Abendua3: Galderetatik egintzetara

Joan Bataiatzailea(Igandeko ebanjelioa: Lk 3, 10-18)

Abenduak aurrera egin ahala, prestaeraren larritasuna sakondu egiten da. Eta prestaera horren eskakizuna gordin eta sendo agertzen da. Egia da, gizakion artean prozesu baten bidez egiten direla gauza guztiak, eta hala egitea komeni dela. Aldaketa sakonek beren denbora behar dute eta beren ibilbidea. Arazo garran­tzizkoetan ez da bidezidorrik eta zubi magikorik izaten. Egin beharreko bidea egiteak halako heldutasun beharrezkoa ematen du eta hori ez dago ahazterik.

Hori egia izanik, egia da, bide batez, prozesu guztietan izaten direla une erabakitzaileak edo erabaki handiak hartu beharreko uneak. Giza gaietan ez baita dena berezko garapenaz gertatzen. Bizitzak baditu erabakiak hartzeko uneak markatzen dituzten zedarriak. Eta une horietan erabakiak hartu egin behar izaten dira; bestela, prozesua bera galgatua gelditzen da, galtzeraino. Beraz, prozesua bai; baina erabakiak ere bai bere garaian. Batak bestea behar izaten du aurrera egiteko.

Abenduak prozesu baten ibilbidea markatzen digu, zalan­tzarik gabe. “Bidea” irudi oso erabilia izaten da Abenduko liturgian. Eta bideak prozesua esan nahi du. Baina Abenduak, bide batez, prozesu horri benetakotasuna emateko deia egiten digu. Etorri dela, alegia, erabaki sendoak hartzeko garaia eta erabaki horiek hartu egin behar ditugula. Batek baino gehiagok esaten du: «Ni ez nago oraindik erabakiak hartzeko prestatua». Eta prestaera azkengabekoan jarraitzen dute, prestaerak berez egunen batean erabakia hartuaraziko dielakoan. Beti iristen da salto bat egin beharreko garai jakina.

«Zer egin behar dugu?» galdetzen diote juduek Joan Bataiatzaileari. Eta Joanek justiziazko egintzak jar­tzen dizkie begien aurrean. Joan ez da konformatzen urruti bateko helburu teorikoak markatzearekin. Joanek berehalako erabaki sakonak eskatzen eta eskaintzen ditu, eta oso zehazki gainera. Etorri da galderetatik erabakietara pasatzeko garaia. Iritsi da egintzen garaia. Iritsi da bizitzari beste bide bat azaltzeko garaia. Eta hori bera esaten digu guri aurtengo Abendu honek.

Eskakizunak zeintzuk dira? Daukanak ez daukanari ematea. Kobratu behar duenak behar baino gehiago ez kobratzea. Militarrek inori kalterik ez egitea, indarraz ez aprobetxatzea. Gure egunotara etorriz, bakoitzak begiratu behar du eskakizun horiek zer nolako irakurketa eskatzen dioten. Akaso egiten ari naizen ordu estrak utzi egin beharko nituzke, lanik ez daukanen bati lana emateko? Akaso Eguberri garaiko gastuak gutxitu egin beharko nituzke, zer gastaturik ez daukanari emateko?

Gure herriaren gaurko unea begiratuta ere, bada zer azterturik. Zer egin? Inor ez zapaldu inolako gogorkeriaz. Inor interesez erabili. Inor ez torturatu. Giza eskubideak errespetatu. Inor ez izutu meha­txu bidez. Inor ez iraindu. Norberaren jarrerak zalantzan jarri eta besteenak ezagutzeko prest azaldu. Gezurrik ez esan. Komunikabideak ez manipulatu. Gauzen eta pertsonen balorazio objektiboa egin. Gogorkeriaren aitzakian, ideiak ez gai­tzetsi. Gogorkeria eta heriotza ez erabili interes politikoen mesederako. Zerrenda azkengabekoa osa daiteke; are gehiago hauteskunde-garaiak hainbeste hitz eginarazten digunean.

Nolanahi ere etorri da galderetatik eta hitzetatik egintzetara pasatzeko garaia. Joan Bataitzailearen hitzek gaur ere nabarmen egiten dute beren deia. Azterketa sakonak egintzetara bideratzeko une larria da. Bestela, ez dugu Eguberririk izango. Bestela, ez dugu bakerik izango. Bestela, beti lehenean jarraituko dugu, beti galdezka, beti aztoraturik, beti ustezko asmo onez, beti besteei eskatzen, beti ideologia handietan, beti betiko betikoetan.

Jesusek Espirituaren berrialdia eskaintzen du bere etorrerarako. Badator dena berrituko duena. Etorri da Berri Ona. Zer egin behar dugun? Galderetatik egintzetara pasa! Horixe!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.