita Santu Frantziskok esan du gaurko tentazio nagusia tristura duela gure gizarteak. Gure Elizak ere bai.

Esperantzak jartzen gaitu erne. Esperantza falta dugunean, lo hartzen dugu eta ezin dugu ezer onik sumatu inguruan, ezta geure barruan ere. Dena usteldu egiten du gure barruko lozorro nekatu eta aspertuak. Ezkor ikusten dugu eta, ondorioz, axolagabe bihurtzen gara. Jaunak ari duen lana sumatzeko argitasuna falta dugu. Hainbeste jende eta taldek egiten duen lan ona ezin dugu jaso. Gaurko Eliza gutxitu eta pobrean ari den hainbeste egintza eder baliogabetzat baztertzen da. Eta, beraz, dena igual da, denak berdin dio, ez du ezerk ezertarako balio. Ezkor eta pasota, horrela esanda!

Esperantzak bizi gaitu. Badakigu ez direla gure gaurko hauek atzoko garaiak. Gure garaiok atzokoaren emaitza direla bistan da baietz. Orduko «harrokeriak» gaurko apaltasunera ekarri gaitu. Orduan dena zen distira, dena zen jendetza, dena zen «kristaua», dena zen legezko, dena zer «zintzo». Gaur, argi haiek itzalita, «artalde txiki» gara, gizartearen autonomiak bakoitza geure lekuan jarri gaitu, legearen gainetik pertsonaren duintasuna aldarrikatzen da. Eta badirudi dena hil dela. Esperantzak bizi gaitu. Ez da ezer galdu oraindik. Jaunaren lanean uste on duenak, hark utzi digun «enkargua» betetzen segitzen duenak, «etxea zaintzen» darraionak, Ebanjelioaren dohainaren ernamuinak ikusiko ditu alde guztiuetan, bere bizitzan eta eliz elkartean, eta gizartean. Esperantza alaiak asko ikusten du.

«Zuei esaten dizuedana, denei esaten diet: «Egon erne!». Eliztarroi Elizaz esaten zaiena, guztiei gizarteaz esaten zaio. Erne denok!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.