AbenduaB 4: Mariaren harridura

Maria-Isabel(Igandeko ebanjelioa: Lk 1, 26-38)

Eguberri gainean izanik, zer Maria baino irudi hoberik, alde batetik Jainkoaren egintza ikusteko eta, bestetik, gure jarrerak sendotzeko? Abenduko azken egunotan, Mariaren edertasun betea sumatzen dugu litur­gian, irakurgaietan bereziki. Elizak Mariaren argazkia jartzen digu Eguberriko esperientziarako eredugarri.

Begira diezaiogun, beraz, Mariari. Aurrena, entzumen irekia. Maria ez dago lo. Jainkoa mintzatzen zaionean, entzule aurkitzen du, bihotz-zabal, prest. Entzun, baina, bere errealitate apalaz jabeturik entzuten du. Bere burua ezerez ikusten du, ez daki nola gerta daitekeen Jainkoak esaten diona, bere mugak aurrean jar­tzen dizkio Jainkoari; baina mugak ere irekiak, bai baitaki Jainkoak muga guztiak gaindi ditzakeela. Eta, azkenik, esaneko, obediente, Jainkoak nahi duenari mirabe.

Eta prestasun, beldur eta esanekotasun guztiak biltzen dituen jarrera ederrean ikusten dugu Maria, harritua, txunditua. Harridura horrek dei nabarmena egiten digu gaur egungo kristauoi, geure kristau-bideetan asperturik eta ohiturik gabiltzanoi. Harriduraren ezean, ez dugu ezer berrituko, ez edertuko.

Harritzea, hala ere, ez da dekretuz egiten den zerbait, ez da erabaki baten ondorio, ez da une bateko jarrera bilatua. Harridura bihotz iraulia da, eskema apurtuen poza da, bihotz gaindituaren zoramena da. Eta, iruditzen zait, harridurarako bideak itxita dauzkagula aspaldian, ikusteko denak ikusita baitauzkagu. Ez dugu ezer berririk espero, ez dugu inor ezezagunik espero. Eta, hala ere, aurreko igandean Joanek esaten zigun: «Bada zuen artean norbait ezagutzen ez duzuena». Asko dakigu hartaz, baina ezagutu apenas!

Eta hor dago arazoa edo tragedia: dena dakigula Jesusi buruz, egiak badakizkigula; baina egiazkoa falta dugula, egiazko esperientzia, egiazko harremana. Egia denak eduki eta egiazkoa falta!

Gaurko Elizak –eta eliztarrak– harridura sortzea bilatu behar du nola edo hala. Eta, horretarako, egiazkoaren ibilbidea zehaztu eta adierazi behar die fededun guztiei eta bakoitzari. Mariak gaurko ebanjelioan marrazten digun koadro hori berregin dezagun gurean: Jainkoa eta zu elkarrizketan, horretarako belarriak irekiz; zeure errealitate apaletik, Jainkoak dena gaindi dezakeela uste izanez; eta obedientzia librean, Jainkoaren esku utziz zeure bizitzarekiko azken hitza.

Eta, jakin seguru, Jainkoak harritu egingo zaitu, txunditu egingo zaitu. Uste ez duzuna eta uste ez duzun bezala gertatuko zaizu. Eguberri gertatuko zaizu. Ez dituzu beharko kanpoko akuilagarriak, barrutik izango baituzu su aski, zure pozaren mugak erre eta errealitate berrira jaikitzeko. Jainkozko mundu berrira zabalduko zaizu bihoitza, eta zurean jainkozko errealitatea jaioko da. Ba ote ezer harrigarriagorik!

Gaurko Elizari harridura falta zaio, nire uste apalean. Eta Eguberririk ez dugu izango, hark harritzen ez gaituen bitartean. Izan bekigu ikasbide Mariaren harridura!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.